AITA SAINDUAREN IKUSPEGI ….

By , 2017/11/28 12:47

FRANTZISKO AITA SAINDUAREN

IKUSPEGI TEOLOGIKO ETA PASTORALAK

 

Segitzen dut agorrilaren 10eko eta urriaren 12ko HERRIAn (N° 3413 eta 3420) “Herriaren Teologia” hasi sailarekin, Juan Carlos SCANNONE jesuita argentinarrak iragan apirilean argitaratu “Herriaren teologia” (Ed. Lessius) liburua aztertuz.

Ikusi ditugu liburuaren lehen zatian idazleak egin hurbilketa historikoa eta bigarren zatian  aztertu herri teologiaren alderdi inkulturatua. Liburuaren hirugarren eta azken zatian J.C. Scannone-k zehazten ditu Aita Sainduaren ikuspegi teologiko eta pastoralak. Hau da nere gaurko solasa.

Frantziskok Herriaren teologiaren oinarriak (kultura, inkulturazioa eta herri debozioa) bere gain hartzen ditu, eta hortik abiatuz egiten du bere ekarpen pertsonala, ez bakarrik herri pastoraltzari eta Elizaren gobernuari, bainan ere justizia, bakea eta guzien on unibertsala bilatzen duen politika nazionala berdin nazioartekoeri. Erran daiteke aitzina eramaiten duela Batikano II.ren burutu gabeko agenda, paradigma sozio-kultural berri bat ekarriz.

Lehen lehenik “bazterketaren eta zuzengabekeriaren ekonomiari ezetz” erran behar diogu gaur. Hil egiten du ekonomia horrek”, baztertuak sortzen, erran nahi baita hondakin “soberakinak” (EG 53). Ezetz ere “axolagekeriaren globalizazioa”ri (EG 54), “diruaren fetixismoa eta aurpegi gabeko eta egiazko giza helbururik gabeko ekonomiari” (EG 55). Ezetz oraino  “merkatuen erabateko autonomia eta finantza-espekulazioa babesten duten ideologieri” (EG 56), berdin zerbitzatzeko orde agindu egiten duen diruari (EG 57, 58). Ezetz azkenik “gizarte- eta ekonomia-sistema zuzengabea”ri (EG 59).

Hori guzia aldatzeko, paradigma sozio-kultural berri bat proposatzen du Frantziskok, eta hortarako bi bide gutienez eskaintzen ditu: lehena aurkitzen da pobreen bizitzan eta lagunartekotasunean, eta bigarrena herri mugimenduetan.

Lehen bidea zehazten du, adibidez, Aita Sainduak Laudato Si entziklikan, “eguneroko bizitzako ekologia” aipatzen duenean (LS 147-155). “Miresgarria da nolako sormena eta eskuzabaltasuna duten pertsona eta talde batzuek bizi diren inguruneko mugak aldatzeko, bizi dituzten baldintzen ondorio txarrak hobetzeko eta nahaspilaren eta eskasiaren erdian beren bizitza bideratzen ikasteko” (LS 148). Jokaera antisozialetara eta indarkeriara eraman dezaketen eskasia handiko auzuneetan, “hala ere, behin eta berriz erran nahi nuke maitasunak indar handiagoa duela” (LS 149).

Herri mugimenduak aldien ezaugarri bezala ikusten ditu Frantziskok. Bazko argi izpiak ikusten ditu pobreak historia eragile bihurtzen direnean, justiziaren alde indarkeriarik gabe borrokatzeko agertzen duten sormenaz, diruaren idolatria ukatuz eta, gain gainetik, solidaritatea praktikatuz.

Azkenik, Frantziskok lau oinarri jartzen ditu bakezko, justiziazko eta haurridetasunezko Herriaren eraikuntzarako, Elizaren Irakaspen Sozialaren oinarrietarik sortzen direnak. Bakea ulertu behar da “gizakien arteko zuzentasun perfektuagoa dakarren ordena” bezala, “guzien erabateko aintzinabidearen fruitu” bezala (EG 219).

  1. Espazioaren gainetik dago denbora: “bekatu nagusienetarik bat izaiten da botere-guneak lehenestea, prozesuen denbora lehenesteko ordez… Denbora da espazioak zuzentzen dituena; argitu egiten ditu eta itzulbiderik ez duen etengabeko hazkundearen kate-maila bilakatzen” (EG 223). Irizpide hau ebanjelizatzeko ere arras egokia da.
  2. Gatazkaren gainetik dago batasuna: gatazkari buru egiteko molde egokiena da “gatazkaren sufrimendua onartzea, konpontzea eta ibilbide berri baten kate-maila bilakatzea” (EG 227). “Elkartasuna… historia egiteko era bat bihurtzen da…” (EG 228). Elkarrizketa da bidea, “topaketaren kultura” bultzatu behar da.
  3. Ideia baino garrantzitsuagoa da errealitatea: ideia eta errealitatearen “artean etengabeko elkarrizketaren beharra dago, ideia errealitatetik urrundu ez dadin lan eginez” (EG 231). Ideia esklusiboa bihurtzen denean, errealitatearen perzepzioa desitxuratzen du. Onezia eta zuhurtzia behar dira hortarako, mundutarkerian ez erortzeko. Izan ere, batzuk “besteak baino gehiago direla uste dute, arau jakin batzuk betetzeagatik edota iraganari dagokion katoliko izaiteko era batekin leialtasun hautsezina dutelako. Elitismo narzisista eta autoritarioa dakarren ustezko segurtasun doktrinal eta diziplinarioa da; ebanjelizatu beharrean, besteak aztertu eta sailkatu egiten dira, eta graziarekiko bidea erraztu beharrean, besteak neurtzen agortzen dira indarrak” (EG 94).
  4. Zatiaren gainetik dago osotasuna: “globalizazioaren eta tokian tokikoaren artean ere bada tirabira” (EG 234). “Eredua poliedroa da, berezko izaitea gordetzen duten zati ezberdinen batura baita. Ekintza pastoralak zein ekintza politikoak poliedro hortan altxatu nahi dute bakoitzaren onena” (EG 236).

Lau oinarri horiek dizernimendurako irizpide gisa erabiltzen ditu Bergoglio-k. Diego Fares-ek dio “entzuten duten begiak” dituela. Eta erranaldi hunekin bururatzen du bere liburua J.C. Scannone-k: “Bergoglio ez da bakarrik herriaren aita saindua, aldien ezaugarrien dizernimenduaren aita saindua ere bada”.

 

                                                                                                                                 Peio Ospital

                                                                                                                                 2017-11-27

 

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu