Hergaraiko azeri zaharra

By , 2017/11/07 17:33

Alegia batek dio, halako batez, izigarriko negu gorriren aztapar zorrotz izoztuek bortxatu zutela azeri zahar gosetia Garaziko mendietarik Hergaraiko etxalde bazterretara. Bidenabar, goi gune batetan, arkume hil-berri batekin bekoz-beko gertatu zen. Hain segur laborariek utzia, saiek jan zezaten.

Ustegabeko maukaz baliaturik, jaten hasi eta lehen gosea eztitu orduko, azeria ohartu zen  otso aldra bat hurbiltzen ari zitzaiola haragiaren haizea harturik.

Azeria, harrapakina hortzen artean hartu-ta, zalukara urrundu zen. Eta erreka bazterreko zilopa batean  karkasa gorderik, berriz bide bazterrera atera. Hantxe, haritz pean lasai jarri zen,  ezpainak milikatuz, pokerka, alegia asebetea. Otsoak saldoan jadanik hor:

  • Azeri ! Iduriz hemen bada jatekorik !
  • Jatekorik ? Hemen ez ! Baina behereko etxe bazterretan baduzue nahi bezainbat ardi,  bildots eta marro ! Ni, ederki haragi freskoz aserik, handik heldu nauzue. Ardi hilak pentze bazterreko sasietara botatzen dituzte.

 

Otsoak, berria jakin bezain laster, tiroan lekutu ziren, bidean behera. Haien tarrapatari oharturik, gatu pitots bat ausartu zen bideska beretik. Azeria kurutzatzean, berri ona jakinik, gain behera hura ere. Gero beste azeri pare bat gertatu zen, jakin nahiz zeri zor zitzaion animalien bapateko presa. Zerbait jateko bazenetz. Baietz bazela zer jan: ardi hilak pentze bazterretan ihaurri. Haiek ere bidean behera xixtu bizian.

Azeria pentsaketa hasi zen:

  • Denek sinesten nitek. Baina bitxia zaitak halere, nolaz gezur xoil batek horrenbeste animalia mugiaraz dezakeen !! Ene gezurra egia bilakatu bide duk ! Nork daki nik errana ez denetz egia ?

       Horrela  gure azeri zaharrak ere hartu zuen herriko bidea, ahalik eta lasterren, ustez eta berak erran gezurra egia zen!

 

Horra nola gezurrak indarra hartzen duen errepikatzearen bortxaz, egia bilakatzeraino.  Gezurtaria bera sinesle bilakatuz.

Bada eginmolde bat, batez ere media nagusi eta sare sozialetan, orain zabaldua dena. ‘Egia-ostea’ deitzen dutena, (frantsesez post-vérité, ingelesez: post-truth). ‘Egia osteak’ erran nahi du egiazko gertakariari ez zaiola kasu handirik egiten, bainan bai inguruan sortzen dituen  emozioeri: gutiziari, sineskeriari, berdin herrari, mendekuari, maizenik beldurrari. Hergaraiko bazterretan haragirik baden edo ez, ez da kontua, horren inguruan azeri ahoberoak airatu duen errautsa,  sortu duen zurrunbiloa, hori bai.

Errex zabalduko dauzkigute ustegabeko berri harrigarri eta eskandaluak, alde jakin bateko interpretazioekin. Edozein erdi-gezur erraitea, bere kontestutik kendurik, bidezkoa da  ardietsi nahi dena lortzeko. (Demagogia !)

Diote Brexita bozkatu duen Bretaniar ainitzak ez duela Europatik atera nahi, baina bai sistema aldatu edo zigortu. Horrelakoxea omen da Trumpen eta Le Pen-en alde bozkatu duen gehiengoa. Bozkatzaile mota horrek ez du pentsatzen bozkatu duen hautetsiak irabaz dezakeenik. Indarrean dauden hautetsiak zigortu beharra besterik ez du helburu ! Gero bai urte luzez, frustrazioak, nahigabeak eta damuak marruskatu beharko. Eta makurrena hau da: Hergaraiko azeriak, sasi guzietakoek bezala, ez diola egundaino utziko azeri izaiteari  !!

 

Johanes Bordazahar

 

 

Haurridetasuna Ebanjelioaren lekuko

By , 2017/11/01 17:40

 

 Joan den urriaren 4an hogeita hamar urte bete ditut apeztuz geroztik. 1987an, ordinazio hori bizi izan nuen Gueret-en, ene euskaldun familia eta Euskal Herritik adixkideak jin baitziren egun hortan.

Creuse Departamendua Limoges-ko diozesaren barne da. Zer jendetze ? Orotarat 120.000 jende bakarrik, ez hiri handirik bainan herri ttipi ainitz eta berduratuak. Parropien erreforma egin zelarik herri horiekin guziekin, orotara 6 Parropia berri egin ziren. Parropia horietarik baten erretor naiz “Sainte Croix des Deux Creuse” deitu herrian, 47 ezkiladorre edo herrirekin, 80km luze eta 35km zabal. Bainan nola egin bakarrik ? Laikoak, herrietan, mobilizatuz artetan, sustut pesta handietan. Omiasainduz aurten, 30 herrietan izan dira zelebrazioak, doluan diren herriko familiekin, “argiaren liturjia” bat eginez. 60 giristino igorri ditut misiolari, beren herrietan besten laguntzeko.

Leku horietan biziki jende guti ibiltzen da elizan, salbu ehorzketetan. Aspaldiko denboretan jadanik oraikoen arbasoek utzia zuten elizako bidea. Beraz jendeen ezagutzeko, beren kultura konprenitzeko, jendetarat joan behar. Hasi naizelarik departamendu hortan, egin nintuen inkesta batzu herrietan eta ondorioak ezagutarazten. Horren ondorioz, hamar urtez departamenduko laborantxako eskola laikoan filosofia eta ekonomia eskolak eman nintuen. Geroztik, ezagutzen ditut laborari frango, teknikalari eta bertze eta haieri asko hurbil gelditu naiz.

Ikusiz laborarien nekeak herri horietan, bereziki behi hazkuntzan ari direnak, zerbait egin beharrez, lagun batzuekin elkarte bat bultzatu dut, “Agriculteurs de Creuse en Marche”. Parropian berean, ikusgarri bat muntatu dugu “EXPO GEO”. Lurra bildurik herri bakotxean, horgo auzapezek laguntza emanez, erakusterat eman dugu gure batasuna gure aniztasun edo desberdintasunekin. 3 hilabetez uda hontan 700 presuna jin dira ikusterat, horien artean bai Prefeta eta bai Apezpiku berria ere. Orai ikusgarri hori herriz herri dabil mintzaldi zonbeit lagun. Joan den irailean bertze gertakari bat antolatu dut: bertze ekipa batekin “Séminaire d’Agroécologie” bat hiru egunez. Anitz jende bildu zen mintzaldi eta etxalde bisitaldietan. Esperantza dugu segituko dugula laborari eta konsumitzaileen artean lokarri gehiago sortzen, batzu ala besteak hobeki bizi daitezen ingurumen berri batean.

Bestalde inguru horietako Elizak badu helburu bat, edozoinekin anaitasuna egitea, elgar laguntzeko, elkartasunean, argi gehiago jin dadin denen bizian. Helbide hori bera nuen Afrikan ibili izan naizelarik. Tchad herrialdean 9 urte segidan pasatu ditut eta geroztik, anitz lokarri atxiki, harat usu itzuliz, eta handik zonbeitzu jinez hunat kasik urte guziz. Berrikitan erretreta bat eman dut hango 32 apezeri, gehienak gazteak.

Uste dut gure munduak haurridetasun horren behar azkarra duela. Fededunek eta Elizak hortarako gustu eta atsegin badugu. Usaia xaharrak ezin utziz, aldiz beldurra ere artetan ez-ezagunak ditugunen kontra, deskuraiamendua ere, ez jakinez nundik hasi.

Elgar bilduz helbide on batekin, Ebanjelioaren berri onak lagunduz, barneko indar guziak elgarrekin ezarriz, segur, gure mundua hobetuko da eta gure itzulian diren guziek, geroari buruz, konfiantxa gehiago hartuko dute.

Jean-Michel Bortheirie

 

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu