Orria, amets bat baino gehiago.

By , 2017/10/24 16:56

Iluna da oraino. Langar heze batek inguratzen gaitu. “Hemendik duk!” dio lagunak esku argi bat pizten duela. Zuhaitz goibelak sumatzen dira. Aski zut izanagatik ere, gure bideak soropil bat dirudi, ardiek moztu berria. Goraxago gurutzatzen ditugu mendizain hauek, haize gerizan tinki tinki etzanik. “Txauri txauri!”ezti batek gelditzen du abian zuten mugimendua; gure bidetik baztertuz uzten ditugu beren gaualdiaren segitzen, goxoan.

Esku argiaren beharra ttikitzen ari da. Bainan iduzki agertzerik ez gaurkoan. Langarra baino gehiago euri zirri-mirria ote den? Laboaren “Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean” terrenta batean lelokatzen du gogoak, gero ta lasaiago, libreago.

Orai zangopilatzen dugu, egiten ari den lur gizen bat, jazko pago hosto metak mikro organismo baliosek lur ustel bihurtzen dituztela. “Eskerrak zueri!”

Gure baitako bertze bakterio batzuek ere lanean ari nahi dute: “Horko ihiztari ttatola hortan gosalduko diau, leihorrean!” Piper omeleta, xingar zafla, gasna xerra, ogi “axal gogorra”, baso bat arno, oinak Lurrama sendoaren kontaktuan, lagun bat, hemengo lurrak hazia, egina, “patxa mama” bezain sendo, hemen sortu den mintzairan ari… “Ze behar da geio?”

“Lindux hor berean diau, bixta zoragarria duk gain hortarik; gaur ez dik balio kaxkora joaitea! Mazel hortarik zeharkatuko diau!”

Laster oihan barneko biderri ertxi bat; lehen otomoilak: lau orotara. Gidari guziek agur bat. Batzuek gehiago “ To, zu hemen? Beilara, segurraz ere….” Paradaz balia, gibelera etortzeko taxiaren segurtatzen hasten da laguna. “Ba, ba! Badugu tokia… batentzat!”

Hiru oren iragan dira. Peko aldean hor da Orreagako monasterioa. Toki historiko batean errotua.

Zipatuak gare bainan ez dugu hotzik. Aldatzeko aterpea atzeman, zaku barneko plastikazko poltsatik arropa idorrak atera eta elizara, mezako tenorea baino oren erdi bat lehenago. Barne guzia kokorreraino betea; jadanik. Jende anitz xutik. Aitzinatu, badaezpada, ezta! Pareta baten kontra xutik, nire eremua zaindu. Lagunak tokia segurtatua du… aldare gibelean. Badu astia, ongi baliatzen du, bazkaltzeko tokia erreserbatuz, gibelerateko xofurra aurkituz, gurekin bazkalduko dena gainera, Garraldako bidean.

Apezak sartzen dira, Artzapezpiku bat meza emaile, jendeak ezin hobeki kantatzen duela: Zu Eliza Krixtok bildu jendea. Mezak euskara hutsean segituko du, buruen buru, Michel Cartatéguy-ren predikua barne. Ze kartsutasuna, ze gozamena ! Dena hitz baikor eta errespetuzkoak. (Ez Andredena Mariz entzun ditugun horietarik, azalpenik gabe DAESH-en aldarrikapenen pare gelditzen baitira « Kristoren baitan guziak bizirat itzuliko dira… lehenik Kristo; gero, Kristorenak… Gero,… Kristok, gaizkiaren nagusigo, indar eta botere guziak ezeztatu ondoan, Jainko Aitari erregetza itzuliko diolarik. Kristok errege izan behar baitu, Jainkoak etsai guziak haren oinen pean ezarri arte…)

Orriako Ama, ama paregabea, betikotz da zurea Eskualdun jendea. Mendi gain hortarik, oi nehor gutarik, ez utz zure ganik, urrunt ditakenik”… dio kantikak. Urruñan « agertu » den euskal mitologiako Mariren mezua bezain kartsu, bertze gisa batean.

Gero bazkari eder bat, merke, gure xofurra gurekin genuela, Urepeleko artzain bat, Xalbadorren bertsu zorrotzenak noiz nahi, baina beti apropos partekatzen zituela, gainera, istorio pollit batzu kondatuz, « lehengo modan » erranen luke kostaldeko batek : « Holakoak, halako batez, ateraldia hau egin zian… »

Zerbitzaria euskaraz ari ederki, Orreagan mendez mende dirauen euskal gudu edo kataskari hurbilekoa, bere osaba torturapean hil baitzen…

Arratsaldean bezperak : arrosario bero, salmo bikain, kantu eder. Goizean bezala eliza bete betea, gainezka.

Gibeleratekoan, ilun eta laño pean ikusi ez genituen guziak agerian. «  Horra parabisua ! » dio xinpleki artzainak bidearen erdian geldituz. Etxalde hortan hau, eta hartan hura, ari dira elgarri, bueltta batez, bi lagunak, Aldudarra eta Urepeldarra, Uhaldekoa eta Biperrenekoa…

Bai euskal lur emankorrak dirau, izadiaren, jendeen, abereen lanari esker, eder eta sano, sortu dituen mintzaira, sinesmen, kultur, nortasun, asmoak bizirik.

Itsas-hegia gogoan, bai eta euskararen egoera, Elizarena, amets bat zirudien buruileko lehen asteazken horrek.

Amets bat baino gehiago?

Mandio

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu