Andereño (Joanes 2016 07 21)

By , 2016/08/18 13:15

Bexit (7/07/2016)

By , 2016/08/18 13:09

Xipri

Gehaxina mutxurdina eta Mahañoren bi senarrak 2016 08 04

By , 2016/08/18 08:14

Gehaxina mutxurdina eta Mahañoren bi senarrak

 

Menturaz ohartu zira, igande goizetan, Gehaxina eta Mahaño besoz beso bi atso, bi xori ume bezala elizako bidean. Gehaxina aitzin-aitzinera doa, aldarearen ondora. Batzuetan epistola irakurtzen du eta komunioa ematen. Mahaño aldiz, eliza gibeleko xoko baztertu batean gelditzen da eta komuniatze mementoan, denak aldarera lerroan abiatzean, aurpegia negarrez urtzen zaio Jaunaren hartzea debekatua zaiolako… Mezatik landa, gau eta egun egonarriz, bere senarraren artatzera itzuliko da Mahaño,  Alzheimer eritasunak jana duen bere bigarren senarraren artatzera…

 

Hemezortzi urtetan gizon batez maitemindurik, Gehaxinak ezkondu nahi zuen. Handia izan zen bere nahigabea gizona dibortziatua zela jakinik, eta bere familia eskandalizatu zen…

— Gizon horrek galduko zaitu, erran zioten bere aita-amek. Horrekin ezkontzen bazira, ez zira sekula gehiago kofesatu edo komuniatzen ahalko, ez gazama izaten, ez mezan irakurtzen, ez komunioa ematen, ez katixima egiten ahalko…

Gizona hautatuz Jesus ez nahi uka, Jesus hautatuz gizona ez nahi uka, biak maite eta bat hautatu behar, Gehaxina gizagaixoaren bizkar ahularentzat zama jasanezina zen…  Azkenean, familiaren gaitzespenari jarraikirik eta Jesus ukatzearen beldurrez, maite zuen gizona utzi zuen. Ez zen sekula ezkondu. Egun guziez karrikan, beste emazte bat gurutzatzen du maite duen gizonaren besotik, eta negarrez ezin kontsola iragaten du eguna. Igandetan baizik, mezan aurkitzen du kontsolazioa.

 

Mahañoren familia aldiz ez zen elizatiar kartsua. Aita igandetan ihizin eta ama mezara joateko partez kozinan, etxean ardura bazen erbia saltsan. Mahaño hemezortzi urtetan ezkondu zenean alta, aita-amek nahi izan zuten elizan, bere ezkontzari ospe handia ematearren.

— Ba, elizatik behar da pasatu merezi duen ospea emateko ezkontzari, aitortzen zuen Mahañoren aitak… Ez bazira elizan ezkontzen, herriko etxetik baizik, iduri du presaka, erdi iheska ezkontzen zirela, supermerkatura erosketak egitera joaten bazina bezala. Elizan aldiz, ez du aparantziarik ere berdin balio! Herriko etxeko gela hotza baino arras ederragoa da eliza bere apaindura eta beirateekin! Han bai zeremonia ederra, jende guzia kantuz organoa lagun, apeza jantzi ospetsuetan, eta elizatik ateratzean ohorezko hesia, zeinuak zanpaka… Horiek bai, horiek, ezkontzak!

Baina Mahañoren senarra, etxeko diru guzia ostatuetan xahutu eta gau guziez etxera mozkorra, emaztea eta haurren jotzen hasi zen. Mahaño gizagaixoari ezinbestekoa izan zitzaion dibortziatzea, haurrak noiz hilen zituen beldurrez…

Bi urte berantago, Mahaño berriz ezkondu zen, senargaiak hala nahiz eta familiak bultzaturik. Haurren hezteko, bi soldata etxean ez zen soberakina.

 

  1. urtea arte, dibortziatu berriz ezkonduak ez ziren elizaz ehortziak (canon 1240). Beren familia fedean hezirik ere, bizi eredugarria izanik ere, zakurrak bezala lurperatuak ziren. Jondoni-Paulo bigarrenak 1981. urtean bere pentsamolde zorrotza adierazten zuen aldi berean, Elizara gomitatzen zituen: “Berriz ezkondu dibortziatuak berez jarri dira komuniatzera ezin onartuak, heien egoera ez baita bat Kristo eta bere Elizaren amodiozko komunioarekin, eukaristian aditzen eta gauzatua den bezala… Halere gomitatuak dira Jainkoaren hitza eta meza entzutea, otoitzean segitzea, egunero Jainkoaren onginahia otoizka eskatzea, etab…”. (Familiaris consortio, 1981). Baina nola hartzen ahal da norbait Elizan eukaristiatik behin-betikoz baztertuz?

Gaur egun, Frantses Aita Sainduak “Amoris laetitia” gutunean, ezkontzaren hautsezintasuna dudan ezarri gabe, bizi “irregularra” duten integrazioa aipatzen du, aztertuz, Elizaren laguntza guziarekin. Berak aholkatu bezala, Schönborn kardinalak egin duen gutun horren aurkezpena irakurri behar da. (1)

 

Mahaño zendu eta negarrez segituko ote duia zeruan?

David Acheriteguy

 

(

Zalgize-Iruriko pastoraleko predikua (2016 07 28)

By , 2016/08/18 07:56

Zalgize-Iruriko pastoraleko predikua

 

Joanden igandean “Johañe Pitrau” pastorala ederki jokatu da Atharratzen. Pastoral eguna beti mezarekin hasten da goizean, jende saldo ederra bilduz. Pastoraleko meza gehienetan, Jeannot Etcheto garindaitar apeza izaten da predikari. Joanden urtean, prediku ohargarria egin zuen Jeannot Etchetok Zalgizen, “Pierra Lhande” pastorala kari. Umore onez beteriko predikua, jendeari ainitz gustatu zitzaiona. Huna hemen.

 

Apirilaren lehenaren arraina ez zünien aisa gaintitü, handixka zelakoz. Ez bada egün egiazko Aita Saintüa gure artean, Aita Saintü bat badügüla aktüretan, Aita Saintü beltza. Baionako apezpüküa ere jin ziküzü Aita Lhanden omenetan eta egin zien lan ederraren ohoratzeko Eskertü nahi düt oroen izenean, ez beitü Xiberoa ahazten eta bortxaz xiberotarra ikasten hasi beita. Haste bat badela gaiza orotan! Galtatü ditazü egünko pherediküaren egitea eta gogo hunez bi hitz erranen deizüet.

 

Badakizügü Aita Lhande pheredikari famatüa zela. Badakizüe, mentüz ez dakizüe, pheredikü hun baten egitea ez dela lan aisa. Ezpiritüen iratzarririk etxekitzea lan ederra dela, bena zonbat aldiz lan gogorrena. Gük, lan horren egitea, igante oroz dügüla eta erraiten ahal deizüet iganteak zale igaraiten eta zaleago arrajiten direla. Badakizüe ere pastoraletan, tauletan agertzen direlarik apeza, apezküpüa edo Aita Saintüa, jenten benedikatzeko, erri ttipi bat ezkapatzen dela, gehienik ontsa ekarten badira.

 

Egün Aita Lhande, apez izatez, zer zatekin haren hitza, ez dakit. Bena enia apezen gainean emaiten deizüet, jakitez:

– hamar minüta beno haboro pherediküak igaraiten badü, gure erretorak ez diela finitzerik, edo hasten dela bürüaren galtzen!

– Jinko hunaren gainean baizik pheredikatzen ez badü, zelü odeietan bizi dela!

– bena egünoroztako arrenküetaz zerbait erraiten badü, kasü, hori ezkertiarra beita!

– biloak lüzexka batü eta normalki beztitzen bada, ez düzü posiblez egiazko apeza izaten ahal!

– bena sotanarekin balinbada, ordüan norat bürüz ari gira, ez ja aitzina!

– otoa fite kanbiatzen badü, posiblez kermeza huna zizün!

– bena oto zahar batekin kurritzen balinbada, ze haidürü da, gük paga dezogün berria!

– ez badügü gük behar dügülarik apeza apezetxean atzamaiten, prefosta beti kurri düzü, sekülan etxen. Non da, paseün, rügbian edo azaiakan!

– bena apezetxean zerratürik egoiten bada, ez düzü sekülan eta ihone ageri; fraide zizün egin behar!

– gazte balinbada ez dizü prefosta esperientziarik. Bego, bego! Iraganen ziozü eta bortxarekin ikasiko dizü!

– bena zahar balinbada behar likezü erretiratü, erretreta hartü. Eta joaiten edo hiltzen bada, ordüan bai, ahapetik, zer apez hona eta goxoa günean! Eta orain nor dateke? Nola dateke? Badateküa ere?

 

Aita Lhandek, pherediküaren ürrentzeko, beti istorio ttipi bat kondatzen zizün. Nik ere beitakit arraileria maite düziela, istorio ttipi batekin eküratüko nüzü. Ez dizü oraino aspaldi, herri orotan bazüzün eskola. Eta eskola batetan pottiko bat segür ez beitzen eskolan aisa ari. Egün batez, errejentak, honen aitatamak jinazi zititzün erraiteko: “Ez dit uste Jan Pierrak behar düela eskola hanitx aitzina pusatü. Hobe dikezü segür apeztürik”. Horren entzütiarekin, Jan Pierrak erran zeien: “Ez nüzü apeztü nahi ez beniz ez aski auher, ez aski gurmant”. Auher izatea ez datekila aisa guretako, hiru apez baizik ez beigira izanen Xibero osoarentako. Eta uste düzieia, gaiza honen maitatzea, gurmant izatea dela, ez… Ez düzü ere bekatü!

 

Jeannot Etcheto

ELIZA HELDUTASUN BIDEAN 2016 08 11

By , 2016/08/11 06:52

Gaurko lerroak PERIODISTA DIGITAL sarean aurkitu ditut, Jorge COSTADOAT jesuistaren
artikulua da. Hau Txileko Unibertsitate Pontifikalean Teologia (Kristologia, Trinitatea) erakasle
egon da hogoi bat urtez. Baina, duela sei bat hilabete, erakasle-kide eta ikasle askoren (1000
sinaduratik gora) harridura sortuz, tokiko Artzapezpiku-Kardinalak kargua kendu dio, arazo
pedagogikoak aintzinatuz eta teologoari leporatuz Elizaren Magisteritza Erakaskuntzatik baztertzen
zela. Segurkiago, Jorge Costadoat-ek ordaintzen du Askapenaren Teologiari doakion “hurbiltasuna”
eta ere Anvers-eko Bonny apezpikuari agertu dion sustengua, hunek entziklika polemikoak
(“Humanae Vitae” eta “Familiaris Consortio”) gogorki kritikatzen dituenean, berdin Eliza barneko
kolegialitate falta morala gaietan salatzen duenean.
Dena dela, arras zentzuzkoa eta bidezkoa iduritzen zait J. Costedoat-ek proposatzen duen
hausnarketa eta huntaz parte emanen dautzuet. “Amoris laetitia” dokumentutik abiatzen da, eta
azpimarratzen du nola Aita Sainduak, Idazki Apostoliko hunen bidez, ber-planteatzen dituen apez
eta laikoen arteko harremanak.
Orai arte, molde bertikalean funtzionatu dute harreman horiek. Batikanoko II. Kontzilioak
argitu du ebanjelizatze misionea bataiatu guzien erantzunkizuna dela: oroitarazi du Ebanjelioa
oroz gainetik presuna arteko lekukotasuna dela, sobera usu endoktrinatze bide edo tresna gisa
erabilia delarik, adierazpen teologiko abstraktoak edo erranaldi orokorrak baliatuz.
Familiaren Sinodoa kari, Aita Sainduak dinamika berri bat bidean jarri nahi izan du:
helburua pastorala zen eta ez doktrinala. Apezpikuak behartu nahi izan ditu elgarrekin lan egitera,
gai minberatsuak, ordu artean tapatuk edo estaliak bezala, elgarren artean eztabaidatzera, mundu
zabaleko kristauen arrangurak eta asmoak kondutan hartuz.
Argitaratu den Idazkiak azpimarratzen du elizatiarren askatasunaren garrantzia, berdin hauen
kontzientziaren errespetua. “Kontzientziak moldatzerat deituak gira, eta ez hauen ordez jartzerat”
(AL 37). Aita Sainduak garbi aitortzen du huts bat dela, apezen partetik, presunen bizia kudeatu
nahi izaitea. Ez hauek ez nihork ez dauka eskubiderik bikoteek erabiltzen duten metodo
antisorgailuetaz kondurik galdegiteko. Presunak izpiritualki laguntzeko garrak ez dezake legitimatu
haien kontzientziei buruzko errespetu falta.
Apezeri galdegiten du Aita Sainduak konfesategiak ez ditzaten tortura gela bihurtu, bainan
bai Jainko urrikalmenduaren toki (AL 305). Berdin, urrikalkor izan behar da “legez kanpoko”
egoeran gertatzen diren bikoteekin Elizaren bizitzan osoki parte hartu nahi dutenean. Ez doakiote
apezeri haueri baimena emaitea. Apezen egitekoa da bikote horiek beren dizernimendu bidean
laguntzea, beraiek beren baitarik eta kontzientziaz erabakia har dezaten komuniatzeko edo berdin
ez egiteko.
Eta nun formatuko dira etorkizuneko apezak ? Nola egiten da besteak, beren bizitza
urratuetan, laguntzeko gai izango diren presunak formatzeko, haieri eskainiz, aldi berean
esperientzia pertsonaletik eta Elizaren erakaskuntza tradizionaletik abiatuz, berri gertatuko zaioten
hitza, egiatasunezkoa, izpiritualki askatzailea, ez-hobendunezkoa, zinez gidagarria ? Ez daukate
apezek jainkotiarragoak izaite beharrik, bainan bai gizatiarragoak beraien fedeari esker.
Azkenean, hemen jokoan dagona fedearen transmisioa da. Gazteak, neurri handi batean,
urrundu dira beraien gurasoak haurtzat hartu izan dituen Elizarenganik. Gaurko gazteak gizarte
ideki batean sortu dira, ez beti helduagoa, alderdi askotarik heldutasun eskasekoa, baina bai
presunen askatasunaz eta bilaketaz errespetutsuagoa. Ez ditaike erran gazteetaz Jainko
esperientziarako gai ez direla, katolikoak izan nahi ez dutelako. Elizan beraien etxean ez senditzeko
aitzinatzen dituzten arrazoinak ez dira gutiestekoak.
Apezen eta elizatiarren arteko harremanak askitto haur mailekoak izan dira. Laikoen
askatasunari eta dizernimenduari buruz errespetu gutiegi izan denean, ez laikoak eta ez apezak ez
dira beraien fedean handitu ahal izan. “Amoris laetitia” Idazkiaren moldatzeak, eta hunen erakaspen
baliotsuek, heldutasun handiagoko Elizari bidea idekitzen diote.
Peio Ospital 2016-08-08

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu