Herriaren teologia 2017-08-07

By , 2017/08/10 12:32

Nere aldi huntako solasa izanen da Juan Carlos SCANNONE jesuita argentinarrak joanden apirilean argitaratu liburuaz berri emaitea. Liburuaren izenburua da “Herriaren teologia”, eta azpi-izenburua “Frantses aita sainduaren erro teologikoak” (“La théologie du peuple – Racines théologiques du pape François” – Ed. Lessius).

Juan Carlos Scannone filosofoa eta teologoa da, hispaniar eta anglosaxoi jendartean guziz ezaguna, Frantses aita sainduaren aspaldiko adiskidea. Gaitzeko obraren idazlea da. Frantsesez argitaratzen den lehen liburua da hau. Itzultzailea eta sar-hitzgilea da Francis Guibal filosofoa.

“Frantses Aita Sainduaren erro (edo sustrai) teologikoak” azaleratzean, ikerketa hunek adierazten du nundik datorren izpiritualki berdin intelektualki aita saindua: bere izan-molde eta lagunartekotasun propioaz bultzatzen duen “topaketaren kultura” aldien ezaugarri gisa irakur daiteke. Presuna orori eta herri guzieri mintzo da aita saindu hau: Izpiritua lanean da kultura desberdinetan, aldi berean unibertsaltasun partekatuaren dinamikan sartzera gomitatuz. Eta hori da hain xuxen zinezko teologia ororen xede azkena. Latindar Amerikako pobreen herri izpiritualtasuna probokatzailea ere izan daiteke modernitatearen “buru argituentzat”, hauek beren segurtamenen aiseriatik ateratzera gomitatuz eta etorkizunari elgarrekin buru egiteko bide berriak asmatzera deituz, beti testuinguru berezi batetik abiatuz eta hunen barnean kokatuz.

Hiru zati nagusi ditu liburuak: lehen zatia da hurbilketa historikoa, bigarren zatian aztertzen da herri teologiaren alderdi inkulturatua, eta hirugarren zatian agerian ezartzen dira aita sainduaren teologiaren eta pastoraltzaren alderdi erabakigarriak.

Aldi huntan lehen zatiaz ariko gira, gainez-gain. Argentinan, herri teologiaren bultzatzaile nagusienak bi dira: Lucio Gera eta Rafael Tello, eragin handia izan dutenak Bergogliok Buenos Aires-eko “txabola auzoetan” (bidonvilles) artzapezpiku zenean bideratu zuen herri pastoraltzan, behartsuen alderako lehentsasunezko maitasuna oinarritzat hartuz. Gera zendu zenean, 2012an, Bergogliok Buenos Aires-eko katedralean ehorztarazi zuen Batikanoko II. Kontzilioaren eta Medellin (1968) eta Pueblako (1979) latindar-amerikar Apezpiku Konferentzien aditu gisa ezagutuz. Eta urte berean Tello-ren dizipulu batek (P. Enrique Bianchi) bere “maisu” edo “erakasleaz” argitaratu liburua Bergogliok berak aurkeztu zuen.

Hasteko, ezinbestekoa da teologo hauen hiztegian hitzek duten erran-nahiaz ongi jabetzea. Hala nola “herria”. Herria bi zentzutara ulertu daiteke: herri-nazioa edo langile klaseak. “Argentinar eskola” lehen erran-nahiaz ari da: herria ulertu behar da ez lurralde edota klase sozial batetik abiatuz, baina bai kultura baten batasun anitzatik abiatuz, historia amankomun batean errotua,  ondasun amankomun partekatu bat bideratzeko xedearekin. Latindar Amerikari aplikatuz, pobreak dira beraien herriaren kultura propioaren zaintzaleak, beraien bizikidetza moldearen eragileak, guzien onerako izango den justizi eta bakezko proiektu historiko bat bultzatzen dute.

Herri pastoraltzaren teologiak ez ditu niholaz ere gutiesten gizarte gatazkak, baina “herria” ulertzerakoan batasuna du lehenesten. Abiapundua herriaren aintzinetikako batasuna da. Ondorioz, instituzio edota egitura injustizia herriari buruzko traizio bihurtzen da,  eta zapaltzailea da anti-herria. Herriaren erlijionea beraz, ebanjelizatze bide izaiteaz gain, giza askapenerako ahalbidea ere bada.

Askapen teologia orok bezala, argentinar joairak “ohartu – hausnartu – obratu” metodoa erabiltzen du, eta giza ala gizarte zientzien ekarpenak baliatzen ditu. Kondutan hartzen du ere jendarte zibilaren jazoera, merkatu ala Estadoaren ez-menekoa. Solidaritate edo elkartasun politikoa antolatzen da. Sareak sortzen eta indartzen dira. Justizia, bizitza, lana, kreazionearen errespetua, impunitate-eza… herri baten balore propioak dira, bainan ere “unibertsalgarriak”. Osagai modernoak gehitzen dira: laikoen erantzunkizun zabalagoa, bitarkekaritza eraginkorren bilaketa, Jainkoaren Hitz idatziaren herri interpretazioa, eliz-agintaritza molde partalierkorragoak… Osagai post-modernoak ere xertatzen dira: emazteen partehartze handiagoa, sare antolakuntza ez-piramidala, bizikizun ala lekukotasun pertsonalaren garrantzia… Eta hau guzia Jainkoaren Hitzaren argiaz argituz.

Gera-k (“herritik abiaturiko teologia” aipatzen du berak) argi esplikatzen du Elizaren pastoraltza ez dela soilik norbanakoeri zuzendua izan behar, baina bai herrieri ere: kulturak dira ebanjelizatu beharrak, berhatsueri (abandonatueneri) lehentasuna emanez. Ebanjelioa haragitu beharra dago, alderdi erlijioso eta kulturala kondutan hartuz, bainan ere soziala, politikoa, ekonomikoa…

Frantses aita sainduarentzat, horrek zinezko pastoral bihozberritzea (konbertsioa) eskatzen du. “Ebanjelizatzea” ez ditaike mugatu lehen iragarpenera. Epez kanpoko egiturekin akabatu behar da. Ebanjelizatzearen eta jende-garapen, justizi eta askapenaren arteko batasun dinamiko bat bideratu beharra dago Jainkoaren Erreinua gauzatzeko oraidanik lur huntan, nahiz eta behin betikoa ez izan oraino.

Irakurketa hunekin segituko dugu ondoko aldietan.

 

                                                                                                                                 Peio Ospital

                                                                                                                                 2017-08-07

 

 

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu