FEDEOLA

By , 2017/01/20 12:59

Euskal herriko Elizaz gogoetaldia iragan zen susmatu bezala. Ederki bainan oihartzun handirik gabe. Adin bateko jende multxo bat bildu zen. Gazte bat ere. Denak fededunak eta euskarari atxikiak. Erran zen zertan den euskal pastoraltza zerbitzua, parrokia batzuetan zer egiten den, diglosiaren akatsak saihesteko zer egin behar den, euskarazko katiximak dituen zailtasunak aipatu ziren, kantutegi berri baten sortzeko gogoa eta asmoa azaldu. Egun eder bat bizi izan zuen jendeak, bere kezkak eta bazkari xinple bat elgarrekin partekaturik. Hortan geldi.

Hemen berean erran nuen nola antolatu beharko zen egun hori, saiatzeko bederen, jadanik konbertituak diren jendeetarik urrunago hedatzera prediku eta gogoeta.

Giristino fedea, ahalik eta gehien euskaraz bizi nahi dugunen kopurua ttikia da eta ttikitzen ari. Gazteak ez ditugu gurekin. 45 ginen urtarrilaren leheneko meza nagusian, 4500 biztanle badirelarik herrian. Gizonetan gaztena nintzen, nere 65 urteekin.

Geroari begira, noizpeit euskal herriko gazteriak berritz hurbildu nahi baldin badu Elizatik, euskaraz nahiagoko duela aurreikus daiteke, euskaraz bizitzearen hautua egiten baitute gero ta gehiago euskal herriko burasoek. Ordu da bil ditzagun euskal kulturak sortu dituen altxorrak, molde berriak proposa. Hots, geroa baikorki presta. Hori guzia aski argiki azaldua diogu Apezpikuari. Ele lehun batzu bertzerik ez du bildu Fedea ta Kultura taldeak. 7 urtez.

Ez dugu hortan etsituko. Euskal pastoraltza zerbitzua ez da ele zuri batzuetan oinarritzen ahal. Bertze gisako zerbeit abia dezagun.

Harrizkoa lortu artean numerikoa egin daiteke zerbitzu gune hori. Hor gure altxorrak bildurik noiznahi erabilgarri izanen direla. Izpiritua eta gogoa lantzeko tresna baliagarriz beterik eta memento berean sortzaile, burdina edo gasna ola baten gisan. Fede ola.

Erranen da badagoela jadanik http://diocese64.org webgunean gisa hortako zerbeit. Sar gaiten eta ikus. Ikurriña klikatu eta agertzen dira atal hauek:

Liturgia: ongi egina.

Igandetako eta bestetako irakurgaiak: ederki.

Aita Pagolaren gogoetak : gruposdejesus gunera erematen du.

Sainduak: ??

Katekesia : kasik fitxik euskaraz.

Agiriak : hiru dokumentu interesgarri.

Loturak. Elizbarrutiak : Bilbo Donostia Gasteiz Iruña Tutera. FTK: Atalai.net. Liturgia: Amunsa. Bakea: Atxik berrituz (Blogara eremaki du eta hor ikusten da, Bakea kantatuz 2017ren iragarkia. Erran gabe doa hunek Diosesako gunearen atarrian beharko zuela).

Hedabideak: Lapurdi irratia, Mezak Euskal Irratietan, Mezak Euskal Telebistan: Hau ere ederki.

Baionako Diosesako guneak mereziko zuen zinezko euskal atal bat. Apezpikuari aipatu genion ba…

Fedeola guneak lan franko galdetuko du. Indar guziak itzali aitzin segi dezagun bilketa eta ahalaz sorkuntza. Baikorki. Gure partea egiteaz loriaturik. Fedeola gunean ezar daitezke:

Katiximari buruzko dokumentuak. Ahalaz sortuak.

Otoitzak.

Kantikak, beren doinuekin.

Haurren kantak beren doinuekin.

Doluan direnei zuzendu otoitz eta hitz pizgarrak.

Salmoak beren doinuekin.

Sorkuntzak : kantu eta bertze.

Gaztei egin proposamenak.

Kanta Jaunari”-ren inguruko lan aberatsa.

Herri mintzairen aldeko testu ofizial sakonak, euskaraz baino gehiago erdaraz. Frogadun argumentoz jabaldu ditzagun lañoki, jende berria etorri arau sortzen diren kataskak.

Pastoraltzarako proposamenak.

Munduan zehar sortu testu ederren euskal bertsioen atala.

.….

Bada non josta! Lehengo auzolanen gisan joka daiteke…

Mandio

 

“Itsasoan urak haundi… ”

By , 2017/01/20 12:50

 Urte berria hasterakoan, otoitz hau…ez hain paganoa !

 

1

Itsaso Ama, Ama gurea,

Zeruetan ez zirena,

Gaitzets  zaitzala iheslariak,

Izana eta izena.

Zergaitik duzu altzoan hartzen

Laster itoko duzuna ?

Ume-untzitik eman zinion

Biziaren atsegina,

Nolaz diozu orain zabaltzen

Ifernu beltzik latzena !

 

2

Itsaso Ama, Ama gurea,

Ehunka, milaka dira…

Txalupa zahar ustelduetan

Ausartzen itsas erdira.

Zaku tzar batzu bezala metan

Zerura daude begira.

Esperantzaren izar bat deno

Beroa dute desira.

Dohakabeak!  Oi! Balakite!

Doatzila hilhobira.

 

3

Itsaso Ama, Ama gurea,

Etsipena bihotzean,

Heldu zaizkizu herritik ihes,

Tiro hotsak  bizkarrean,

Beldurra tripan, oinak larrutan,

Listua gazi ahoan,

Gorputzak erbail, arima etxen,

Norapait heldu nahian,

Heriotzaren aztaparretik

Eskapatu ezinean.

 

4

Itsaso Ama, Ama gurea,

Nasaia duzu grazia,

Batean balsan, bestetan nekez,

Ematen duzu bizia.

Nolaz dabiltza uhainak dantzan

Uzkaili nahiz untzia ?

Iheslariak, haurra besotan,

Egin  beharrez jauzia,

Itsas-ahoa zaitu oinetan,
Zurrunbilo beltz  gazia.

 

5

Itsaso Ama, Ama gurea,

Sabel ezti emankorra,

Itsaso zolan haurrak ihauri

Beha daude ahozgora.

Lau semen aita, haurdun zen ama,

Betiko joanak zilora.

Zure besotan oi! Emaiezu,

Ama guziz maitakorra,

Musu batekin zeru goxo bat,

Etxean  galdu leihorra.

 

6

Ama gurea, Ama itsaso,

Heldu dira gosez hilak.

Ahuspez, galdez beren haurrentzat

Ogi galdu porroskilak,

Hor dizkiete brauki altxatzen

Aho aurrean pistolak,

Eskuburdinak edo zakurrak,

Urrunera berdin balak.

Jende zirenak  dira kabalak,

Tirokatzeko itzalak.

 

7

Ama itsaso, Ama gurea,

Deiadar eta karrasi

Sarraski huntan, gure oihuak

Lau haizetara doatzi.

Elkorrak bezain mutuak daude

Hainbat ‘National’ hautetsi.

Aterbe eman baino nahiago

Dituzte itoak utzi.

Besoez alfer, begiez itsu,

Denak hondora goatzi.

 

8

Ama itsaso, Ama gurea,

Harkaitzetan zure klaska !

Iduri luke  esku bat dela,

Etxeko atean joka.

Nork daki ez den delako HURA

Kurutzatua mailuka ;

Esperantzaren ogi bizia

Eman zuena. Ixilka.

Mahai xokoan, badugu leku !

Zatoz! Zaitzagun besarka !

 

9

Ama itsaso, Ama gurea,

Heldu nauzu galdatzera :

Delakoari entzun zinion

Goazen uraz bestaldera!”

Barkuko lagun adiskideeri

Zer jina zen erraitera ?

“ … Zuen buruko zoko-mutzitik

Jalgi zaitezte haizera.

Gogo hertxiak, bihotz nagiak,

Ausart argi zabalera….“

 

10

Itsaso Ama, Ama gurea,

Erdiminen oinazean,

Hondamenditik  jende berria

Sortzen ari da gurean.

Bai hemengoak  berdin arrotzak

Girade barku berean.

Aska ditzagun unama-sokak,

Esku-esku lot lanean.

Bada mentura, zerbait dezagun

Irabaz anaiartean.

 

Johanes Bordazahar

 

Coda. Aurtengo urtarrilean, zoriona, osagarria, eta batez ere bakea aipatu eta elgarri desiratu ditugu, opa oneko bakezaleak girelako. Baina, bakegileak!  Zutitzen bazirezte, bakea obratzen hasteko, “Lege Nazionalaren” ezpata zorrotza buru gainetik daukazue! Lekuko : Luhusoko “Bakearen Artisauak”; eta la Roya (06) mendi ibarreko herritarrak, 5 urteko presondegiaren mehatxupean, iheslarieri salda beroa eta xoko idor bat ematea gatik. Bideska berriak urratzen ari dira… Badakigu nondik mentura!

 

Genero teoria” edo ezkontzaren kontrako gerla mundiala (II)

By , 2017/01/20 10:53

 

Joan den aldian (ikus HERRIA, 2016ko azaroaren 24ko kronika), Frantses Aita Sainduak hain gogorki salatutako “genero teoria” zer den ulertzen entseatu gira. Gaur entseatuko gira ulertzen zergatik duen hain gogorki salatu.

Oroitaraz dezagun bi hitzez nola, ideologia horren arabera, gizakiaren sexual izaera ez dela bere sexu biologikoaz dependitzen, baina norbera zertara isuria sentitzen denaz baizik, “generoa” deitua, bakoitzak hauta lezakeena (homosexuala edo heterosexuala, bisexuala, transexuala, neutroa, etab…). “Sexu” hitza baztertzen du, “genero” hitza ezarriz ordain, sexu biologikoari ez begien edo ileen kolorea baino inportantzia handiagorik emanez. Afera hori larria da, ideologia horrek maltzurki sartuak baititu aztaparrak Frantziako eskola liburuetan(1), haurren mentalitateak aldatu nahian.

 

Ugaztun guziak ar eta eme dira, sagu eta andderederretatik hasiz. Ar eta eme izateko partez errulea izan balitz gizakia, oiloen antzera, ez litzateke mundu huntakoa… Duela 65 milioi urte, meteorito erraldoi bat (hamarren bat kilometro edo gehiago bazituzkeen zabaleran) erori zen Lurraren gainera, Yukatan penintsula aldean, ezin sinetsizko desmasiak eginez. Lur guzia ikaratu zen. Uholdeek, suteek eta sumendiek funditu zuten planeta guzia. Hautsa eta errautsa kilometrotan gora harroturik, Lurra ilunantzean gelditu zen urtetan…

Denbora hartan, animalia erruleak – dinosauroak hain zuzen – ziren Lurraren jaun eta jabe, ugaztunak aldiz heien beldurrez gordeka. Arrautzak, gauza hauskorrak, ez dira hoberenak ingurumen kaltegarri batean. Ugaztunen umeak aldiz, ontsa gorderik amaren sabelean, bai. Arrautzak eta hazkurria eskasturik, dinosauroak inomine batean desagertu ziren kasik denak, salbu gaurko heien ondoko errule ttipiak (hegaztiak, narrastiak, etab…) eta ugaztunak orduan ugaldu, garatu eta munduaz beretu, gizakiari lekua prestatzen ziotela.(2)

 

“Gauak bai eta egunak, Jainkoak ditu eginak!…” abesten dugu elizan. Kantuak ez baitu halere ezkontza aipatzen, entzun behar da Frantses Aita Saindua: “Ezkontza da Jainkoak kreatu duen gauza ederrena. Bibliak dio Jainkoak kreatu duela gizona eta emaztea, bere iduriko (Hasiera 1, 27)…. Bada ezkontzaren etsai handi bat: “genero teoria”. Gerla mundial bat bada gaur ezkontzaren suntsitzeko. Badira kolonizatze ideologiko suntsigarriak, ez arma bidez baina ideia bidez dihardutena…”.(3)

 

Bibliaren argitan, “genero teoriak” ezesten du gizakiaren bokazio bai humanoa, bai dibinoa. Idatzia da: “Hargatik, gizonak bere aitamak utziko ditu bere emaztearekin elkartzeko, eta bat bera izanen dira.” (Hasiera 2,24). Ezkontza elkargoa, Jondoni Paulok Kristori eta Elizari lotzen du: Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Elizari loturik ikusten dut. (Efesoarreri, 5, 32). Gizakia Jainkoaren idurikoa bada eta senar-emaztea bat bera ezkontza elkargoaren bidez, zenbat gehiago bat bera Bildotsa eta Eliza, Bildotsak finkatu elkargo berrian? Misterioa hain da handi non Jainkoak erran duen: «Egiaz diozuet: nere haurrideak diren ttipien hauetarik bati egin diozuen aldi guziz, nihauri dautazue egin». (Matiu 25, 40)… Jesus gutan da piztu!…

(segituko du)

David Acheriteguy

 

(1) http://www.fondationlejeune.org/images/pdf/manuel-gender-fondation-lejeune.pdf

(2) http://www.cnrs.fr/cw/dossiers/dosbiodiv/index.php?pid=decouv_chapA_p2_f1&zoom_id=zoom_a2_1&savoir_id=savoir_a2_z1_1

(3) http://lesalonbeige.blogs.com/my_weblog/2016/10/le-pape-françois-dénonce-une-guerre-mondiale-pour-détruire-le-mariage.html

 

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu