Herriaren teologia 2017-08-07

By , 2017/08/10 12:32

Nere aldi huntako solasa izanen da Juan Carlos SCANNONE jesuita argentinarrak joanden apirilean argitaratu liburuaz berri emaitea. Liburuaren izenburua da “Herriaren teologia”, eta azpi-izenburua “Frantses aita sainduaren erro teologikoak” (“La théologie du peuple – Racines théologiques du pape François” – Ed. Lessius).

Juan Carlos Scannone filosofoa eta teologoa da, hispaniar eta anglosaxoi jendartean guziz ezaguna, Frantses aita sainduaren aspaldiko adiskidea. Gaitzeko obraren idazlea da. Frantsesez argitaratzen den lehen liburua da hau. Itzultzailea eta sar-hitzgilea da Francis Guibal filosofoa.

“Frantses Aita Sainduaren erro (edo sustrai) teologikoak” azaleratzean, ikerketa hunek adierazten du nundik datorren izpiritualki berdin intelektualki aita saindua: bere izan-molde eta lagunartekotasun propioaz bultzatzen duen “topaketaren kultura” aldien ezaugarri gisa irakur daiteke. Presuna orori eta herri guzieri mintzo da aita saindu hau: Izpiritua lanean da kultura desberdinetan, aldi berean unibertsaltasun partekatuaren dinamikan sartzera gomitatuz. Eta hori da hain xuxen zinezko teologia ororen xede azkena. Latindar Amerikako pobreen herri izpiritualtasuna probokatzailea ere izan daiteke modernitatearen “buru argituentzat”, hauek beren segurtamenen aiseriatik ateratzera gomitatuz eta etorkizunari elgarrekin buru egiteko bide berriak asmatzera deituz, beti testuinguru berezi batetik abiatuz eta hunen barnean kokatuz.

Hiru zati nagusi ditu liburuak: lehen zatia da hurbilketa historikoa, bigarren zatian aztertzen da herri teologiaren alderdi inkulturatua, eta hirugarren zatian agerian ezartzen dira aita sainduaren teologiaren eta pastoraltzaren alderdi erabakigarriak.

Aldi huntan lehen zatiaz ariko gira, gainez-gain. Argentinan, herri teologiaren bultzatzaile nagusienak bi dira: Lucio Gera eta Rafael Tello, eragin handia izan dutenak Bergogliok Buenos Aires-eko “txabola auzoetan” (bidonvilles) artzapezpiku zenean bideratu zuen herri pastoraltzan, behartsuen alderako lehentsasunezko maitasuna oinarritzat hartuz. Gera zendu zenean, 2012an, Bergogliok Buenos Aires-eko katedralean ehorztarazi zuen Batikanoko II. Kontzilioaren eta Medellin (1968) eta Pueblako (1979) latindar-amerikar Apezpiku Konferentzien aditu gisa ezagutuz. Eta urte berean Tello-ren dizipulu batek (P. Enrique Bianchi) bere “maisu” edo “erakasleaz” argitaratu liburua Bergogliok berak aurkeztu zuen.

Hasteko, ezinbestekoa da teologo hauen hiztegian hitzek duten erran-nahiaz ongi jabetzea. Hala nola “herria”. Herria bi zentzutara ulertu daiteke: herri-nazioa edo langile klaseak. “Argentinar eskola” lehen erran-nahiaz ari da: herria ulertu behar da ez lurralde edota klase sozial batetik abiatuz, baina bai kultura baten batasun anitzatik abiatuz, historia amankomun batean errotua,  ondasun amankomun partekatu bat bideratzeko xedearekin. Latindar Amerikari aplikatuz, pobreak dira beraien herriaren kultura propioaren zaintzaleak, beraien bizikidetza moldearen eragileak, guzien onerako izango den justizi eta bakezko proiektu historiko bat bultzatzen dute.

Herri pastoraltzaren teologiak ez ditu niholaz ere gutiesten gizarte gatazkak, baina “herria” ulertzerakoan batasuna du lehenesten. Abiapundua herriaren aintzinetikako batasuna da. Ondorioz, instituzio edota egitura injustizia herriari buruzko traizio bihurtzen da,  eta zapaltzailea da anti-herria. Herriaren erlijionea beraz, ebanjelizatze bide izaiteaz gain, giza askapenerako ahalbidea ere bada.

Askapen teologia orok bezala, argentinar joairak “ohartu – hausnartu – obratu” metodoa erabiltzen du, eta giza ala gizarte zientzien ekarpenak baliatzen ditu. Kondutan hartzen du ere jendarte zibilaren jazoera, merkatu ala Estadoaren ez-menekoa. Solidaritate edo elkartasun politikoa antolatzen da. Sareak sortzen eta indartzen dira. Justizia, bizitza, lana, kreazionearen errespetua, impunitate-eza… herri baten balore propioak dira, bainan ere “unibertsalgarriak”. Osagai modernoak gehitzen dira: laikoen erantzunkizun zabalagoa, bitarkekaritza eraginkorren bilaketa, Jainkoaren Hitz idatziaren herri interpretazioa, eliz-agintaritza molde partalierkorragoak… Osagai post-modernoak ere xertatzen dira: emazteen partehartze handiagoa, sare antolakuntza ez-piramidala, bizikizun ala lekukotasun pertsonalaren garrantzia… Eta hau guzia Jainkoaren Hitzaren argiaz argituz.

Gera-k (“herritik abiaturiko teologia” aipatzen du berak) argi esplikatzen du Elizaren pastoraltza ez dela soilik norbanakoeri zuzendua izan behar, baina bai herrieri ere: kulturak dira ebanjelizatu beharrak, berhatsueri (abandonatueneri) lehentasuna emanez. Ebanjelioa haragitu beharra dago, alderdi erlijioso eta kulturala kondutan hartuz, bainan ere soziala, politikoa, ekonomikoa…

Frantses aita sainduarentzat, horrek zinezko pastoral bihozberritzea (konbertsioa) eskatzen du. “Ebanjelizatzea” ez ditaike mugatu lehen iragarpenera. Epez kanpoko egiturekin akabatu behar da. Ebanjelizatzearen eta jende-garapen, justizi eta askapenaren arteko batasun dinamiko bat bideratu beharra dago Jainkoaren Erreinua gauzatzeko oraidanik lur huntan, nahiz eta behin betikoa ez izan oraino.

Irakurketa hunekin segituko dugu ondoko aldietan.

 

                                                                                                                                 Peio Ospital

                                                                                                                                 2017-08-07

 

 

San Fermin eta Her. 17/07/27

By , 2017/08/02 06:58

Ez dakit ikusi duzun, irakurle, Spike Jonz-en Her deitu filma, ederra bezain harrigarria. Depresioan den gizon batekin hasten da; amodio istorio amaitu batetik ezin ateratuz ari da. Proposatzen diote lagun bat. Informatikaz sortu boz baten konpainia. Sendimendu eta humorez betea den emazte batena. Bere “burua” hazten ahal duen programa da, “bizitzen” dituen egoera eta esperientzietan oinarrituz beti ikasten ari dena. Fikzio bat beraz. Etorkizunean errealitate bihurtuko dena?

Berrikitan amaitu San Ferminak bai ta ere Euskaltzaleen biltzarrarekin Iruñeara egin bixita gogoan (Artetik errateko, Cisneros kardinala, Iruñeako dorre eliza lurrera botatzea agindu zuena, bere Jainkoaren manuz ari ote zen, gaur egun bertze batzu ari diren bezala?) huna errealitate birtualaz gogoetatzeko gaia.

San Fermin, giristino festazaleen artean gehien ezagutua den saindu hori ere, garai batean asmatu “programa” bat omen da, ikerketak egin dituztenek diotenez. Ikus zer aurkitzen den sanfermin.com webgunean.

Iruñeko gobernadore erromatarraren semea zen San Fermin. Apez frantses batek, San Saturninok, -goitizenez San Zernin- Iruñeara bixitan etorri zen batean kaskoa berotu zion… Joan zen ba Toulouse aldera master bat egitera apezpikutzan, …etorri zen herrira bueltan eta dida batean apezpikutza lortu… laster aspertu zen Euskal Herri langilea bere siniskerietatik libratzeaz, Frantziara itzuli, produktua milaka kristauri saldu eta Amiens-en laketu zuen. Liskarzalea, gizona: agintariekin muturka ibiltzen zen eta azkenerako fin txarra egin: torturatua eta lepo eginda… Haren gorputza Amiensen dago, baina puska asko dauzka munduan barreiatuak (erlikiak). Iruñean bertan hiru ditugu… Xehetasun bat: erromatar kontu hauek guztiak seguraski kondaira hutsa dira….San Ferminen legenda IX. mende aldera sortu zen Frantziako Amiens herrian… iritsiko zen Iruñera, XII. mendean, hortik aurrera ehundaka iruindarrentzat deboziozko santu bihurtu zela.

… Roldan Jimenok… egin duen tesi batean, 1970. urtean, Nafarroako hiriburuko hainbat historiagilek eta Amienseko arkeologok aparteko ikerketa lanetan atera zituzten ondorioak berretsi ditu: San Ferminen historiak ez duela inolako oinarri historikorik

Amienseko… 1264. urteko “Urrezko legendak” dio …Iruñera itzuli zen ebanjelizatzera. Hemen izan zen 31 urtera arte eta ondoren Galietara joan zen. Hasieran Agen-en izan zen, geroago, Beauvais eskualdean eta azkenik, Amiensera iritsi zen… berrogei egunetan hiru mila lagun baino gehiago kristautu zituen. Badirudi agintari erromatarrei ez zitzaiela gustatu inolaz ere eta, detenitu eta kartzelan sartu ondoren, isilpean lepoa moztu ziotela irailaren 25ean (gaur egun haren martirioa ospatzen den eguna)

Roldan Jimeno historiagileak kontatzen digun bezala, garai hartan “hiria kristautu behar zuen santua hautatzerakoan oso ohikoa izaten zen pertsonaia atzerritara aukeratzea, hiriari halako kutsu exotiko eta garrantzitsua eman nahian. Amiensen Fermin hautatu zuten era berean baskoia eta erromatarra zelako eta nahiko bitxia iruditu zitzaielako. Handik aurrera, belaunaldiz belaunaldi ekarpen berriekin denboran aldatuz joan den istorioa asmatu zuten”.

Legenda XII. mende aldera iritsi zen Iruñera, Iruñeko Pedro de París artzapezpikuak legendaren berri izan eta Iruñeko katedralaren altarean berak ekarritako erlikia jarri zenean. Denboraz Nafarroa osoan hedatu zen harenganako gurtzea. Iruñeko biztanleentzat oso bitxia izan zen…Frantziako historiaren parte bat aldatu zuten, Nafarroako hiriburuaren ebanjelizazioa I. mendera aurreratuz, eta Amienseko legendarekin bat ez datorren datua emanez, zeren hark III. mendean kokatzen baitu…istorioa gero eta apainduagoa zen… bi istorioak liburu batean bateratzea erabaki zuten.

Asmaketa hutsa izanikan ere, hanbat eta hanbat jendeek, mendeetan zehar, otoiztu eta eskertu dute San Fermin, hari esker ardietsi grazi errealengatik.

Hari beretik doaz, Vicu korzikar iriko festibalean entzun ditugun solasak; aurkezleak zion: Toki hauetan (elizetan), gure arbasoek hain ederki eraiki toki hauetan, uhin baikor eta eraginkorrak dauzkatenak, mendeetan zehar bizi emozioz emokatuak diren toki hautetan, elgarrekin partekatzen ditugun musika eta boz eder horiek sortu sendimenduek, hazten eta handitzen gaituzte…

Gure sentsu fisikoek sumatzen duten errealitatetik harat, jendeak asmatua edo ez, baditake beraz zerbeit, denen altxagarri

Mandio

Jesusen irria 2017/08/03

By , 2017/08/02 06:30

 

Bat baino gehiagotan Jesus negarrez eta durduzaturik agertzen da. Dizipuluak biziki hunkiturik naski, Ebanjelioetan faltarik gabe ekarri zuten gertakaria. Hala nola Lazaroren piztea kontatzean Joani ebanjelariak hauxe dion: “Jesusek nigar egin zuen” (Joani 11,35). Halaber Getzemanin arrastatu zuten gau hartan, Matiuk idazten du “…erran zioten (dizipulueri): «Atsegabez hilzorian naiz…»” (Matiu 26,37). Eta nola ez aipa gurutzean, denek utzirik, azkenetan, heriotzeko hersturan oihukatu zituen hitzak: Ene Jainkoa, ene Jainkoa, zergatik utzi nauzu?” (Matiu 27,46). Horrek egiten du Jesus gure izatez hain hurbil eta hersturetan lagungarri. Ageri den bezala, Ebanjelioko Jainkoa ez da izaki indartsu ikaragarri hura, zerutik odei eta ximixten artean xuxen jautsia munduko errege guziak erraz gora botatzera: hots, gutaz arrotz, gutaz beste…

Zer pentsa? Oinaze eta sufrikario bila arizan zela Jesus? “Jesus ez zen izan suizida bat, ez zen ibili martiritzaren bila. Ez zuen sekula sufrimendua opa izan, ez beretzat, ez beste inorentzat”(1) erraiten dauku argi eta garbi Jose Antonio Pagola teologoak.

 

Negarrez eta durduzaturik agertzen bada Jesus Ebanjelioetan, ez da sekula ikusten irriz… Nafarroa Garaiko Xabierko gazteluan, Frantses Xabier Sainduaren sortetxean, kapera antzeko gela ttipi batean bada gurutze handi bat, eta Jesus gurutzean dago, usaiazko aurpegi goibela izateko partez irria begietan (ikus argazkia). Turista multzoak, harresien, margoen, kanoien, dorreen aitzinean nagiki pasatzen badira bisitan, gurutzearen aitzinean metatzen dira balditurik. Badira hor Espainolak eta Frantsesak, beren elizetako gurutzetan Jesus odola dariola ikusten ohituak. Badira hor Jesusez sekula entzun ez dutenak, harri ederren begiestera etorriak eta gizon hori ikustean irriz, gizakiak inoiz asmatu ez duen tortura basatienaren pean, argazki egiten hasten dira, harriturik. Badira ere hor fededunak otoitzean belauniko erortzen direnak, Jesusen aurpegi amultsuak txunditurik.

 

Jesus irriz gurutzean? Ebanjelio apokrifo batean (Elizak onartu ez duena) irakurtzen da: “…Bi gaizkile ekarri zituzten eta bien artean gurutzefikatu zuten Jauna. Eta hura isilik zegoen, sufritzen ez balu bezala…”(2). Aurkitzen dugu hor lehen mendetako heresia baten kutsadura. Heresia horrek aldarrikatzen zuen, Joaniren Ebanjelioa hitzez hitz hartuz, Hitza haragi bihurtu zela, bai, baina ez gizon, eta ez zuela guk bezala sufritzen, konparazione. Baina Jesusek ez zuena dizipulueri aitzinetik bat baino gehiagotan iragarri: “Orduan, irakasten hasi zitzaioten, Gizonaren Semeak ainitz sofritu behar zuela.” (Mark 8,31)?

 

Benoit XVI. Aita Sainduari utz dezagun azken hitza. 2008an Lurdesera etorri zenean, Mariak Bernadetti egin irriak laudatu zituen. Xabier gazteluko Jesusen gain eman ditzagun Aita Sainduak Mariari buruz orduan erranak: “Mariak lehenik irri egin zion (Bernadetti), ate egokiena balitz bezala bere misterioan sartzeko…”.(3)

David Acheriteguy

 

(1) Jesusen Berri Ona (A urtea) – Jose Antonio Pagola (Lazkaoko PAX argitaletxea), 2016, 70. orr.

(2) matavel.wifeo.com/documents/Evangile-de-Pierre.pdf

(3) saintjosephduweb.com/Le-sourire-de-la-Vierge-Marie-a-Lourdes-Benoit-XVI-et-Saint-Jean-Paul-II_a473.html

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu