Artzamendiko harriak mintzo

By , 2016/12/23 18:10

Artzamendi kurritu duenak ikusi dituzke dotzenaka borda zahar, teilatuak lurrean, leher eginak. Artzaingoa aldatu da.  Beste mundu iragan baten aztarnak hor daude guri begira.  Guri begira ta guri mintzo. Hainbeste lanen egiteko  behar zen beso. Besoen artean, Pelorenak.  Pelo “Harria”, inguruko herriko-etxeko paperretan ez da nehon hatxematen Peloren arrastorik. Baztan aldetik jina zitekeen

Diote mendian artzain zagolarik,  haize hegoak bortitz jotzen zuen batez, aixolbean eman zela, jarririk, harresi zahar baten gibelean. Hor zuen entzun harresia haizean kantuz. Soinua ez zuen pollita kausitu. Harri batzu lekuz aldatzera menturatu zenean, harresiak musika atseginagoa atera zuen.

Geroztik nornahik ikusiko zuen, haize egunetan, Pelok harri bat haztatzen, perekatzen,  beharrira hurbiltzen, harresian paratu aintzin; ama batek ñiñiarentzat daukan arta berarekin. Mailuarekin “kixki ta kaxka” harria joko zuen, iratzartzeko. Harriak berak erraiten zion nun  nahi zuen finkatua izan. Haizean egonen zen, harriak hantxe eta hementxe lekuz aldatuz, musika ona ardietsi arte. Zenbat borda, etxola, ez du zutik eman ?

Ikusia izan zen behin baino gehiagotan besteek egin horma edo pareta osoak aurdikitzen.

  • Pareta hunek ez dik atxikiko, soinu txarra dik !  Hor harriak tinkiegi ezarri dituk. Murruak hatsa behar dik hartu !  Entzun’tzak ! Harriak berak errai’n dauk.”

Jendea jiten zitzaion laguntza eske. Baina  Pelok bakarrik haize egunetan egiten zuen lan. Eta bazakien zein  izanen ziren haize egunak. “ Etzi hasiko gaituk, haize eguna izanen di’uk !”.

Zahartzearekin jendeen solaseri arrunt elkortu zen. Bainan harrien deia beti hautemaiten zuen. Jitezko dohainak bizkor atxikitzen zuen gure gizona.

Bezperan, murruxkila baten muntatzen ari izana zen pentze hegi batean.  Gau hartan, haize hegoak sekulako ufakoak botatzen eta Pelok, ohetik, senditzen zuen harri batek sofritzen zuela. Zutitu eta joan zen harriaren arrimatzera. Biharamunean ez zen etxera agertu. Pelo gaizoa hatxeman zuten malda erditan hedailo, harri gotor bat eskuetan. Harria goiti ekarri nahiz bihotzekoak eraman zukeen. Ez da dudarik Artzamendiko harriek Pelo berekin nahi zutela.

 

Entzuna naiz sainduen eskuetan harriak zilar bilakatzen direla. Beraz gure Pelo bere gisako sainduetarik zen. Nola ez ? Haizearen aurpegia ikusia zuena eta harriaren mintzoa entzuna ! Hori dautzute salatuko Artzameniko harriek. Hauek entzuten dituenak ikasiko du gutarik bakoitzak saindutik badugula, mundu huntara  deituak girenaz geroz, Pelok bezala, bakoitzak dohain apartekoa badugula gure lanbidea, bizibidea egiteko. Begira jendeek zer mirakuiluak egiten dituzten orratz xoil batekin, piano, palote, pilota, haixtur, pintzel, zizel, edo nik dakita zerekin, ahoz ala esku hutsez berdin … Hots, bakoitzari  jitea loratzen zaionean zer miraria!  Maiz bidea luze egiten zauku gure jaidurari bere neurria emaiteko. Dena den,  beharria etxeko paretari  emaiten badiozu, erranen dautzu, elizan ere entzunen duzuna, gutarik bakoitza, harri bizi bat dela.  Edozein harri kixkorrek, den ezdeusenak, bere leku baliosa badaukala besteen artean.

Johanes Bordazahar

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu