Hergaraiko azeri zaharra

By , 2017/11/07 17:33

Alegia batek dio, halako batez, izigarriko negu gorriren aztapar zorrotz izoztuek bortxatu zutela azeri zahar gosetia Garaziko mendietarik Hergaraiko etxalde bazterretara. Bidenabar, goi gune batetan, arkume hil-berri batekin bekoz-beko gertatu zen. Hain segur laborariek utzia, saiek jan zezaten.

Ustegabeko maukaz baliaturik, jaten hasi eta lehen gosea eztitu orduko, azeria ohartu zen  otso aldra bat hurbiltzen ari zitzaiola haragiaren haizea harturik.

Azeria, harrapakina hortzen artean hartu-ta, zalukara urrundu zen. Eta erreka bazterreko zilopa batean  karkasa gorderik, berriz bide bazterrera atera. Hantxe, haritz pean lasai jarri zen,  ezpainak milikatuz, pokerka, alegia asebetea. Otsoak saldoan jadanik hor:

  • Azeri ! Iduriz hemen bada jatekorik !
  • Jatekorik ? Hemen ez ! Baina behereko etxe bazterretan baduzue nahi bezainbat ardi,  bildots eta marro ! Ni, ederki haragi freskoz aserik, handik heldu nauzue. Ardi hilak pentze bazterreko sasietara botatzen dituzte.

 

Otsoak, berria jakin bezain laster, tiroan lekutu ziren, bidean behera. Haien tarrapatari oharturik, gatu pitots bat ausartu zen bideska beretik. Azeria kurutzatzean, berri ona jakinik, gain behera hura ere. Gero beste azeri pare bat gertatu zen, jakin nahiz zeri zor zitzaion animalien bapateko presa. Zerbait jateko bazenetz. Baietz bazela zer jan: ardi hilak pentze bazterretan ihaurri. Haiek ere bidean behera xixtu bizian.

Azeria pentsaketa hasi zen:

  • Denek sinesten nitek. Baina bitxia zaitak halere, nolaz gezur xoil batek horrenbeste animalia mugiaraz dezakeen !! Ene gezurra egia bilakatu bide duk ! Nork daki nik errana ez denetz egia ?

       Horrela  gure azeri zaharrak ere hartu zuen herriko bidea, ahalik eta lasterren, ustez eta berak erran gezurra egia zen!

 

Horra nola gezurrak indarra hartzen duen errepikatzearen bortxaz, egia bilakatzeraino.  Gezurtaria bera sinesle bilakatuz.

Bada eginmolde bat, batez ere media nagusi eta sare sozialetan, orain zabaldua dena. ‘Egia-ostea’ deitzen dutena, (frantsesez post-vérité, ingelesez: post-truth). ‘Egia osteak’ erran nahi du egiazko gertakariari ez zaiola kasu handirik egiten, bainan bai inguruan sortzen dituen  emozioeri: gutiziari, sineskeriari, berdin herrari, mendekuari, maizenik beldurrari. Hergaraiko bazterretan haragirik baden edo ez, ez da kontua, horren inguruan azeri ahoberoak airatu duen errautsa,  sortu duen zurrunbiloa, hori bai.

Errex zabalduko dauzkigute ustegabeko berri harrigarri eta eskandaluak, alde jakin bateko interpretazioekin. Edozein erdi-gezur erraitea, bere kontestutik kendurik, bidezkoa da  ardietsi nahi dena lortzeko. (Demagogia !)

Diote Brexita bozkatu duen Bretaniar ainitzak ez duela Europatik atera nahi, baina bai sistema aldatu edo zigortu. Horrelakoxea omen da Trumpen eta Le Pen-en alde bozkatu duen gehiengoa. Bozkatzaile mota horrek ez du pentsatzen bozkatu duen hautetsiak irabaz dezakeenik. Indarrean dauden hautetsiak zigortu beharra besterik ez du helburu ! Gero bai urte luzez, frustrazioak, nahigabeak eta damuak marruskatu beharko. Eta makurrena hau da: Hergaraiko azeriak, sasi guzietakoek bezala, ez diola egundaino utziko azeri izaiteari  !!

 

Johanes Bordazahar

 

 

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu