Integrismoa sator lanetan
Erroman berriki afixa « katoliko » elibat Aita Saintüaren aitzi ! Integristek Elizaren berritzetik epantxatü nahi düe gain hartan. Pean ere ari zaizkü sator lanetan, azken Kontzilioak zabaltü borten zerratü nahiz, Eliza berriz gibel eraman beharrez. Güti dira, bena eraginkor sosaren biltzeko ere, bereziki Zuberoako Pettar hontan. Ordü da lanjeraz ohar gitean eta bürü eman dezaiogun algarrekin, mail apalagoko aharren gainetik.
Egia lotsagarria hau da : müsülmanen artean bezala, kiristien artean ere badirela fededün gogor elibat, apentziala Jinko honak beno hebeki badakienak nola fededün izan behar den. Gure aitzinetik Eüskal Herriko Eliza zinez markatü züan Jansenisma deitü mubimentüak. Hamazazpigerren mentean sortü zen Baionan. Sorzaleak nor zütüan : batetik baiones apez jakintsü bat, Duvergier de Haurrane (Haurranea), « abbé de Saint-Cyran », bestetik horren adiskide handi bat, Jansens edo Jansenius, apezküpü flandriarra. Haurranek Jansenius Baionako etxondoan builta batez etxeki züan, harekin fedezko egia elibaten argitzeko.
Bien artean asmatü züen salbamentüari bürüzko ikuspegi ülün eta bortitz bat, gaizkia orotan ikusten züana, fededüna ifernüaren lotsan zapatürik etxekiz. Jansenisma lüzaz azkar egon da Eüskal Herrian. Hamazortzigerren mentean, apezküpü jansenista bat ere izan zen Baionan. Xiberoa Oloroeko diozesan zen ordü hartan. Haatik heben ere, apezen artean bortitzik bazen orano gure haur denboran. Beharrik Vatican 2 Kontzilioak libratü gütü nausikeria hersi hortarik.
Badakigün bezala, Eliza Katolikoak bi zutabe dütü : izkiribü saintüak eta üsantxa. Bena bizi den üsantxa berritüz aitzina doa, bizia bera bezala, honek dakartzan kanbioer zabalik : bestela eihartürik hiltzea lüke. Denbora joan ahala, Elizak bere legeak atetü zütüan, Farisauek beren denboran egin züen bezala : oihan tink hortan aire amiñi baten sarrarazteko beharra senditü züan azkenean : adar soberakinen artetik bide berriak zabaltü deizkü Kontzilioak.
Lefevre frantses apezküpü hura bizkarrez jarri zeion üsantxaren izenean, libreki pentsatzeko züzena ükatüz, eta moda zaharreko eliza bat eraiki züan, erraitez hori zela egiazko Eliza Katolikoa. Sarrikotapean plantatü berri den apez bat hürrünago doa, bai eziz eta Erromako Eliza, gurea, debrüaz argitürik dela – « inspirée par Satan ». Hona ene galtoa : Jesüs ere, farisau zonbaiten arabera, ez ote zena debrüaren izenean ari ?
Düala builta bat, ikasle nintzalarik Frantzia pe hortako Angers hirian, irakasle jesuita batek erran zeitan apentziala eüskaldünek Jansenisten errelijione hersi eta bortitz hartarik bagünüala orano. Aita Lhanderen libürüetan irakurri zükean, gure herritarrak – hura ere jesüita – holako aipamenik izkiribüz eginik beitzüan. Eta erran delako irakasleak aholkü hau eman zeitan : Jinkoa botxüa da, arroka, harkaitza ; hartan berma, eta ez lotsan bizi.
Arren gaztigüaren eta beldürraren errelijioneak ez dü zentzürik. Ebanjelioko ütürri garbitik edan dezagün, eta ez gizon ezkor, ülün, pesimista elibatek asmatü edari nahasitik. Hori da Kontzilioak zabaltü deikün bidea, Ebanjeliotik, orai seküla beno haboro Frantses Aita Saintüak aholkatzen deiküna. Jinko hona maita oroz gainetik, jentea maita gure bürüa bezala : beste legerik behar ote dügü ? Koblet horrekin aski lan ! Ez gira gibel ützüliko.
J-L. Davant