« Droit de cuissage ? »

By , 2017/10/24 16:46

Usantza itsusi horrek izenik ez du euskaraz, ene jakinean bederen. Gisa batez hobe ! Dena dela, bego frantsesez. Sabuespenez kanpo, jendeak uste du Erdi Aroan tokiko jaunak bazuela delako eskubidea (üzkübidea ?) : hots ezteietako gauan andere ezkonberriarekin oheratzekoa. Haatik historiazaleek afera xuritu dute : holako dretxo eta zuzenik ez dela behin ere izan erresuma hauetako legedian. Aitzitik, auzitegietako paper zaharretan ikus daiteke jaun batzu kondenatuak izan zirela botereaz baliatu zirelako beren meneko andre batzu sexu harremanetara behartuz. Elizako buruzagiak zinez kilika ziren sexuko gauzetan eta indar handia zuten jendartean. Gero XVIII. mendean, Voltaire eta Beaumarchais idazle handiek mitoa erabili zuten jauneriaren zikintzeko. Halaber XIX.an errepublikanoek errejimen zaharraren desohoratzeko.

Gaiaren aipatzera zerk naraman : egun hauetan eskandala gorria dugu irrati, telebista, kazetetan, Hollywoodeko zinegile baten inguruan, andere aktoreak trumilka jaiki baitzaizkio bere peko zituenean sexu harremanetara behartu zituelakoan, zenbait klarki bortxatu ere dirudienez. Kasu berezi horretarik aho-mihizko auzia hedatu da aburu publikoan : ez dela segur bakarra, bereziki zinemaren inguruko lanbideetan. Jaun horrek izari guziak gainditu dituela naski, baina beste neurri batean ez dela usaiaz kanpoko egitatea zinemako munduan, orokorkiago artisten munduan : lanaren truke gisa horretako tratamendurik inposatzen zaiela andere gazte askori.

Mundu horretarik kanpo ere, buruzagi batzuen oilarkeria zakarra ez omen da ohiz kanpokoa. Gizon batzu emazteen jabe balira bezala jokatzen dira neholako errespeturik gabe, gainera ez bakarrik nausien lerroan, baina langileen artean ere. Badira, eta ez guti, beren botere txikiaz baliatzen direnak ozka bat beherago diren andere langile lagunen behartzeko, edo gorputzeko indar soilaz beren mailakoen harrapatzeko. Egitate tzar horiek ez omen dira salbuespenezkoak. Jadanik sumatzen ziren jendartean, bainan orain argi betean agertzen dira, emakumeak beren ohiko ahalgetik jalgitzen ari baitira, zirikatzaile « urde / zerriak » salatuz komunikabideetan, baita gero eta gehiago auzitegietan ere.

Botere publikoak, buruzagi politikoak eta hautetsiak auzian sartzen dira gero eta gehiago, berriki egina den legedia zorroztu nahiz, metroko eta karrikako zirikatzaileak ere miran hartuz. Funtsean andreen berdintasuna da jokoan.Urrats handiak egin dira, bereziki legeetan, baina maiz paperean egoiten dira. Praktikan bide luzea gelditzen zaigu aitzinean mundu patriarkal eta matxista batetik ateratzeko, munduko eskualde aitzinatuenetan ere, zer erranik ez gibelatuenez, asko baitira. Lan horretan parte hartu behar dugu gizonek, bereziki emakumeei buruz dugun ikuspegia hobetuz : ez daude gure meneko, ez dira gure tresnak, ez gara horien ez eta inoren jabeak. Sexura mugatuz egungo, naturatik dugun horrek ez gaitzala goberna ; guk dugu hori gobernatu behar, gainerako guzia bezala arrazoinaren meneko atxiki, eta ez arma bat bezala erabili, beste animalia arrek baino sordei eta pisago.

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu