Eta Jainkoa gurekilako balitz?

By , 2017/11/27 11:12

Eta Jainkoa gurekilako balitz?

Lurdeko agerpenak ohargarriak dira Andredena Mariak Bernadetari egin zizkion irriengatik. Benoit XVI. Aita Saindua 2008an Lurdera jin zenean, gertaera hori aipatu zuen erranez “… irria…, ate egokiena balitz bezala bere misterioan sartzeko…”. Hitz horiek Jesusi jarri genituen, Jesusen misterioari hurbiltzearren, joan den aldian(1) Jesus gurutzefikatuaren irudi bat azaldurik, ez usaian bezala odolez eta oinazez josia baina, itxura guzien kontra, irriñoa aurpegian. Oroigarri jarri dugu berriz hemen harritzeko irudi hori.

Baina argazki bat aski litzateke Jesusen misterioan sartzeko? Pentsa ezetz!… Munduko idazki eta argazki guziak ez lirateke aski ez eta ere, norbaitek erranik, zeruko eternitate guzia!… Gaur gaineratzen dugu Jesus irudikatzen duen argazki bigarrena. Azkena izanen da halere hemen, Jesusen misterioari hurbiltzeko bigarren aukera emanen daukuna. Aldi huntan haur bat ageri da negarrez bakar-bakarrik Siria suntsituaren erdian abandonaturik, haurrak baitira, hain zuzen, xumeen eta errugabeen artean, puxanteen erokerien lehen biktimak… «Egiaz diozuet: nere haurrideak diren ttipien hauetarik bati egin diozuen aldi guziz, nihauri dautazue egin».  (Matiu 25,40). Ebanjelioko hitz hauek oihartzun ikaragarria hartzen dute argazki horri begira. Ez da dudarik: Jainkoa da, xumea eta errugabea, Gaitzaren lehen Biktima!…

Urrun gira Eden baratzeko Jainko zigortzaileaz, iduri barrandan noiz Adam eta Eva bekatuan eroriko. Eritasuna, zigorra, herioa nahi lituzke Jainkoak guretzat? Gizaki bakar bat al du erail? “Bainan Jesusek eskutik hartu eta oihu egin zuen: «Haurra, iratzar zaite»” (Luk 8,54). (Haurra hila zen). Gizaki bakar bat kondenatu al du? “…Nik ere ez zaitut kondenatzen.” (Joani 8,11). (Denbora horretan emaztearen adulterioa bekatu ikaragarriena zen blasfemioarekin batera). Gizaki bakar bat eriarazi al du? “Urrikaldurik, Jesusek eskua luzatu eta hunki zuen, erranez «Nahi dut, izan zaite garbitua.»” (Mark 1,41). (Legendun baten hunkitzea ikaragarrikeria zen, biziki kutsakorra baitzen eritasuna). Okerrean daude uste dutenek Jainkoak, Gaitzaren lehen Biktimak, nahi duela jendeak sufriaraziz, kondenatuz, zigortuz eta erailez, gozatu heien auhenez.

Alta sufrikarioz, bortizkeriaz, herraz betea da mundua. Iduri du Gaitza dagoela Lur huntan jaun eta jabe epe luzerik luzenean. Maurice Zundel-ek(2) ezin hobeki ematen dauku atsegin(3): “Zer nahi izanik, gaitza da ezin baztertuzko problema. Jazarraldira, suizidiora, Jainkoaren ukatzera eramaten ahal gaitu. Akusazioak ez du sekula erantzunik ukanen, NON JAINKOA GUREKILAKO EZ DEN”(4).

David Acheriteguy

(1) Ikus joan den agorrilaren 3ko kronika.

(2) Maurice Zundel (1897 – 1975), itzal handiko apez suitzarra, teologoa eta mistiko handia.

(3) Maurice Zundel – Je ne crois pas en Dieu, je le vis – Le Passeur éditeur, 2017, 142. orrialdean.

(4) “NON JAINKOA GUREKIN ADOS EZ DEN”. Pasarte hori hitz larriz idatzia da liburuan.

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu