RSS

Daily Archives: 2017/07/08

Tikka eta…

Azkaindar talde bat ibili berria da Nepaleko mendietan zehar, trek bat eginez, zoragarria bezain aberatsa,   Tibeteko muga hunkitzen duen Tsum haranean gaindi, Tamang populuaren bizi toki harrigarrietan barna. Irri eta jestuez kanpo harreman guti genuen jendearekin. Miresgarria zirudien ba!

Huna zer zion, frantsesez, Tamang gida gazte hunek; azaldu zigun tenplu guzietan (eta bere zakuan) aurkitzen den marrazkiaren erran nahia. Bere hitzak:

“Denek daukate hirugarren begia. Horrek digu ematen buruargitasun famatu hura (clairvoyance). Esposatzeko adina datorrenean, buraso, lagun, aitatxi… holako jende batek ezartzen digu tikka*. Horrek erran nahi du: Orai erantzule zare, familiatzeko eta gizarteratzeko ardura hartzen ahal duzu! Eman dizugun tikka horrek irekidura bat eraginen du zure baitan.

–Hori da budisten munduan? Jakesek.

–Bietan. Hinduistak tikka gorria erabiliko du, errizari bermiloi gorri bizia nahasiko baitio. Budistak aldiz, (ez denek haatik) ez dio deus nahasten. Guk, Tamang populukoa naiz, kolore xuria baizik dugu erabiltzen; erraten da normalki hala behar dela, hori baita garbitasunaren kolorea.

Egia erran sudurra ez da arras hola ez? Hori da gehiago galdea edo galderazko puntua. Bai eta ere bat zifra Nepaleraz. Budistak dio: munduan gaindi gauza pilla bat badago zatiketa bideratzeko, zatituak gare kasten arabera, sexua edo herriaren arabera, bainan gure bizia gure sufrikario, pena, berdina da; Europar, Afrikar, maskulino, femenino, ttiki edo handi izan, sentitzen dugun sufrikarioa, pena berdina da. Hori, gizakia edo jendakia bat delako.

Zendako galderazko puntu hori? Galdeak egin behar baitira atzartzeko edo ernatzeko. Budak hori egin du galdeak sortu eta gogoan ibili, gogatu luzaz, eta gero ernaturik zegoen… Hori egin behar da, ez? Trebatu… (Gautama 6 urtez egon zen gogoeta egiten, argialdiz argialdi, Buda –ernatua, iratzarria- izan aintzin.)

Bertze solas hauek Katmanduko bertze gida baten ahotik:

Lurra bat da, hatsa bat.

Ipar, hego, ekialde, mendebaldek

ostertza bat.

Jendaki-arima bat,

Izatearen helburua bat.

Bizia harmoniatsuago da

denak bakoitza garelarik.

 

Zamariek alaitzen zituzten gure arratsak Resham firiri* beren kantu loriagarriarekin. Huna zer bilakatu den euskaraz:

 

Munduan gaindi,

eskua zabal, jendea jende,

munduan gaindi.

 

Bazter eder, arte berezi,

sinesmen harrigarri!

Lan ta lan,

bizi gurpila itzuli ta itzuli!

 

Nik oinak zure lurreanta

zuk, zureak nerean!

Ulertu

eta batean onera Bizia!

  


 

*Ttitta. * youtube.com

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

Bohamia, hain urrun, hain hurbil

Laborari zahar bat hilzorian da. Etxeko hiru semeen artean partimenak eginik, bakarrik gelditzen zaizkio ardiak banatzea. Hauxe  du idatzi testamenduan :

 

“Ardi troparen erdia seme zaharrarentzat.

Troparen heren bat bigarrenarentzat.


Troparen bederatziren bat seme gazteenarentzat…”

 

Hau entzutean seme gazteena arrunt haserretzen da. Bi zaharrenek larderiatzen dute :

–   Holakoa duk gure etxeko ohidura. Ez duk gure falta azkenik sortua balin bahaiz.

Gure burrasoek eman ontasunak behar ditiagu ahalaz begiratu, sobera barreiatu gabe !

 

Horiek hola, hasi dira karraskan ardien biltzen.  Ez da lan errexa izan, ardiak aspalditik beren gisa utziak izanagatik. Hastapenean mendi malda gehienak kurriturik  hamazazpi dituzte bildu bakarrik. Ibiliaren ibiliz berriz ere inguruko mendi guziak miatu-ta ez dute besterik hatxeman.  Beraz hamazazpi ardi, ez bat gehiago. Baina hamazazpi ardiak nola zatitu ? Erdia ezin hartu. Herena ere ez. Oraindik gutiago bederatzietarik bat.

Mintzatu dituzte apeza eta auzoak. Denek berdin diote :

–    Aski duzue ardien jabegoa hiruek elgarrekin hartzea edo sal-zkitzue hortik bistatik!

Notarioak ere dudak baditu:

–    Zuen aitaren  testamentuak ez du deus balio. Ezin da gauzatu!

–    Ez! Horiek oro ez dira aitaren nahiak, ihardokitzen diete finko hiruek aho batez.

 

Horrelakoak entzunik, Manana Motela bohamisak, proposatzen die atera bide bat.

–    To, gure etxe hegian, estekan badut ardi trapatu bat. Har ezazue zuekin eta partimenak eginen dituzue errexki.

Ardi honekin anaiek hemezortzi ardi dituzte orain. Seme gehienak hartzen du troparen erdia : bederatzi. Bigarrenak heren bat : sei. Hirugarrenak, nahi ala ez, hemezortzietarik  bi baizik.

Beraz bederatzi gehi sei, gehi bi, heldu da hamazazpi. Horra ardiak zuzen banatuak. Gelditzen zaie ardi bat. Zein ardi turnatu Mananari ?  Ez dira ados.

Seme zaharrenek :

–   Itzul diezogun bere ardi zahar trapatua.

Gazteenak :

–   Ez, esker onez merezi dik hobeago bat. Zepotik atera gaitik.

–   Behauk hortik! Bohami guziak ohoinak, maltzurrak, alferrak eta gezurtariak dituk. Nork dakiak ez duen ardia ebatsia ? Ez diakitek ardi baten behar bezala hiltzen ere. Mozkortuko dituk, aharrak eta kalapitak sortuko ditiztek, fundituko ditek.

Seme gazteena ez da uste zahar horrekin konforme. Denen ixilik, Manana Motelari, dituen bi ardi onetarik bat turnatu dio. Horrela, bohamiari hurbiltasun osoa adierazi dio, merezi duen ikustatearekin. Jendeak jendea balio baitu. Aldiz, partikatu ez dutenak  ez ote dira beren hartan kateaturik preso gelditu, giza sineskerietan gakatuak.

Batzuek guti dute, baina duten gutik hortarik emaiten dute. Biziaren dohainetan sinesten dutelako. Jainkoaren irriñoa ikus daiteke holakoen begitartean.  Gerta daiteke emailearen poza ukailearena baino handiago izaitea. Bizidunen eta naturaren funtsezko jitea ez ote da emaitea.  Sagarrondoak hautatzen ote du zer fruitu edo nori emanen dion bere fruitua ? Ez ! Biziari bizia zor zaio.

Johanes Bordazahar

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

Sakaiko saia

Sakaiko harkaitz punta-puntan, sai bat dago mundu zabalari begira. Saia ! Ezagutzen dugun gure putre herrikoia, mendiko hilkien jalea. Diote adin handia biltzen duela… Alabaina! Badu kabala jateko. Ez du etsairik eta erroitz helgaitzetan lasai kabitzen da.

Saiak berea egin du denbora. Orenak egon daiteke airean, so, denboraren hegaletan, itzuli-mitzuli. Astia hartuz badaki eguna bere gisan neurtzen : noiz labur, noiz luze… Tenore bat baizik ez du ezagutzen : jatekoarena.

 

Halako moldez, Harrixorrotxeko harkaitz ixkinera jautsi da. Miru-zuria ondo-ondoan pausatzen zaio. Saia bere baitan  marmarikan : “Zertara jina zaitak ergel hau ?” Ixil une luze baten ondotik, miru zuriak saiaren adinaren sekretua zilatu nahiz galdatzen dio  :

  • Nolaz saiak bizitzen ahal zirezte hoin luzaz ?

Saia mutu. Ixiltasuna menditarren beste mintzoa baita. Biak inguruko bazterreri begira

denbora luze doa, luzeegi. Mirua ezin egonarekin pata batetik bestera dantzan. Saia aldiz geldiro.

  • Sai Jauna! Gose naiz !
  • Ni ere!
  • Eta ez zira mugitzen ?
  • Ez! Beha niagok!

Miruari iduri zaio harriaren betikotasunak beretu duela saia. Ez da nehondik kantitzen.

  • Errazu, saia. ? Nehork ez ditu begiak ni bezain zorrotzak?
  • Bazukek ! Balia hadi ! Urrunekoa hurbilekoa bezain argi ikusten baduk hainbat hobe hiretzat !
  • Ikusten duzu, han, mahasti hegian, sasi bazterrean, saturdina ?
  • Bai, uste diat! Ez nauk halere sobera fida !
  • ….

Eguerdi min-minean, sapa gorian, bele bat agertu da. Mahasti gainetik badabil harat eta hunat.

  • Ikusi duzu belea ?
  • Bai ikusi diat !
  • Eta ez duzu deus egiten ?
  • Ez! Beha niagok!

 

Beleak bizpahiru itzuli egin eta emaiten du badoala zuzen sasi bazterreko saturdinari buruz. Harrokatik, miruak oldarrean jauzi egiten du beleari aintzina hartzeko. Baina saturdina aztaparkatzean, lepotik tinki lotua gelditzen da, itotzeko ponduan, xederetako sokan harrapatua. Ezinaren ezinean, zalapartaka, mugituago eta itoago.

Astiro-astiro saia, bizpahiru punpe pizutan, ondoan pausatu zaio eta mantxo ele egiten dio:

  • Ontsa baliatzen zaik hire begi zorrotza, tranpak ez badituk ikusten !
  • Zertara etorria zira honat ?
  • Beha niagok!
  • Zeren beha zaude?
  • Hire beha. Jateko tenorea hurbil …
  • Ixo! Zuri ere jinen zaizu zure aldia. Ez da nehor eskapatzen denboraren aztaparretarik.

 

Belea karrankaka urrundu da menditik inguruko herrietara : “Kasu !Jendeak!  Zuen arteko zepoak badituzue ustegabeko alde guzietan!”

 

Etxe bazterretan jendeak belea ez dezake entzun. Sukaldeko leihoak irekiak, eguerdiko “JT” telebixta orroaz ari zaie. Berdin balio du. Jadanik telebistak bere xederetan harrapatuak ditu kasik denak. Hunen berri nazional ofizialak, egiaz polliki jantziak, saldarekin gogotik zurrupatzen dituzte. Buru muinak xurgatuak ditutenaz geroz edozein mezu komertzial edo politiko irensteko prest daude. Belearena aldiz ezin jasana : “Hoa hortik omen txarreko bele zaharra!”

 

Johanes Bordazahar

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

Jesusek iragarri jainkoaren erreinua (2)

Iragan aldian (HERRIA N° 3379) hasi naiz zuenganatzen Xabier Andonegi-k 2016ko GOGOETA ASTEAn eman mintzaldiak. Ikusi dugu erreinatzeak jada Itun Zaharrean baduela alderdi historikoa, soziala eta teologala. Erran dugu ere Jainko herriaren eginkizun bihurtzen dela.

Jin gaiten orai Jesusera eta Itun Berrira. Erreinua hurbil zela iragarri zuenean, Jesusek esperantza ekarri zuen, bereziki behartsuentzat.

Duela guti arte, arras ohikoa zen esperantzaz hitz egitea, bai eta utopiaz ere. Utopia eta esperantza bizirik zeuden, baina kapitalismoak desitxuratu zituen: gaur egun, sinetsarazi nahi daukute utopia globalizazioaren bitartez heltzen ari zaigula.

Kritikaren edo jakinduriaren bidez, postmodernitateak utopia gaitzetsi du. Horrek, aberatsen ustez, zentzuzkoak izaitea erran nahi du; behartsuen ikuspegitik, berriz, etsipena erran nahi du. Eta hor, hain zuzen, agertzen da gure zibilizazioaren krudelkeria: gehienak esperantzarik gabe bizitzera eramaiten ditu. Halere komunitate ugari dira, isilago, beti esperantzari lotzen direnak; eta beti garatzen dira erresistentzia-mugimenduak, «bestelako mundu bat lor daitekeela» aldarrikatzen dutenak. Behartsueri buruzko elkartasunetik eta haien alde bizia eskuzabaltasunez emaiten dutenen maitasunetik bizi da esperantza.

Ebanjeliora joaz, utopia da erreinua,  behartsuen sufrimenduari erantzuten duena. Eta utopiari dagokion erantzuna esperantza da, erreinuko zeinuek elikatua: sendatzeek, indar suntsitzaileak botatzeak, mespretxatuen harrerek eta elkartasun-otorduek.

Ebanjelioko utopia, beste hainbat utopia sofistikatueri konparatuz, apalagoa da, baina gizatiarragoa, eta premiazkoagoa eta larriagoa ere bai: behartsuentzat bizimoldea justua eta duina errealitate bihurtu dadila, krudeltasunak azken hitza izan ez dezan, lehen lehenik bizitzea bera seguruago bihurtuz. Kemen handiz lan egin behar da hortarako, berdin “bizi-elkartasuna” onartarazteko. Ebanjelioak eraman behar gaitu sufrimendua erdigunean jartzera, eta ez bekatua (sobera luzaz aurkeztu daukuten moldean).

Bekatua, orduan, munduan antierreinuari presentzia aktiboa emaiten dion jokamoldea da. Zer den antierreinua ? Hiru adibide bakarrik: gaur egun 25.000 presuna egunean  hiltzen dira munduan gosez…, etorkinei elkartasuna ukatzen da… mugetan hesiak edo harresiak eraikitzen dira…

Ondorioz, presunen eta elizen prakzia (edo jokabidea) ez daiteke soilik ongi-izaitearen bilaketan mugatu, askatzailea ere izan behar du. Antierreinuari buru egitera lehiatu behar gaitu ebanjelioak, askapen-mugimenduak sortuz eta lagunduz. Eta badira borroka hortarako zilegizko bideak. Entzun behar da behartsuen oihua, deia, laguntza-eskaera. Antierreinuaren errealitatea, hunen neurria eta krudeltasuna, “Jainkoaren kontrako krimena” da, eta haren kontra araberako borroka egitera deituak senditu behar gira.

Antierreinuak bere dibinitateak ere ditu, bere idoloak. Eta hauek errealitate historikoa badute, gure artean kokatuak daude, eta salbamena eskaintzen dute.

Zeren itxura dute bada ? Pueblako Konferentziak (1979) identifikatu zituen: aberastasuna eta botere politikoa adibidez. Oscar Romero apezpikuaren arabera, aberastasuna eta jabetza pribatuaz gain, nazioen segurtasuna eta herri-antolaketa absolutu bihurtzea da idoloa. Absolutu bihurtzen direnean, erakundeak idolo bilaka daitezke ere.

Xabier Andonegik, azkenean, Pueblara eta hango idoloen gaitzespenera itzuli behar dela dio, hiru gauza kondutan izanik.

            Lehena pastorala, garrantzi handikoa: sekularizazio eta agnoztizismoaren kausak aztertzean, errexegi kentzen da hutsa elizei eta kristauei. Idolatria estaltzen da jatorrizko bekatu teologal gisa.

            Bigarrena historikoa: gaur egun idoloak bateratu dira zerbait gisaz, eta sistema neoliberalean elkartu dira. Gertakariak argiak dira, bai eta azpian dagon ideologia ere: bi blokeen arteko gerlan (Ameriketako Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna), lehena atera zen garaile, eta horrek inperioa izaiteko eskubidea eman zion. Izan ere, inperioa idoloa da, planeta osoa kontuan hartuz geroz, eta nolabaiteko “lapurketa”ren itxura ere du. Hori ez litaike ahantzi behar ez teologian, ez eta elizak epaitzean ere.

Ez da ahantzi behar ere Mendebaldearen “ongi bizitzea” neurri handi batean oinarritua dagola Hirugarren Munduaren sufrimenduan eta “gaizki bizitzean”, beraz huni buruzko bihotz-gogortasunean. Eta globalizazioak ez ditu gauzak hobetu. Fedeak, ondorioz, anti-idolatrikoa izan behar du aktiboki.

            Hirugarrena, fenomeno askitto berria da: idoloen itzultzea. Jainko monoteistak elgarren kontra borrokan ari diren bitartean, politeismoaren jainkoak ongi bizi dira elgarrekin; pluralismoa eta bizikidetza laguntzen dituzte. Baina horren ondorioa da desargertzen dela biktimen alde egiten duen Jainkoa, eta hunekin batera alteritate desafiatzailea, galdera-sortzailea eta aukerak emaiten dituena. Eta alteritate hori huntan datza: “bestea” hor dagola onartzean, bereziki behartsua.

Gai hunekin segituko dugu ondoko aldian ere.

 

                                                                                                                      Peio Ospital

                                                                                                                      2017-01-23

 

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

ARGIA

Hemen dugu kanderailu eguna, urte guziz bezala. Jendeen, adinaren, tokiaren araberako erran-nahiak ditu egun horrek eta, denbora berean, berdintasun bat ere edo elgarrekilako lotura bat.

 

Matahamiak edo krepak egiten dira etxe ainitzetan eta okindegietan. Nolaz du krepak holako fama ? Hitz hori aipatzean, aurpegiak argitzen dira eta halako airostasun bat senditzen da, denak omore onean jartzen dituena. Ohidurak erraiten du matahamiaren forma borobilak eta kolore oriak iduzkia itxuratzen duela. Negu iluna eta egun beltzen ondotik gauak luzeak izana gatik, iduzkiaren nahikariak matahamiaren borobiltasun koloretsua iduzki bilakatzen du . Eta iduzkiak, bereziki neguan, badu ahal hori, alaitasuna eta airostasuna zabaltzen dituela gorputzean eta izpirituan.

Ohidurak erraiten du iragan urteko arinarekin egiten zirela krepak, urte berriarentzat joritasun sinboloa izana gatik.

 

Egun hortan ere Jesus Haurraren presentatzea Jerusalemeko tenploan, Elizak ospatzen du. Jondoni Luken Ebanjelioak erraiten du nola Maria eta Josepek, Jesus ekarri zuten tenplorat eta han aurkitu zuten Simeon deitu gizon bat. « Izpiritu Saindua berekin zuen eta aditzera emana zion ez zela hilen Jaunak igorri Mesias ikusi gabe ». Jesus ikusi zuelarik, haurra besoetan hartu eta erran zuen : «Orai Jauna zure zerbitzaria joaitera utz dezakezu, hitzeman duzun bezala, bakean ; neure begiez ikusi baitut zure salbamendua, herri guzien aitzinean zuk prestatua, nazioneen argitzeko argia eta zure herri Israelen aintza ».

Girixtinoentzat, Jesus argia da, beren biziko argia. Egun hortako mezan, kandelak pixten dira, apezak benedikatzen ditu eta jendeak prosionean sartzen dira elizan. Bururatzean bakotxak bere kandela etxerat eremaiten du eta ortzia delarik, pixten du. Jainkoaren argia goraitpatzen  da.

 

Elizak egun hortan ospatzen ditu ere beren bizia Jainkoari kontsekratu dituzten serora eta fraile guziak. Maria eta Josepe tenplorat joan dira Jesus, Jaunari eskaintzeko, « Jaunaren legean idatzia baita : « Lehen-seme guziak Jaunari sagaratuko zaizkio ».

Lege hau aurkitzen da Biblian, Jalgitza liburuan. Israeltarrak esklabo ziren Egipton eta Moisek ateratu zituen, Jainkoaren laguntzaren bidez. Askatasun hori dute beti aipatzen eta ospatzen. Eta Jaunak erran zion Moisi : « Israelgo lehen-sortu guziak, jende ala abere, sagaratuko dauzkidazu, nereak baitira. »

Serorek eta fraileek esklabotasunatik ateratzea bizitzen eta orroitarazten dute. Beren bizia Jainkoari eskaintzean eta kontsekratzean, askatasuna erakusten dute. Alta, arras bertzela iduritzen zauku, ez direla libre, behar dutela obeditu, ez dezaketela nahi dutena egin, ez dutela familiarik sortzen, bertze serora edo fraile ez hautatuekin behar dutela bizi eta hori ez dela batere errexa…

Askatasuna ez da, hemen, bere buruak nahi duena egitea ; heien hautua da Jainkoaren nahia egitea, haren argiaren bidez beren norberaren nahiaretik libratzea. Bide hori hartzeko, behar da maitatu, ainitz maitatu. Zeren, maitatzen delarik, maitatzen den nahiaren egitea da lehentasunezko gutizia. Maitatzen denaren baitan emaiten da konfiantxa guzia eta orduan desira pertsonaletik ateratzen da eta libratzen da. Bizia doain bilakatzen da, ezkontzaren bidez emazte eta gizonek egiten dutena  edo serora eta frailek egiten dutena Jainkoari.

 

Matahamiak, kandelak, bizi kontsekratuak, argia dute erakusten : Neguko ilunbetarik ateratzea,, nazioneen arteko ilunbetarik ateratzea, munduko esklabotasunaren ilunbetarik ateratzea. Argi horiek alaitasuna, begitarteko pindarra sortzen dute eta bat bertzeari laguntza ekartzeko nahia.

 

Badira arrazoi ainitz argia ospatzeko eta gauaz da hobekienik argia ikusten !

 

 

Maite Irazoqui

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

Halere, milesker Obama !

Obamak mirakulu anitz egin behar zuen eta, bistan dena, ezin izan du bakar bat egin. Baina non bizi gara, zein mendetan, buruzagi berri bat hautatzen dugun aldikal harenganik gaitzeko sorginkerien igurikatzeko ? Noiz ote zentzatu behar dugu ? Egia da ezkerrean beti halako ustekeria bat franko zabaldua badagoela : gauzen aldatzeko, aski dela nahikaria, hain errex balitz bezala, hain sinple ! Orain hein guziak gaindituak ditugu : kasik jende osoa gain hartariko mirarien haiduru ikusten dut, ahoa xabalik…

Gainera, engoitik jakin behar genuke Estatu Batuetako presidenteak ez dituela botere guziak eskuetan, maiz parlamentu bikoitzaren baimena behar duela, funtsean Frantziakoak bezala. Bestalde iduri luke, eta Obamaren aitzinekoek ustekeria hori bazuketen, Estatu Batuetako presidentea mundu osoko buruzagia dela, baina kanpoan ere traba handirik aurkitzen du ausarki.

Obamak oztopo eta epantxu zenbait gainditu ditu. Adibidez Kubarekin harremanak berriz lotu ditu, Frantses Aita Sainduaren laguntzarekin, 55 urtetako hausturari konponbide bat emanez. Halaber Iranekin aterabide bat ediren du, Frantziako eta Israeleko buruzagiek alderantziz gogortasunera bulkatzen zutelarik.

Palestinan ordea ez du arrakastarik erdietsi bakearen alde, Israeleko gobernuak muzin egin baitio, bereziki bere kolonien hedatzeko politika areagotuz. Haatik bere agintaldiaren bukatzeko bezperan, Obamak  Netanayu gobernuburuari azken ostikoa eman dio, eta ez txikia. Iragan abenduaren 23an, ONU erakundeko hamabost Estatu nagusiek Zisjordaniako judutar kolonien hedatzeko politika gaitzetsi dutenean, Obamaren ordezkariak ez dio erabakiari bidea hetsi usaiako betoaz. Argi egon da horrela Obamak epaia bermatu duela.

Netanayuk oso gaizki hartu du, deliberoa ez omen du kontutan hartuko, beraz koloniak aitzina hedatuko ditu. Beraz aldaketarik ez da gertatzen praktikan. Haatik espirituetan, mundu zabalan gaindi, bihurgune handi bat hasten da nik uste : Zisjordaniako kolonizazioa ez da legezkoa. Ideia horrek bere bidea eginen du, goiz edo berant ondorio praktikoak ekarriko ditu.

Beste gauza bat segurua : Natanayuk, eta ni beldur Israeldar askok, oroimen laburra dute, baita esker txarra, zeren Israel Estatu bezala legezkoa baldin bada, eta lehenik sortu bazen, ONU erakundearen erabaki bati zor dio : 1947ko azaroaren 29an ONUko biltzar orokorrak bozkatu zuen Palestina bi Estatu berritan banatu behar zela Britainia Handiko Erresuma Batuak lurralde horretan zaukan mandatua bukatuko zelarik : bata judutarra, bestea arabiarra.

Palestinarrek beren herrialdearen zatitzerik ez zuten onartu.

Delako mandatua burutu baiko, Israeleko Estatua sortu zen 1948ko maiatzaren 14an : sionisten indarrari esker, egia da, baina ONUren oniritzi eta babes moralarekin, eta horrek eragin praktikorik ukan zuen. Adibidez Israel sortu berriak Sobiet Batasunaren laguntza militarra ukan zuen azpiz, Txekoslobakiaren arartez, honek arma pizuak helarazi baitzizkion. Palestinar Estatua ordea ez da oraino sortu, eta judutar kolonizazioak bidea hesten dio gero eta gehiago.

Eta guk zer egin dezakegu ? Batetik erosketetan zentzuz hautatzea., hori gure esku baitago zuzenka. Bestetik palestinar agintea Estatutzat ezagut, eta hori « gure » gobernuaren lana litzateke. Duela bi urte Hollande presidenteak hitzeman zuen aldaketarik ezean, bi urteren buruan Palestina Estatutzat onartuko zuela ofizialki. Epea joanik, presidente jauna, orain duzu hitzaren betetzeko tenorea. Frantzia ohora zenezake, zeure burua garbiki atera historiako ate handitik. Arren egizu, Frantses Aita Sainduak egin duen bezala ! Dena dela, huts guzien artetik eta ezintasun guzien gainetik, milesker zuri, mister Barak Obama, Palestinaren alde azkenean egin duzun urratsaz.

 

J-L. Davant

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

Tradizionalisten galaxia ipar Euskal Herrian

“Vatikanoko bigarren kontzilioarekin, Eliza desbideratu da osoki, duela bi mila urtetik hartua zuen bidetik”. Hara tradizionalista guztiek zer oihukatzen duten 1970az geroztik. Ideia nagusi horren azpian, latinez emanak diren mezetan ibiltzen dira, komunionea ahora hartzen dute. tradizionalista sareak kudeatzen dituzten apezek sotana beltza dute beti soinean, meza kontzilio aitzineko arropetan emaiten dute jendeari bizkar emanez. Puntu amankomun horien gibelean ordea hiru multzo arras desberdin lerrokatzen dira. Hiru sigla misteriotsu erabiliko ditugu hiru talde horien izendatzeko : FSSPX (Fraternité Sacerdotale Saint Pie X) hauxe baitugu Marcel lefebvre apezpikuak sortu zuen multzoa 1970 urtetan ; FSSP (Fraternité Sacerdotale Saint Pierre) Marcel Lefebvre Elizatik eskumikatua izan zelarik (1988) Elizaren barnean egoitea erabaki zuten tradizionalisten multzoa ; eta hirugarrena : USML (Union Sacerdotale Marcel Lefebvre) 2014ean FSSPXetik kanporatuak izan diren apez eta apezpikuek osatzen dutena. Hiru multzoak ez dira berdin ordezkatuak Ipar Euskal Herrian, baina FSSPtik arras hurbil ba dago hemen gaindi tradizionalista sare bat, guztiz ez ohizkoa, eta jaun apezpikuaren sostengu bizienarekin diskretuki aitzina doana. Ikus dezagun hori oro.

FSSPX Euskal Herrian

Multzo hau jabetu zen Domintxaineko eskolaz duela 27 urte, ordu arte eskola haren buru zen Goyhenetche apezak eginak zituen zorrak osoki bere gain harturik. David Aldalur, sortzez Biriatuarra eta FSSPX apeza da eskola horren buruzagia 2011az geroztik. Gauza jakina da AFMR eskolako presidenteak Etxarriko jauregia 800 000 eurorentzat saldu diola FSSPXi joan den uda ondarrean. Ondorioz mutikoen eskola eta iganderoko meza tradizionalista aterbetzen ditu orain Etxarriko jauregiak. Aldiz Domintxainen nesken eskola irekia dute. Bi eskolak ADEC (Association de Défense de l’école catholique) estatuarekin kontraturik ez duen sarearen barne dira. Bigarren kapera bat irekia dute kostaldeko tradizionalistentzat Milafrangan : notre Dame des naufragés eman diote izena, meza bat ematen da hor igandero, eta ba dute aski leku beharrez eskola baten irekitzeko.

David Aldalurrek euskal kantika zaharrak eta Besta berri bezalako ohiturak brauki baliatzen ba daki. Apez hau jinez geroztik “Besta Berri” distiratsuki antolatua da Domintxaineko plazan. 2014ean Behauzeko “eskuz esku” fanfarrak parte hartu zuen, 2015ean “Jose Lontxo” Donostiako txarangak, eta iaz “Burgaintzi” amikuzekoak. Ikasturteko bestaren karietara David Aldalurrek “ikurriñari” dantza emanarazten die eskolako haurrei. Ez da batere gaizki, FSSPX sareak latina duelarik elizan erabiltzen, eta lekuko hizkuntzetan Jainkoaren laudatzea gain gainetik gaitzesten.

 

 

USML Euskal Herrian

USML sarea muntatua da 2014eko primaderan, FSSPXetik kanpo emanak izan diren 47 apezek eta Williamson apezpikuak osatzen dute. Azken honek jadanik bi apez apezpiku ordenatuak ditu geroztik. Sare honek goraki Eliza katolikoa eta FSSPX zaku berean sartzen ditu. Oihukatzen du bera dela egiazko Eliza, Marcel Lefebvre apezpiku zenaren bidetik. Diotenez bigarren Kontzilioko Elizak eta Aita Sainduak kristau tradizionea hautsia dute orobat, funtsezko Elizatik kanpo joanak dira. Aldiz, FSSPXek Marcel Lefebvre trahitua du, ari baita beti Erromarekin negoziatzen kontzilio ondoko Elizan multzo berezi bezala ezagutua izaiteko.

47 apezek osatzen duten USML multzoan daude,  Nicolas Pinaud, Aldalur aitzin Domintxaineko eskolako buru egona, eta Olivier Rioult, hau ere Domintxainen irakasle egona 2010 eta 2011an. Azken honek erosi zuen Sarrikotapen baserri eta abere aterbe bat. Hor irekia du Saint Agobard ermitaua, berritze lanak kudeatzen ditu, eta latinezko meza emaiten erregularki.. Nahiz frantses errepublika Satanen mende ekartzen duen, deabru horrek ekar dizkiokeen abantailak ez ditu ukatzen, Oloroneko suprefeturan deklaratua du Saint Grat elkartea 2016eko urtarrilean. Horrela ermitauari eskaintzen duten dirua beren zergetatik kendua izaiten dute laguntzailek, milesker frantses errepublika demonioa ! dena den, Olivier Rioult-k dionez 60 presuna hurbiltzen dira komunzki Sarrikotapeko meza horretara. Etxarriko eskolan haurrak ezarriak dituzten familien parte bat, Sarrikotapeko latinezko mezara joaiten da. Atsegina Rioult-rentzat, arrangura aldiz Aldalurrentzat, ez ote duten Etxarriko eskola utziko eta Sarrikotapen Rioult-k irekiko duen eskolara joanen, FSSPX Eliza katolikoko adar bat bilakatzearekin.

FSSP Euskal Herrian

Etiketa honen pean biltzen dira 1988az geroztik kontzilioko Elizan lerrokatzen diren tradizionalistak. Paueko Saint Louis de Gonzague eliza eta parropia kudeatzen dute, Vincent Ribeton apeza buru. Ez da gure diozesan FSSP beste egiturarik, ez elizarik, ez eskolarik, ez laiko talderik. Nahi dut.

Baina multzo tradizionalista arras ongi ordenatuak ba dira. Jakina da Baionan, St Amand auzoko elizan ba dela igandero latinezko meza, 60 presuna hurbiltzen zaizkio, opor denboretan bi aldiz gehiago, Thomas Becket elkarteko hiru apezen artean kudeatzen dute . Miarritzen egun oroz ematen dute goiz-meza gregorianoa meza hori. Josepe elizan, Saint Martin elkarteko hiru apezek. Hauek sotanean ba dabiltza beti, errugbiako partidetan ere. Laikoetan nola ez aipa Edouard Cestac eskola, nahitara ez duena kontraturik estatuarekin, 2014ean irekia, Arrangoitze Haixteian, hogei haur eskolatuak dira hor, hiru urtetik haste. Burrasoek hilabetean 150 euro pagatzen dute, urteko hamar hilabetetan. Nola ez aipa oraino Baionan muntatua duten “domus cristiani” familien mugimendua.

TH Becket eta St Martin apez taldeak ez dira Elizaren legez FSSPri lotuak. Talde horietako apezek ikasia dute bi erritotan meza emaiten. Frantsesez edo/eta lekuko hizkuntzetan kontzilioz geroztikako moldean, eta latinez Pio Bosgarrenaren meza (1570), 1962an Vatikanok gaurkotu zuena emaiteko gai dira. Becketarrei emana izan zaie berriki diozesako ikastegi publiko eta pribatuetako omonier kargua. Apezpikuaren manuz, Miarritzekoek lehen tokia dute gazteen ezkontzarako formakuntzan, bai eta ere bataioa eskatzen duten laikoen moldakuntzan. Ba du bulta bat tradizionalistek sator lana abiatua dutela gure diozesan.

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

MEA CULPA

Zenbat nahaskeri eta saltsa hilabete hauetan, (eta egia erran, beti zoritxarrez), batek hau ez ongi egina, bertzeak hori arras makurra, hirugarrenak ahalkegarria… eta salatu guziak egiak edo egia hurbilekoak izanik ! Egia horiek nornahirentzat erran ditazke, bainan jende haundien ganik edo arduradunen ganik eginak ez dira batere onartuak. Eta ikusiz jende horiek ez dutela, edo arras guti, mea culparik egiten, arazoa bortitzen da.  Zer dugu delako Mea Culpa hau ?

 

Bi hitz ttiki horiek falta bat edo huts bat egin delako aitormena da. Gauz makur baten egile garela aitortzea ez da errexa. Hortarat heltzeko, jarrera batzu galdegiten ditu. Lehenik buruargitasuna, ongi behatzeko eta ikertzeko. Ixiltasunezko begirada bat, helburu gabeko begirada, gertatzen diren guzien pertzepzioa ukaitea galdetzen du buruargitasunak. Hunek ez du ez kondenatzen, ez jujatzen ; urruntxegotik bezala behatzen du, emoziorik gabe eta bertzen eraginik gabe. Buruargitasuna ingurumenari behatuz hasten da, gizadiak eta gizarteak emaiten dituzten argibideak errezibituz gorputzeko sentsuen bitartez. Adimenduari eta ulermenari bidea idekitzen diozka buruargitasunak.

 

Gauzak hola behatu eta konprenitu ondotik, irizpideak[1] ezartzen dira, gizartearen baloreak, erlisionearen baloreak, moralaren baloreak. Hauek biziaren bideko erreferentziak dira. Nork berak ez du errexki bereizketa eginen. Buruargitasunak emanen dio, nori konfiantxa egin eta nori ez, bereizketa hori sanoki eramaiteko. Jende puxanten ondoan gortea hurbil izanik, mea culpa egin beharretan direnek bertze motako jendeak beharko dituzte hautatu.  Entzun nahi dena erraiteko da gortea, ez eta nagusiaren burua argitzeko edo zeharka joaiten denaren xuxentzeko.

 

Mea culpa heinerat heltzeko, bada bertzerik oraino. Doi bat bere ikusmoldeari eta bere ziurtasunari uko egitea galdetzen du edo berdin batzuetan bere fede onari. Ustez ezin hobeki egina makur ateratzen delarik, engainatu dela onartzea galdetzen du mea culpa horrek, justifikatu gabe, bere burua xuritzerat entseaitu gabe. Apaltasunez ! Sekulako arrazoiak ateratu gabe, hutsa bertzen bizkar eman gabe, soilik onartuz engainatu dela. Urguilua eta nartzisismoa zarpan ezarri eta mea culpa polliki erran. Kuraia eta bertute eskatuz, ez baita batere aise bi hitz ttiki horiek erraitea, gain gainetik jende ainitzen aitzinean ! Alabainan, bi hitz ttiki horiek erraiteak nork beraren korapiloak laxatzen ditu eta bertzeri  beren nortasunaren atea idekitzen.

 

Idazle batek (Jean Michel Charlier) kondatzen du gertakari hau, Estatu Batuetan, Nevadan gertatua, XIX garren mendean, Navajo delakoen tokian. Heietarik bat, Vittorio deitua, gerlari kartsu eta bihotzduna zen, bai eta gaitzikor[2] eta gutiziatsua.  « Ezpata luzeekin » nahi zuen borrokatu. Hain zen urguilutsua nun ez zituen niholaz ere bere hutsak onartzen. Chini, emazte gazte bat, maite zuen eta  hunen hitzek begiak ideki zizkion eta bere itsutasunatik ateratzea onetsi zuen eta erran:

« Bere Herriaren hondamenak Vittorioren adimendu itsutua ideki dio, ospearen egarriak itsutu zuena. Blueberryren xedea baizik zen ona. Hau errefusatuz, nik, Vittorio, jende ainitzen hiltzea ekarri dut. Nik errana ! »

Chinik orduan irizpide hau erran zuen :

« Bere hutsak zuhurki onartzen dituenak, hura ditake egiazko nagusi bilaka ! »

 

 

Maite Irazoqui

[1]Irizpide : critère

[2]Gaitzikor : ombrageux

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

Léon-Albert Terrier, Baionako apezpiku ohi agurgarriari

Léon-Albert Terrier, Baionako apezpiku ohi agurgarriari

Jauna,

Duela 60 urte, Baionako maite zinuen Eliza utzi zinuen, oraino itxura ederra eta fierra zinuelarik, 64 urtetan. Denbora hartan ene soldadogoa Parisen egiten ari nintzan, mariñel bezala (ba! ixtorio bitxi hori ahantzia baduzu bestaldi batez kondatuko dauzut), beste lagun gehienak Aljerian gerlan zirelarik. Barkatzen ez duen hezurren mingaixtoa lotu zitzauzun otsailaren hastapenean eta laster Gustave-Roussy Villejuif-eko fama iluneko ospitalerat martxoaren 4an ekarri zintuzten eta jin ginen Kadet Salaberremborde altzürükütar adixkidearekin (hura ere mariñel) zure ikusterat. Zure gorputza plastre kortseta lodi batean tinkatua zen, ezker besoa salbu. Gure mariñel jantziak ikusi zinituelarik, umore kutsu batekin, gaitzeko gogoetaldi eta mintzaldi batean abiatu zinen, zure jitea eta usaia halakoa baitzen, ele bero errexa beti: lur huntako, gure biziko harat-hunatak nolakoak diren, itsasoan bezalakoak, uhainek, haizeek, ekaitzek inarrosten gaituztela, bainan lanjerren erdian bide zuzena atxiki behar dugula, zeruari behatuz beti, izar gidaria gain hartan baitago eta holako, zure boza oraino fermu zen eta mugitzen ahal zinuen ezker besoa ibiltzen zinuen, zure sofrikario ohetik prediku alki batetik ari bazine bezala. Denbora gutiz, apirilaren 16an, Baionarat ereman zintuzten, “Ah! Le ciel de Bayonne!” eta Delay klinikan sartu zinen, hor zinuela Emilio Laxague, ene herritarra, omonier bezala (banuke zer konda…), eta Bazkotik landa (apirilaren 21ean) beste munduko betiereko argirat joan zinen, sekulakoak sofriturik, 1957an beraz, maiatzaren 11n.

 

Berrikitan Roger Etchegaray kardinale jauna – luzaz zure lagunzale mina izana – bere Herrirat itzuli delata berriz eskuratu dut 1958an zutaz plazaratu zuen liburu potoloa, gertakari nausi, prediku, mintzaldi, gogoeta, otoitz eta bestez osatua, “Un vivant: Mgr Léon-Albert Terrier, 1893-1957”. Opari bezala eskaini zautan marrazki ttipi zonbait egin bainituen kapitulu zolak doi bat apaintzeko. Estakuru hortan hosto mamitsu horiek berriz pasatu ditut emozio haundi batekin, bainan gehienik haur bat bezala behatu ditut nasaiki hor bilduak diren argazkiak, denetan zure aurpegi gozoa ikusten dela, irri lasai batekin, holakoa baitzinen bihotz haundikoa, jendekilakoa, lañoa, optimista, kultura aberatsekoa, gizona, ba, eta Eliza gizon kartsua, Baionako Elizaren artzain suharra, guziz maitatua. Ekintza katolikoari bultzada berri bat eman duzu, Euskaldun gazteriari bereziki, laborari mundua zure lehentasunetan baitzen, lurrari, naturari lotua baitzinen barne barnetik, sortzetik, mendizale ezin akitua. Argazki horietan apez guziak – hemengoak ziren denbora hartan – sotana beltzetan ikusten dira eta meza emaiteko soinekoak ere nahitez denbora hartako modan ziren, Baigorrin segurik, kontzilio aitzineko modan (1959an baitu Joanes XXIII.ak kontzilioa lehen aldikotz aipatu eta 1962an abiatu), aldiz aitzinamendu ttipi batzu izan ziren ordukotzat liturgia mailan eta zuk lagundu zinituen, jatorrizko mintzaira eta musika maite zinituelakotz eta senditzen baitzinuen beharrezkoak zirela fedearen oinarritzeko, “l’infranchissable barrière de la langue basque” aipatzen zinuela halako bihotzeko min batekin (L. Léon – Ebanjelioa, 1947). Zu, nahiz tradizioari errotik atxikia, aitzinamenduaren alde zinen ere, aberasgarri denetik, baitzinakien aitzina joan behar dela beti, beldurrik gabe, eta beti aitzina gidatu dituzu zure artaldekoak, deitzen zinituen Jainkoaren populua, berantago Kontzilioak ofizialki hola deituko baitu Eliza, Jainkoaren populua (1964eko  Lumen gentium konstituzioan).

Argazki horiek guziek frogatzen dute – ene konklusioa hori da segurik – zaharkitzen ari ziren jantzietan berdin berritze bat emaiten ahal zinuela/ginuela biziari, “Eamus ad vitam-Goazen bizirat” zen zure apezpiku lema. Egungo egunean zaharkituak diren jantziak biziaren funtsezko berritze baten seinale izan ditazkea ? Zonbaiten arabera ba omen…

 

Terrier apezpiku jauna gogoan zaitut beti, bihotzetik milesker.

  1. Oronos

 

Xehetasun gehiago :

GoÏty (Bernard) – Histoire du diocèse de Bayonne, Mgr Léon-Albert Terrier,

Bayonne 1944-1957, pp 462-481.

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment

Samurai Kasai

Samurai-a denek badakigu zer den, nor den : japones gerlaria, gudaria. Samurai deitzen dena soldado xoil bat baino gehiago da. Zerbitzarietan zerbitzariena da.

Bihotzez, arimaz ta gorputzez osoki nagusiaren defentsari emana. Leial, hil ala bizi.

 

Gure ixtorio honetako Kasai Samuraia akitua da. Gerlateari bizkar eman dio. Borrokarako ez dauka afizionerik gehiago baina nonbait bere baitan, osoki gudari-zerbitzaria da. Guda utziz gerroztik halere gogoa ez dauka bakean. Ez ote du, ondikotz, bere biziaren norabidea galdu ?

 

Arimari galdatzen dio : “Nora galdu haiz? Ni baitan ote haiz beti? ” “ Argi mintza hakit !” “Non aurkituko diat berriz bakearen bidea ?” Arimaren ahots ahula entzuten du sakoneko nonbaitik : “ Bakea aurkituko duk parabisuko bidea aurkitzen baduk. Kasu emak parabisuko bidea infernukotik hurbil-hurbil duk!”

 

Beraz, Samurai Kasai-k betiko ezpata laguna (katana) sahetsean, begia zorrotz, elea ozen, ohiko larderia golkoan, hasi da mundua kurritzen, jakin nahiz non hatxeman parabisuko bidea.  Leku frango debaldetan kurriturik, halako batez, merkatu plaza ttiki batean suertatzen da,  harmaila batean jarria, sagar jaten.  Jende saldoaren artean, hantxet ezagutu du gizon argala, ile zurixkara hura, asto baten gainean, merkatua zeharkatzen.

“ Badea posible! Nire maisu zaharra duk. Delako Hakun, gure eskola handiko irakaslea ! Zein jakintsua! Zenbat zor diotan? Naizen guzia, funtsean !”

Zutitu eta hubiltzen zaio.

  • Agur! Hakun jaun maisua ! Ezagutzen nauzu ? Nitaz orroitzen zira ?
  • Eeez!
  • Kasai! … Samurai Kasai naiz !
  • Aah! Baditake ! Etxera noa. Zatoz, han biak lasai mintzatuko gira.

Maisu zaharra segitzen du. Mendi-mendian bizi da Hakun, etxola arrunt batetan. Kasai sukaldean jarrarazten du. Dutea prestatu eta edanik, irrisaz eta sushiz asebeterik ematen dira solasean.

  • Ah! Beraz zuk parabisuko edo infernuko bidea bilatzen duzu ?
  • Bai! Nitaz oroitzen zira ?
  • Eta nola ez ? Abre bat zinen. Basati bat. Beti joka. Ez zinuen deus ikasten, kasko gogorra, tontoa. Ez zinuen ez ohorerik, ez errespeturik. Herra, mendekua, amorrua tripan zutik. Sofritu dugu zurekin… Begietatik ez zintugun minutu batez galdu behar. Nola ez naiz orroituko ?  Ez zinen jendea, ez zinen garbitzen, zure urde usainarekin, abere mintzoarekin. Zu, Zakur bat, besterik ez zinen ! Oraino ere behar bada ? …

Hakun  horrela ari zaion bitartean, Kasai-en aurpegia pasatu da zuritik gorrira, gorritik ubelera, lepoko zainak zapartatzekotan, begiak su… Nehoiz! Nehor ez zaio horrela mintzatu. Bi eskuetan hartzen du ezpata, soldado beso segurrekin, gora altxatzen, herra ezin atxikiz, maisua gainbehera arrailtzeko prest… Orduxean, maisuak behatza polliki altxatzen dio, irriño batekin  :

  • Tsz, tsz tsz …. Hori…Infernuko bidea !

Kasai-ek ezpata  eztiki gerriko zorroan sartzen duelarik, argiño batek piztu dizkio begiak. Ahuspez maisua agurtzean, gainetik entzuten du maisuak xuxurlatzen :

  • Bai ! … hauxe… hauxe …Parabisuko bidea!

Johanes Bordazahar

 

Posted by on 2017/07/08 in Sailkatu gabea

Leave a comment
Tresna-barrara saltatu