Klima, etorkinak eta gu

By , 2018/03/20 17:56

Gaurko Europak ene ustez bi arrangura eta kezka nagusi baditu, edo bederen gogoan eduki behar lituzke: alde batetik klimaren aldaketa, bestetik etorkinen uholdea. Ez idurian, biak elgarri lotuak daude, Frantses Aita Sainduak azpimarratzen duen bezala. Etsenplu bat larria hor dugu denek begien bistan: Siriako gerla. Nola piztu zen? Duela zazpi urte, hango jendea asaldatzen hasi zen laborariak trumilka hiri bazterretarat bildu zirelarik, miseriak kanpaña baserritik haizaturik: urte zenbaitez segidan idorte dorpeak jasanak zituzten, ondasun guziak galdu arte, salbu bistan dena urik gabean uztarik emaiten ez duen lur gaixoa, jendea bezain eria.

Afrikan ere zinez ageri dira klima aldaketaren kalteak. Sahara desertuko bi aldeetarik, iparretik eta hegotik, basamortua hedatzen ari da, idortea luzatuz doan arau. Abereak ezin bazkatuz, laborari franko beren lurrak eta herriak utzirik, hirigune bazterretan metatzen dira, eta gazteak lanik han ezin aurkituz, Europarantz abiatzen burrustan, bereziki Libia zeiharkatuz, berriemaileek salatzen dizkiguten baldintza latzetan.

Siriako ihesliar gehixenak ez zaizkigu Europara heltzen: Alemaniarekiko tratu baten ondorioz, Turkiak bere mugetan atxikitzen ditu, miliun pare bat arrotz aterbetuz. Libanon eta Jordanian metatzen dira beste hainbat. Beraz datozkigun etorkinak beste lurralde batzutarik ditugu, bereziki oixtion aipaturiko Afrikatik. Mediterraneo itsasoa ontzi txar batzuetan ahal bezala pasaturik, Eruropara heltzen dira, Grezian eta Italian metaka leihorreratuz, hein apalago batean Espainian, dela Kanariar uharteetan lurreratuz, dela Maroko bazterreko Ceuta eta Melilla oraino espainiartzat ekarriak diren itsas portu haietan gibeletik sartuz.

Europa Batuak hiru herrialde horiek oso guti laguntzen ditu etorkinen harreran. Alderantziz, Dublineko hitzarmen delakoari esker, sartzera uzten dituztenak – baina pratikan hauturik ez dute – Estatuek beren mugetan atxiki behar dituzte. Holaz Niza aldeko mugan Italiatik Frantziara pasatu nahi direnei frantses poliziak sargia hesten die. Ber lana egiten du Calais aldean, haatik ifrentzuz, Ingalaterrako bidea hetsiz erresuma horren zerbitzuko: lan tzarra beraz frantsesentzat, berearekin aski ez balute bezala.

Europa Batuak bere lana ez du egiten hor, etorkinen aferan elkartasunera ez da heltzen. Eta lehenik Estatuek, Alemaniak salbu, bederazka ez dute ahal dutena betetzen: ekialdekoek deus ez, Frantziak zerbait gehiago, haatik ez erraiten duen bezainbat. Eta guk zer? Bi eginbide nagusi ditugu gain horretan entzun dugunaren ildotik: alde batetik gure klima zaindu behar dugu zuhurki biziz, bestetik etorkinen alde ahal duguna egin, hala nola horien urgazle diren elkarteak lagunduz gure boltsaren arabera.

Afrikaren garapena sustatzen duten erakunde pribatuak ere hor ditugu, adibidez “CCFD-Terre Solidaire” taldea, amoregatik eta hango gazteak beren lurraldean bizi ahal ditezen, afrikar jendartea biziaraziz ber denboran. Horiei ere eskukaldi baten emaitea ez ote litzateke Garizumarik hoberena? Eta ez dezagun ahantz gure politikari nagusien zirikatzea, bai klimaren alde, bai etorkinen alde gehiago egin dezaten.

J-L. Davant

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu