RSS

Izpiritualezko lauzka

08 uztaila

Izpiritualezko lauzka

 

Bi hitz horiek ez dira eguneroko hitzak. Alta, hitz horiek aipatzen dutena mundua bezain zaharra da eta horren gisako laguntza sail ainitzetan hedatua dago.

 

Denbora huntako berriena, hitzez bederen, delako “coach” hori zabaltzen ari da. Kiroletan, mail haundietan bainan ere ttikiagoetan, jokatzen denaren ondoan ikusten da lagun bat, solas eta solas ari zaiona. Hala nola indar jokoetan, esne ontziak beso puntan ibiltzen dituztelarik. Lehen itzuliak fresko egiten dituzte, bainan zazpi, zortzi eta gaineratekorat hurbiltzearekin, ez da bakarrik besoen indarra behar, burua ere behar da kudeatu. Orduan delako laguntzaile hori hurbiltzen da jokolariari eta mintza eta mintza ari zaio, berarekin kurritzen duela hunkitu gabe bainan izpiritua du hunkitzen bere hitz lagungarriekin.

 

Eskoletako azterketak etortzen direlarik, buraso batzuk “coach” bati dei egiten dute beren haurra lagunt dezan: nola hobeki ikasi, laneko metodoak erakutsi, noiz eta nola pausatu, jan, lo egin eta holako. Bere baitako konfiantxa garatzen dute, buruan diren ideia txarrak ahal bezain bat kenduz eta onak zabalduz. Laguntzen dutenari nahi dute bere buruan ezarri eta frogarazi gai dela hau eta hori egiteko.

 

Badira ere Asiatik etorri filosofiak eta moldeak, ekialdeko zuhurtziak deitzen direnak. Beren eskea da nola atxiki bere baitako bakea biziko nahas mahas guzietan. Txinatarrek, izadiari hurbil direnak, oreka bat bilatzen dute, eta harmonian izaitea da beren eskea. Budistek beren buruaren jabe izaitea xerkatzen dute eta hori aurkitzeko, jakitatea ezartzen dute lehen.

 

Girixtinoen bizian, Jainkoarekin nola aitzina egin da izpiritual lauzkaren berezitasuna. “Laguntza bat da, girixtino batek emaiten duena, erakusteko nola erne egon Jainkoaren mintzoari, nola erantzun pertsonalki mintzo den Jainkoari, haren hurbiltasunean aitzinatu eta harreman horren ondorioak nola osoki bizi” dio William Connoly jesuitak. Loiolako Inazioren esperientzia pertsonalak ariketak sortu zituen. Ariketa horiek bakotxak egiten ditu, libertate osoan bera izanik arduradun. Fededuneri idekia da egiteko manera hori, Bibliako irakurgaiak eta otoitza dira Jainkoaren mintzoaren komunikabideak. Eguneroko edo asteroko meditazionean, Jainkoaren hitza  hausnartzen da bainan gain gainetik hitz hori jastatzen da, janari bat bezala. Loiolako Inaziok dio  gusto berezi bat den hitzetan gelditu behar dela, hitz horiek errezebitu gogoan, bihotzean, eta zer senditzen den barne barnean ikus eta entzun. Hunkitzen duten hitzek, ez azalez bainan barnez, zerbait erran nahi dute. Ez da hor itxurakeriarik. Barne barne hortan Jainkoak eta jendeak topo egiten dute. Toki sakon hortan, norberaren egia aurkitzen da.

 

Inazioren esperientzia hau izan zen, hitz laburrez erraiteko. Iruñan kolpatua izan zelarik ainitz hilabete pasatu zituen bere etxean, denbora nola pasa ez jakinik. Bere koinatak jauregian ziren liburu bakarrak eman zizkion: sainduen bizia eta zaldun eleberria. Hau irakurtzean, sekulako ongia senditzen zuen, bere burua jauregi eta jende haundien artean ikusten baitzuen. Bainan, irakurri eta laster, bere burua enoatzen zen eta nardatzen. Bere karra pixtu bezain laster hiltzen zen. Aldiz, sainduen bizia irakurtzen zuelarik, kar hori senditzen zuen eta nahi zuen saindu horien bezenbat edo gehiago izan. Eta ohartu zen kar hori ez zela hiltzen, ez zela ahultzen. Orduan bere buruari eman zion Jainkoaren zerbitzari izanen zela, Jainkoaren zaldun. Jainkoa mintzatu zitzaion.

 

Bainan nola jakin Jainkoa mintzo dela eta ez dela ilusio edo lilura bat ? Jainkoaren hitza errezebituz, gustu duten hitzetan geldituz, eta horiek sakonduz, barne barnean senditzen diren gauzak ateratzen dira kontzientziarat. Ez dira beti konprenitzen, onartzen. Bideko lagunari edo lauzkari erraiten dira gauza horiek. Zerk hunkitu duen barne barnean eta Bibliako zoin hitzek edo biziko zoin gertakarik hunkitu duten. Entzuten duen lagunak kasu emanen du Jainkoa nola mintzo den; lekuko bat bezala izanen da. Ez du bere ikusmoldea erranen, ez eta  bere ideia. Laguntzaileak ez du bidea erakutsiko, ez du erabakirik hartuko; lekuko bat bezala, zer ikus eta entzun dituenak lotuko ditu. Jainkoaren eta lagunaren harremanen lekuko da eta ikus-entzun duenak hobeki konprenitzen du urruntxagotik zer pasa den.

 

Izpiritual lauzka horren helburua da arimak laguntzea Jainkoaren esperientzia egiterat, harekin topo egiterat. Lan hori ez da nola nahiz egiten eta formakuntza galdetzen du. Haatik, lauzkatze hori baliatzen dutenak, laguntza azkar eta berezia badute beren bizia gusturat eremaiteko, kudeatzeko, egun txar eta onetan, Jainkoaren hitza beren baitan izana gatik. Izpiritual lauzka Elizaren altxor bat da.

 

Maite Irazoqui

 

Posted by on 2017/07/08 in Jainkoa bizia jendea, Maite

Leave a comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu