Etxexuri.

By , 2017/07/09 05:26

Jean-Michel, eman duk beraz hirea, den dena…

Elgarri burua berotu genian Akizen, ba ta behar genuela paraxutismoa frogatu, batzu kooperante gisa bazihoazelarik. Nik nere anai gazteena bezainbat egin nahi nian (jadanik bukatua zian soldadugoa paraxutista gisa). Kasernaren hautua izaten ahal baitzen soldadugoa aitzin ikastaldi bat segituz, egin genitian lehen jauziak elgarrekin, Poitiers irian.

Gero nik Baiona ardietsi nian, hik Paue. Laster ohartu gintian gradudunen artean « asto » batzu bazirela bainan kalitate handiko « gizon » frango ere. Hala ere, nik egin ahalak egin nitian soldadu soil bururatzeko urtea; hi aldiz sarjentu atera hintzen.

Jende xumea huen hire giristino eta apez arrangura. Langile munduan engaiatu hintzen hastapen batean. Zonbait urteren buruan ohartu hintzen bertze langile xume mota batek ere hire beharra baziala: kasernetako soldaduek.

Hortik landa eskaini hioten hintzen guzia. Heien bizia partekatuz, ba airetan, erortze askea frogatzeraino, ba mendietako xendretan, egunaz edo gauaz, berdin helikoptero bati zintzilik, bortz edo sei gizoneko mulko batean barne… Hurbildik segituz beren misio gogorrenetan, Sarajevon (hemen kroaziar bahitu batzuen libertatea ardietsiz gainera), Ruandan, Afrika Erdiko Errepublikan, Albanian, Txaden, Afganistanen… Ikusi dituk lagunak hil-hotz edo larriki zauriturik etortzen etxera ; heien familiak sustengatu dituk, memento larrietan bezala zorionean, ezkontza ala bataio frango eginez…. Hintzen guzia eskaini diotek, hire begi urdin zorrotzen gibeleko onena.

Adina hor, utzi behar izan duk « operazionetan » parte hartzea, hala ere apez lana segituz soldaduen zerbitzuko. Baina ez hintzen gorputza zahartzen ikusteko egina. Hire lagun zonbaiti gertatu bezala, ustegabean hartu duk « tirokada » latz bat sabelean. Aurre egin diok, zutik bururaino, paraxutisten otoitzaren hitzen erran nahia  gero eta argiago egiten zitzaialarik

…. Eman iezadazu Jauna

gelditzen zaizuna…

Galdetzen ez dizuetena :

Segurtasun eza, kezka,

Arrangura eta ekaitza.

Sofrikarioa… borroka !

…. Baina ere :

Kuraia, bertutea, eta fedea !…

Borrokatu haiz, beti bezala izpiritua argi. Gan den udan, zutabe huntan berean, hobetze baten esperantzarekin proposatu nian, mendi kasko baten igaitea azken aldi bat, Ossau hain zuzen, elgarrekin egin eskalada ikastaldien ondotik upatu genian lehena. B plan baten proposamena egin nian ere : hegazkin txar batetik ikusi, zapaldu genitian 3000-ko guziak,  denen ikuspuntuak berdintzen diren altura hortan idazten nian… Bai, arrazoin duk, oraino gorago gatea hobe, elgar ulertzea segurtatzeko. Hire hitz-ordua goren gorenean finkatzen duk beraz. Ados.

Ados bainan, har zak pazientzia, orai badukek nahikoa, guk ere nahi genikek gure onena eman… guk denbora behar diagu hortarako, hire, gure goiko lagun hori ados baldin baduk.

Izan hadi.

Mizel

 

P.S. Ehorzketetan, nahiko genian hitz bat erran, baina dena antolatua huen, lausengueri ihes egiteko. Haatik,  hain hintzen estimatua, ez duk isilarazi ahal izan hire  buruzagi bat: bere hitzaldi zoragarriek hunkitu gaitiztek, batek kasernan eta bertzeak elizan. Hik ere egina huen denek gogoan diteken bat, 2016eko San Mixel egunean. Agian norbeitek atxemanen ditik eta zabalduko hire prediku paper mutturrak!

Leave a Reply

*

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu