Haize hegoak hurbiltzen ditu mendi urdinak bistara…

By , 2017/07/09 05:47

Uztaritzeko doinu goxo horrek gogorazten dit San Frantses seminario ttikia.

Errobi ibar zabala peko aldean. Baiona arte hedatzen dela. Bi lagun erdi etzinta, jostalekua mugatzen duen pareta tripa azpian, zoingehiagoka ari: “Gorri bat!… 14!”. Ixtanpaten buruan errefera: “Urdin bat!… 12!”. Behereko bidean iragaiten ziren otmoilak zainduz pasatzen zuten denbora.

Gu, barra finkoetan ari, zoinek alema, zoinek eskuaira…. Anitz futbolean, trebezi handirekin. Banaka batzu platana baten kontra geldirik. Hauei ez zitzaien mintzatu behar: puni baitziren, “oren bat xoko” zigorra bildurik; oren erdi bat edo laurden bat eginen zuten gaur, bihar edo etzi gaineratekoa, aldi guziz, zaindariak izenpetu paperño bat sakelaratzen zuten altxor bat bailiran, ageri horrekin baitzen frogatzen, punitzailearenganako zorra kitatua zela.

Pianoak entzuten ziren. Egia erran piano harrabotsak, ez baitziren batere harmonian ari; “aspirant” (apez-gaiak) deitu hamar bat ikasle, bakotxa bere gelatxoak, norbera bere mailan, gogo onez edo gogo kontra “Méthode rose” famatuko ariketak egiten.

Ingeles irakaslea, bere gelatik balkoira sar eta atera, metronomoa bezain erregular. Bagenekien zenbat denboren buruan ikusiko genuen berritz bere burusoila. Gu hari begira irriz, hura, begiak brebiarioari itzaturik.

Ezkilaren hotsa: “Tripan tximeletak” hegoaldekoek dioten bezala, batean latineko irakaslearen humorea nolakoa izanen zen genuela kezka, bertzean, matematiketan, gure aldia hurbiltzen ari zela, arbelera joatekoarena, edo, dena hitzez hitz ikastea nahi zuen historia irakaslearen aitzinean, huts gehiegi eginen genuela, edo, estudio denboran zigor kolektibo baten biltzeko beldurra…

Estres horiek denak gaztetan fite gainditzen dira: lagunekin pilota edo irri partida on bat, gaueko lo ona eta hara!

Gogoratzen dut ere lokartu aitzin zaindariak ezin hobeki irakurtzen zigun ixtorioa, “Les vieux de la vieille”, bertzeak bertze: ilunpea, bakotxa bere gisan ohean kokatua, denak goait noiz entzunen zen supiztekoaren kraskakoa; hunen ondotik “Ha!” orokor ezti bat, kandela pixten zen eta Roger Idiarten burua agertzen zen gela-itsuaren gaineko aldean, eta, haren komediante boza plazerrez entzuten genuen, begiak berritz hesten genituela…

Gogorat heldu zait ere, nola gan ginen, kontrabandoan, gau beila baten egitera oihanera. Guen ohetegiko zaindaria aintzindari. Lehenik probarazi zigun ixil-ixilik ibiltzen ahal ginenetz: 80 nerabe ohetik garbigelara, indianoen gisan, den mendren harrabotsik gabe. Proba gainditu eta, eskalera beheiti, Superioraren gela aitzinetik, ttikien estudio gelako leihotik salto, ixiltasuna atxiki pixka bat urrundu arte eta hara!

Obligaziozko eguneroko otoitzaldi edo mezen pisua gogoan dut oraino partikularki igande arratsetako bezperena, ondotik heldu zen afari desgustagarriarekin batean (nulla hoztuak, margarinarekin eta zozizon xerra bat edo bi).

Ez dut haatik, nere lagun guzien gisan, hango apezen kontrako karratxurik batere. Berriki atera den liburu baten idazleak bai. Bakotxak bere sentimendu eta ibilbide.

Garai bateko metodoak erabiltzen zituzten. Etziren ez apez guziak komeni zitzaioten tokian, ba ziren pedagogia gutikoak. Hala ere ez dugu nabaritu perbertsorik. Bakotxa ari zen bere ahalen arabera, geihengoaren ildotik giristinotasunak ekarki zuen inibizioa nortasunean, euskal izaera ezeztatua. Adibidez, geroztik jakindu dut, gurekin euskara sekulan ahozkatzen etzuen batek zuela idatzi “Manez azeri”, “Les fourberies de Scapin” obraren itzulpen bikaina. Euskal herriaren aldeko jakingabezia handia ere bazegoen irakasle anitzen baitan. Baten solasak: “L’indépendance du Pays basque ? Avec quoi? La fougère et le touya?”.

Nola ez gogoratu ere nola desobeditu genion superiorari 68-ko maiatzean.Memento loriagarriak bizi izan genituen, luzeegi hemen kontatzeko. “Iraultza” haren ondotik utzi gintuzten autodiziplinan estudio geletan. Ze denbora galtzeak! Ikasi beharrei buruz, bai. Biziari buruz ez. Aterabide bat aurkitu genuen azkenean, guen arteko hitzarmen bat idatziz eta izenpetuz.

Gogoerak (sic) aldatzen dira, onera, epe luze bati begira bederen.

Uztaritzeko kantu horrek kontatzen du nola apezgai bat xedez aldatu zen:

Uso urdiñak uso beltxari musu eta amodio; / Beltxak ordainez urdiñoari halabiz erraiten dio.

Aitaren erreakzioa 1870ean: Mizpira-salda zer tisana den erakusi ondoan: Xito ausarta hago kaiolan lumatu arte zuhurki; /Aitak bazakik kaiola hori noiz behar dauian ideki.

Aitari erran niolarik, 1972-an, apezgaigoa uzten nuela… etzuen hitzik atera.

Mandio

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu