Gogo-bihotzaldi on !

By , 2017/07/09 06:34

Urtarrilaren lehena heldu denean, uste gabean ura diogu opatzen edo desiratzen maite dugun jendeari! Aspaldiko garaietan, hazkuntzaz eta bilketaz soilik bizi zelarik jendea, euskaldunak, bertzeak bezala, ohartuak ziren,  bizia den tokian, ura premia handiko elementua dela.  Udako agorriletan memento txarrak pasaturik, besta egiten zuketen udazkeneko eurien ondotik iturburuak berritz turrustan abiatzen zirelarik. Adio idorte, ongi etorri urte !

Ostoen erortzea, landareen ihartzea ur eskasiaren kondu ematen zuketen ez baitzakiten oraino landare batzuek urte baten edo biren bizia duetela baizik,  edo ta zuhaitzak berak dituela erorarazten ostoak. Ikusten zutena zen ziklo berri bat bizidunentzat : izadi, abere, jende,  (denen onuragarri );

Arrailtzen hasia  lurra, zimailtzen landarea ? Ureztatu eta berritz bere hartara bakotxa ; handik laster jori: landarea azkar, lurra emankor !

Uraren pare, gure gogoak eragin, omen, garenari, egiten dugunari, gure ingurumen guziari…

Ura eta gogoa biak bizi iturri!

Eragin hori alde onerakoa izan dadin badira segur lege batzu ; maluruski menperatzen errexak ez direnak. Diotenaz baikorra eta konfiantzaz betea behar du gogo horrek. Erratea aski balitz ! « Goizero, goizero lanera noa ilun gogoan » dio A. Duhalden kantu batek.

Urte berriaren aurrean xede berriak hartzen baitira, saia gaitezen beraz gure gogoa alde onera bihurtzen !

Lehen gauza, zertan garen ikusi eta hartarik abiatu. Ttikitan genituen asmoak gogoratu ; onartu betetzen ahalko ez ditugun asmoak badirela ; ustegabetarik bete ditugunetaz ohartu eta loriatu ; bihotz xokoan gelditzen zaizkigunak gogora ekarri eta saiatu horien gauzatzera, sineste baikor batekin ;

Bigarren gauza, dugunarekin egin : lasterka ibiltzeko ez baldin bagare on, urratsean ibiltzeko plazerra gozatu, oinez ibiltzeko on ez bagare, prezia otomoilez ibiltzea, … Guen lagun baten gisan :ez du gehiago ikusmenik, ikusi behar da nola baliatzen duen entzumena, beti irria ezpainetan duela, eta… umorea mihi puntan : « Atzoko manifan etzaitut  ikusi ! » erranen du irri sano batekin.

Hirugarrena : arloz arlo, saiatu gure biziaren aintzindari izaten « Nere arimaren kapitaina naiz ! » zion Mandelak.

Bikote bizian. Gisa berean, gogoan ibili elkarrekin betzeko asmoak zertan diren, bainan,  kideak zituenetaz… dituenetaz axolatu eta lagundu gauzatzen, gogo onez.

Profesional mailan baikorki ikusi biharamuna, baikorki lankidea. Batzuek beti lankide onak dituzte, berek diotenaz, bertze batzuek beti txarrak, berek diotenaz hor ere. Asma diferentzia nundik heldu den.

Euskal kataskan ere, garen puntutik abia: iragana hartu den bezala : historian zehar Euskal Herriak bi Estatuen ganik jasan duen zapalkuntza gogorra ikusi ; euskaldunen ihardokitzea ulertu ; hiru protagonista horien bortizkeri zirimolan urrunegi joatearen balantza egin ! Etorkizunari behatu baikorki, hitz egin, gogo onez, urratsak elgarrekin eman. Bilbokoa handia zen : bazuen 15 urte abertzaleak etzirela batu, ezkerrekoak eta eskuinekoak !!! Etokizuna hortik doa ! PPkoek ere, egun batez, urrats bat eginen dute ba !

Munduari begira baikorrak izan ; ikasi Lur gure izarbelaren istorioan sekula baino bortizkeri gutiago badagoela (sic) ; jendea sekulan baino hobekiago bizi dela (sic). Harrigarria bainan orokorki hala da !! Jakina oraino « kristoin » lana badagoela egiteko, denek badakigu zenbat sofrikario baden munduan zehar. Ez ahantzi izadia edo natura bera, hasia dela sofritzen.  Hor ere aterabiderik ezta errespeturik gabe, jendearena bezain bat naturalezarena. Gogo onez edo beharrez, gizakiak hor ere bide egokia aurkituko du. Kausitze eta petto, petto eta kausitze, itxaropena nagusi !

Eliza katolikoan Frantxua Aita sainduak, askatasun gehiagorekin pasatuko da hitzetik obretara, agian ! Batinako 2. aren haize frexkoa berritz sentitzen ahalko dugu beharri xokotan

…..

 

Gogoaldi on irakurle. Iturburuko ur hotx gardenak biziari on egiten dion bezala, zure gogoa izan dadila frexko, baikor eta borondatetsu ; bilaka dadila onuragarri zuretzat, zuk maite ditutzunentzat eta zure ingurune guziarentzat ! Hauxe zion Joanes Etxeberri, Ziburukoak 1627-an:

Iauna khen dietzadatzu gogoetako harrak,

Landa behar alhorrari, nola Kharlolaharrak…

 

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu