“Genero teoria” edo ezkontzaren kontrako gerla mundiala (azkena)

By , 2017/07/08 14:05

Joan diren aldietan (ikus HERRIAn, 2016ko azaroaren 24ko eta 2017ko urtarrilaren 19ko kronikak) entseatu gira ulertzen zer den “genero teoria” eta zergatik Frantses Aita Sainduak hain gogorki salatu duen.

Oroitaraz dezagun bi hitzez nola, ideologia horren arabera, gizakiaren sexual izaera ez dela bere sexu biologikoaz dependitzen, baina norbera zertara isuria sentitzen denaz baizik, “generoa” deitua, bakoitzak hauta lezakeena. “Sexu” hitza baztertzen du, “genero” hitzaz ordaintzen, sexu biologikoari ez begien edo ileen kolorea baino inportantzia handiagorik emanez. Sexua ukatuz, “genero teoriak” ukatzen du gizakiaren bokazio bai humanoa, bai dibinoa.

 

1949. urtean jadanik, Simone de Beauvoir frantses filosofo feministaren “Bigarren sexua” liburuan aurkitzen da geroztikako esaldi famatu hau: “Ez da emazte sortzen, bilakatzen da emazte. …Zibilizazioak du elaboratzen ar eta zikiratu arteko “ekoizpena”, femeninoa deitua…”(1). Ageri den bezala, idazle horrek badu emaztearen ikusmolde biziki pesimista, gizonaren menean esklabo ikusten du, baina ez sortzez, zibilizazioak kulturalki horretaraturik baizik.

Geroztik badira unibertsitateetan egiten eta irakatsiak diren estudioak, “genero estudioak” deituak, “genero teoriarekin” nahasi behar ez direnak. “Genero estudio” horiek aztertzen dituzte zibilizazio guzietako gizon eta emazteen arteko harremanak, botere eta zapalkuntza harremanak barne, zientzia arlo guzietan. Eta zientzia arlo guzietako ikertzaile guziak bat datoz: naturak ez du gizon eta emaztearen artean botere legerik jarri.

 

Emaztearen zapalkuntza etsenpluak aurkitzeko ez da urrun joan behar. Biblian bertan aurkitzen ditugu besataraka: “…Emaztea, mutikoa ukaiten badu, zazpi egunez kutsaturik egonen da… Bainan nexkatoa ukaiten badu, bi astez egonen da kutsaturik…” (Levitarrena 12, 2 eta 5). Nexkatoa mutikoa baino zikinagoa daitekeelakoan iduriz(!). Eta gaur, Eliza katolikoaren erdiak (emazteek) ez du Eliza hierarkian eskurik…

Jesusen dizipuluetan berdin ez da emazte bat ere aurkitzen. Gizonak dira denak, Jesus bera bezala funtsean. Jesusek emazteak hastiatzen zituena ote? Jakin behar da zer zen denbora hartako emaztearen egoera. Gizonaren menean zen erabat. Emazte baten lekukotasunak ez zuen baliorik. Ezdeus bat zen… Senarrak emaztea botatzen ahal zuen nahi zuen bezala etxetik: “Eman dezagun norbait emazte batekin ezkontzen dela, bainan gero emazteari zerbait aurkitzen diola atsegin ez zaiona; orduan, dibortzio-agiria idatzi, emazteari eman eta igortzen duela etxetik…” (Deutoronomia, 24,1). Jesusek ezin zuen emazte bat dizipulutzat hartu, denek irri eginen zioten, gaitzetsiko eta sinagogetatik botako. Hain zuzen Jondoni Pauloren idatziak lekuko: “…emazteak ixilik egon daitezela biltzarrean; ez dira haizu mintzatzera, menpeko egon behar dute, Moisen legeak ere dion bezala.” (I Korintoarreri 14, 34).

 

Diktadurak aipatu gabe, demokrazia “garatuak” ere entseatzen dira gaur egun gizon eta emaztearen arteko injustiziak ezabatzea, adibidez gizon bezainbat emazte ministro izendatuz edo erantzukizun eta soldata berak aldarrikatuz gizarte, politika eta enpresa alorretan. Baina zibilizazio zapatzaileen baitan aldatzen ahal dea emaztearen egoera? Nork ikusi du atorra zahar bat petatxuz berritzen?

Aldaketa hori Jesusek bere lagunen artean finkatu zuen, ikaragarriko iraultza ekarriz denbora hartako gizartean: botere harremanen ordez anai-arreba harremanak oinarritu, apez nagusi eta farisauen zapalkuntzaz libratu, etsaia maitatu, ontasunak partekatu, diru irrika erraustu eta pobreen alde jarri, gezurretik itzuri, botere eta ohore gosea ezeztu, gizakia preso atxikitzen dituzten murru guziak suntsitu… Hots, Jainkoaren erreinua lehen finkatu.

Bi mila urte berantago, zer gelditzen da?

David Acheriteguy

(1) Simone de Beauvoir – Le Deuxième Sexe, Paris, Gallimard, 1949, 285. orrialdean

Leave a Reply

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu