KARITATE POLITIKOA

By , 2016/06/29 13:20

KARITATE POLITIKOA

Iragan aldian (HERRIA N° 3350) aipatu dut modernitateak, tradiziotik oinordetu gizartean, sortu “belharra kulturala” eta hunen ondorioz gertatu errotikako aldaketak bai bizimoldean, orokorki, bai fede eta eliz bizitzan. Gaur ohartzen ari gira kultura berri hunek bere mugak ere badituela, ez duela gizakiaren barne tirria edo gosea osoki asetzen. Zientziak eta teknikak ekar dezaketen etengabeko aintzinapenaren ideia bukatu da, huntarik ez datorkigu zorionik. Arrazoina (Adimena) osotasunaren eta absolutuaren erreferentzitzat zaukan kontzeptua desegiten ari da, eta hunek “postmodernitatea” (modernitate ondoko) deitu aroari bidea emaiten dio.

Hunen ezaugarri nagusienak aipatu aintzin, aitort dezagun lehen lehenik modernitateak ondorio on ainitz ekarri dauzkigula, eta horien artean pentsamendu kritikoa, kontzientzia hezia. Hezkuntzarik gabeko fedea fede pobrea da, ahula, bere esperantzaren berri arrazoinak emaiten ez dakiena, sendimendu hutsean mugatzen dena, gaurko balio ez duena. Postmodernitateak fede “garbiketa” funtsezko baten egiteko aukera edo parada eskaintzen dauku. Xantza bat bezala hartu behar dugu hau, grazia bat bezala.

Tentazioa izan liteke, fededunentzat, mundu galdu batean edo “beste mundu” batean bizi nahi izaitekoa, orainari uko eginez eta lehengoa amestuz, hots modernitateak “kutsatu” gabeko mundu bat amestea; bi mundu paralelo buruz-buru jarri nahi izaitea: bat erlijiosoa eta bestea laikoa, erlijioneak beren aldetik eta gizartea beretik, ezkerretik laizismoa eta eskuinetik tradizionalismoa, bakotxa bere arau eta moldeekin, beretarrentzat antolatua, hots mundu kultural propio bat. Integrismoak eta fundamentalismoak pentsamendu huntan dute aurkitzen beren iturburua. Noren esku gelditzen da orduan aginpidea ? Ikusten da nora garamatzakeen gisa hortako planteamenduak…

Postmodernitateak ekarri duena da plazerraren kultura, hedonismoa, sendimenduen jabegoa. Hau guzia ez da berez kaltegarria, etsipenari loturik bizi ez bada, beste jarrera edo engaiamendu guziak baztertuz. Baina tentazio hori ere badago, ikusten da gure artean (“nik nahi dutana egiten dut”).

Gaurko giroan, lehenago ez bezala, aukerak pluralak dira, anitzak, eta gainera norberaren borondatearen arabera eginak edo antolatuak, eta ez familiaren, herriaren edo ohituraren arabera. Presuna da gauza guzien neurria. Indartsua da ere gizabanakoaren eskubideen eta libertateen aldarrikapena, norberak bere bizi-irizpideen hautatzeko borondatea.

Ondorioz, giro hortan, “lur berri” hortan dugu xertatu behar gure fedea. Nola jokatu ?

Kristauek beti gogoan izan behar dugu Kristo Jesus Jainko munduratua dela, Jainko haragitua, mundu huntan eta huntarako giza salbamenduaren azken hitza, hitzik osoena, barneena, egiazkoena, eta guri eskainia izan dela, ez gu mundu huntarik kanpo bizitzeko, baizik eta munduaren barnenean, muinenean bizitzeko. Jainkoa errealitatea da. Errealitatea gainditzen duena, ados, baina bera ere errealitatea, ez asmakeri huts bat. Jainkoa munduan, naturan, ekintzetan, gertakarietan eta bereziki ere gizakien baitan emaiten zaigu.

Beraz, errealitatea bera da Jainkoaren sakramentu eta ez dugu mundutik nihora joaite beharrik Jainkoa aurkitzeko: mundu huntan dugu barnatu behar, eta egunerokoan bereziki. Horra hor gure lanik zailena. Zinezko izpiritualitatea. Egiazko erronka. Nola iharduki huni ?

Pio XI.ren ondotik, Kontzilioak gomendatzen duen bidea da “karitate politikoa”. Mundu huntako arazoak ez dira soilik presunen erabakien araberakoak: ekonomia, politika eta kultura hori baino zerbait gehiago dira, orokorrago, eta hori aldatu gabe ez dago deus ez nihor aldatzerik.

Erran daiteke Jesusek berak pratikatu zuela karitate politikoa: harentzat Jainkoaren erregetzak eskatzen zuen zinezko iraultza sozio-politikoa. Bere biziaz ordaindu zuen engaiamendu hori. Ez dago beraz Jainkoaren erregetzarik injustizia iturritzat eta ondoriotzat duten egitura sozial, ekonomiko eta politikoen eraldaketarik gabe. Hori da gure fedearen egiatasuna eta zilegitasuna frogatzeko bidea, dogmen froga arrazionalak eta historikoak bilatzen ibili ordez.

Joseph Moingt-ek (berriz ere) hunela deklinatzen du karitate politikoa, “kristau herritartasuna” aipatzen duelarik:

– herritar bizitza: herritar guzien arteko duintasun parekoa, haurridetasuna (erritu jarraipena baino gehiago), elkartasuna elgarren arteko zerbitzuan, batzuen besteen gaineko nagusigorik ez…

– gizarte bizitzari hedakortasuna: kultur ala gizarte eztabaidetan partehartu, bakearen eta giza eskubideen alde lan egin…

– elizkidetasuna bultzatu: doktrina eztabaidetan berdin orientazio ala erabaki nagusietan parte hartu, ordezkaritza demokratikoa antolatu Elizaren kudeakuntzan…

Azkenean, presunaren duintasuna eta gizakiaren eskubideak jarri behar ditugu argi eta garbi gure izpiritualtasunaren oinarri-oinarrian. Eta horrekin batera elkarrizketa, kultura eta erlijione ezberdinak errespetatuz. Hau izan behar da gure Etika. Jesusen ganik hartua.

Peio Ospital

2016-06-25

Biziaren lagun.

By , 2016/06/22 13:56

BIZIAREN LAGUN

Aktualitateko gaietan, biziari lotuak diren arazoak berriz ere agerian ezarriak dira. Hain dira betiko gaiak eta erregularki aipatzekoak.

Urtarrileko azken igandean, parropiako ostoan, apezpikuaren delako « tweet » batek elizatiarren mihiak mintzarazi ditu. Hau dira tweet horren hitzak : « Ahalke eskuindiar eta ezkertiar deputatu, haur sortu beharren masakrea odol hotzean antolatzen duteneri. Hastiatzen gaituzte »

Huna gogoeta batzu abortuaren gai hortaz. Lehenik nahi nuke gogoratu eta oroz gainetik azpimarratu, emazte baten eta gizon baten gutizia, desira, nahikundea, haurren ukaitea dela, haurren altxatzea. Gizartearen geroa, bai eta bakotxaren etorkizuna, haurretan dago eta sexual desira hain azkarra bada, ez da debaldetan, bainan etorkizun hori segurtatzeko. Desira hori ez balitz hain indartsua, gizadia aspalditik itzalia liteke. Biziak hori du ekartzen bere baitan, animalien, insektu eta landaren munduak ekartzen duen bezala.

Haurren ukaitea hain da nahikari haundia, nun haur nahitan diren bikoteak, eta haurrik ez ukaiten, beren burua galdua aurkitzen dute eta tristezia nagusitzen zaiote. Oraiko teknikak laguntza ekartzen diote haurra ukaiteko, bertze batzuek adoptatzen dituzte. Eta bikote gehien gehienak buraso alai, zoriontsu eta maitasunez beteak dira, haur beharretan direla ikasten dutelarik. Hau ere gertatzen dena famili batzuetan, haurrak haundituak, eta urte frangoren buruan, berriz ere haur beharretan. Ustegabea ! Eta haurra sortzean, zer ongi etorria, zer besta !

Bainan badira haur baten kontzebitzeak sekulako atsegabeak sortarazten dituenak. Noiz, nahi du, edo xuxen erraiteko, noiz du emazte batek abortatzeko asmoa ? Bakarrik delarik, beldurra nagusitzen delarik. Senarrak ez du bertze haur bat nahi, edo arrats bateko topaketa baten ondorioa da, edo haurraren aita apeza da, edo ezkondua da, edo emazte horren burasoek abortatzerat pusatzen dute, edo emaztea bortxatua izan da, edo adinean aitzinatua, eta abar.. Ez ahantz ere zenbat emazte, beren bizi guzian, ezkonduz geroztik, beti haur beharretan edo niniekin izan diren, hamar, hamabortz, hogei haurrekin. Erran nahi baita, beren gorputza « emak umea » bilakatu dela, mekanika bat bezala. Bainan ez da mekanika, eta emazteak erditzean (accouchement), bere bizia jokatzen du.

Ikertzaileak antisorgailuak atxeman dituzte. Emazteentzat laguntza, bainan memento berean herstura haundi bat ere, antisorgailua ez baita ahantzi behar. Egunero, edo astero, hartu behar. Eta ondorioak, bai osasunean, bai gorputzean, ez ezagunak. Hor ere askotan « kasu emaitea » emaztearen gain da eta gaztek ez dute beti diziplina hori.

Abortuaren legea egina izan da emazteak laguntzeko. Ordu arte, emazteak, gazte eta adineko, atzerrirat (Inglaterra, Holanda, Espainia) joaiten ziren abortatzeko, egoera aski tristeetan eta gordezka. Ahalke haunditan. Nehorren laguntzarekin, bakartasun osoan. Denentzat kriminalak ziren, hiltzaileak ziren. Legeak, kasu bakotx ongi etsaminatzeko galdetu du, kriminaltasuna kendu du, emaztearen osasuna begiratu du. Legea hortan da gelditzen.

Girixtino izaiteak zerbait gehiago du emaiten. Bizia opari bat dela, amodiozko opari bat Jainkoaren ganik du sinesten eta begiratzen. Sineste hau dute girixtinoek gauzatzen edo gauzatu behar. Abortatu nahi duen emazteak, hau jakin dezala :  bere haurrari ongi etorria eginen zaiola, edozoin kasuetan, eta ez dela bastarta ; eta bera bakarrik izanik ere, aita ez ezaguna izanik ere, ez dela jujatua, ez kritikatua. Beharretan den amari, lan edo etxe, edo dirurik gabe, girixtinoak hor direla laguntza emaiteko. Aita gabeko haurrari eta bere amari, girixtinoek gomitatuak direla beren familia idekitzera, zabaltzera, igandetan eta besta egunetan bereziki.

Girixtino izaiteak, bertzen alaitasunak loriatzen du, bertzen bihozminak penatzen eta bertzek dituzten zailtasunak mugiaratzen dute, problemak konpontzeko eta atera bideak aurkitzeko. Girixtinoa ez da hor jujatzeko bainan bere laguntza emaiteko, errespetu eta maitasun haundian, zaurituen sokorri gunean.

Ez ote da hori Jainkoaren populua deitzen den Elizaren mezua ?

Maite Irazoqui

Euskal Herriko Elizaren sinesgarritasuna jokoan.

By , 2016/06/22 13:46

Euskal Herriko Elizaren sinesgarritasuna jokoan.

Fedea eta kultura deitu elkartea biltzen da ardura. Bere mementoko kezkak, bertzeak bertze, hauek ditu :
-zertan den 2009-an Peio Hospitalek eta Maite Iratzoquik apezpikuari egin proposamena,
-euskarazko elizkizunen eskaintza parropietan, irratian eta telebixtan.
-apezen izendatzeetan eredu bat ba ote den … Parropio euskaldunetan, euskaradun apez bat, adibidez.
-Webgune baten ornitzea : www.talaia.net  dozena bat atal desberdinekin.
-…
Huna Marc Aillet jaun apezpikuari Maite Irazoquik eta Peio Ospitalek aurkeztu eskakizuna, 2009-ko azaroaren bederatzian. Talaia.net gunean testo osoa aurki daiteke.
Holaxe deitzen da:
EBANJELIZATZE MISIOA OLDAR BERRITZEKO :
EUSKARAZKO PASTORALTZAREN ZERBITZUA.
Zerbitzu horren ardatz nagusiak hauek litazke:
*Elizbarrutiko Zerbitzu ororekilako ardurakidetza, hala nola :
Katekesia : gidaliburuak eta hainbat dokumentu
Liturgia eta sakramendu pastoraltza:
‒ dauden iturriak, errito-liburu, kantutegi, internet gune batean bildu, tresna erabilgarria
parropietako liturgi taldeen eskuetan jartzeko
‒ sorkuntza eta errepertorioaren berrikuntza sustatu, tokiko eta aldi berean katoliko fedearen
adierazpena bultzatu
‒ ohidura eta debozio herrikoiak ber-ernaldu
Informazio eta komunikazioa: apezpiku ordezkariaren eta euskal prentsaren arteko artekaritza, webgunea. (Gaur egun badago: http://diocese64.org/actualites/65-langue-basque-euskara)
Gazteen pastoraltza : adibidez San Andres auzoko unibertsitateko ikasleak.
*Apezpikuak sortu hiru erakundeekilako ardurakidetza: “misioaren behatokia”, “behatoki soziopolitikoa”, “bizitza-zaindia”.
*Apezpikutegiak argitaratu agiri ofizial guzien idazketa edo itzulpena.
*Bi edo berdin hiru hizkuntzetako sinaletika.
*Pastoral-egileen euskarazko heziketa eta trebakuntza.
*Pastoral-egileekin elkartu, “urrundueri” hurbildu, bokazio berriak sustatu.
*Biarnesdun elizbarrutiarrekilako harremanak.
*Mugaz haindiko euskal elizbarrutiekilako harremanak.
Zerbitzuaren konposaketa
Hementxe gainean aipatu lehentasunezko lan-ardatzak ikusirik, hamar edo dotzena bat presuna behar litezke, gizon ala emazte, laikoak, eta, hauen buru, Apezpikuak izendatu eta misionatu denbora osoko bi animatzaile.

Eskakisun horren berme, ondoko testueri egiten diote erreferentzi Maitek eta Peiok:

Parisen, U.N.E.S.C.O. erakundearen egoitzan, 2005ko ekainean iragan mahain-inguruakari idatzi gutunean, Benedikto XVI. Aita Sainduak artoski lehiatzen zuen Jean-Louis Tauran Kardinala “…kulturaren zinezko politika baten bideratzera, indar ekonomiko eta politikoen arteko neurkerak askotan arriskuan jartzen dituen identitate kulturalen zaintzeaz arduratuz…”
Tokiko Elizeri doakiote beraien pastoral eremuan betebehar hau deklinatzea, ahalbide
eta tresna egokiak asmatuz, kultur egoera berezien arabera. “Betebehar hunek Elizaren ibilbide osoa markatu du bere historia osoan zehar et gaur sentiberatasun eta premiatasun handiz tratatu beharra dago…” (Redemptoris missio, 52).
Betekizun neketsua da, tentsioak sor litzazkeenak. Adorea eta kemena galdegiten du, berdin zehaztasun espirituala eta argitasun teologikoa, eta funtsez bihotz-berritzera deitzen gaitu. Baina gaur ezinbestekoa agertzen zaiku.
Euskal Herriko Elizaren sinesgarritasuna dago jokoan eta, ondorioz, Eliza osoarena. Huni doakio, orai eta hemen, “kulturen arteko parekotasunean, errespetuan, harreran eta topaketan oinarrituriko  bakearen bilaketan” (1992ko Sinodoa 2. kap., 4. art., 40. or.) bere ekarpena egiteko gaitasuna frogatzea.
Mandio

Bakearen bidexka

By , 2016/06/20 14:00

Bakearen bidexka

Gerla haundi eta luze baten ondotik egin den bakea ospatzen da Maiatzaren 8an eta gehien gehienik, bakea gerlari lotua dago. Bakea ez da bakarrik gerla bururatze bat edo gatazka baten bururapen bat. Bakea da ere bertzekin goxoki bizitzea bere familian eta auzoan, kasailak beren mugetan ezarriz eta elgarren errespetua nagusi emanez. Bakea da ere nor bere baitako lasaitasuna, sosegua, haur ttiki baten patxada, jan eta lo ongi egin duelarik.

Bakea gauza naturala iduri luke, denen desira edo nahia izana gatik. Bainan biziak erakusten dauku bakea lana dela, indarrak galdetzen dituela eta ez dela sekulan eskuratua behin betikotz. Lan xume, ikusezin den lan hortan ari da Atxik Berrituz taldea. Kopuru ttiki horrek, langile gutirekin bizi den talde horrek otoitz aldiak eta solas hartzeak antolatzen ditu. Euskal Herriko bakea eta Euskaldunen arteko bakea nahi duteneri zabaltzen du. Azken berrogoi, berrogoi ta hamar urteetako gertakariek marka ainitz utzi dituzte eta marka horien puntu komunak dira sufrimenduak. Sofritzen duten jendeek ez dira bat bertzearen ganat urbiltzeko gai. Pairatu dutena, harrabots haundian edo ixiltasunean, bertzekin edo bakarrik, bakotxaren barne barnean da grabatua. Alabainan, Euskal Herria eremu ttikia da, guti gorabehera denek gurutzatzen dira. Gauz hori arazo bat ditake edo aukera bat bilakatzen ditake bakearen bidexka hartzeko.

Otoiz aldi horien bitartez huna egiten ari den bidexka. Gida-eskema bera dute otoiz aldi guziek : eliza batean, ongi etorria parropiako taldearen partez, jaun erretoraren inguruan ; Atxik berrituz zer den eta nola ari den ; otoitza kantuz eta hitzez ; Jainkoaren Hitza entzun eta meditatu ; lekukotasun bat edo bi entzun ; Jainkoa eskertu kantuz, eta bururatzeko, denek elgarrekin edari eta bixkotx partekatu. Eta hor gertatzen dena harigarri zaut : aldi bakotx, batek edo bi lagunek beren lekukotasun berezia emaiten dute. Denek entzuten dute, ez da ez eztabaidarik, ez kontrakorik, ez oharrik. Lekukotasuna emaiten duenak libroki mintzo da, bere barne barneko errealitatea eskaintzen du. Hor dira obratzen errespetua, libertatea, duintasuna, jendetasuna. Erran gabe doa lekuko horiek entzutean emozio haundia sortzen dela. Beren bihotza dute agertzen, dute eskaintzen. Hori posible da baitakite entzuten dituzten jendeak hor direla Jainkoaren bakearen izenean.

« Bakea uzten dauzuet, nere bakea emaiten » dio Jesusek. Ongi daki Jesusek bakea ez dela gizon emazten ahalbide bat.

Bakeak zuzentasuna galdetzen du lehen lehenik, eta lehen zuzentasuna da jende bakotx, pertsona bat dela errespetatzea. Ez du adinak, ez funtzioak, ez ideiak, ez ekintzak egiten presuna, bainan bakarrik izaiteak. Horren izenean lekukoek hitza hartzen dute eta hitz hartze horrek jendeen aitzinean erakusten du beren pena, beren pairamena, beren sufrikarioa onartua dela. Orduan, beren ahalkea, beren bakartasuna, beren lotsa, beren hobenduntasuna, beren samindura edo gorrotoa, kanporatuak dira eta entzuleek errezebitzen dituzte. Nehork ez du arrazoi ukaitea bilatzen. Ez da nehor nagusi edo moral egile. Doi doia lekukotasunak hartzen dira Jainkoaren aitzinean.

Xalbadoren bertsu hauek aski ongi erraiten daukute zoin den bakearen bidexka.

1 – Jaun Zerukoa, otoitzez gaude konfidentzia betean

amodioa pitzarazazu gure sort herri maitean,

zure lekuko agertuz beti, bizi gaitezen bakean,

batek bertzea errespetatuz, batasun sendo batean.

2 – Eta ogia sortarazazu gosea dagon lekuan,

gure gidari daudenak aldiz lagundu beren karguan,

izan dezaten bihotz bat eta argi bizi bat buruan

egia eta zuzentasuna heda ditezen munduan.

3 – Egizu, otoi, libertatea nehork ez dezan kondena,

eta ez ahantz hobenik gabe estekan eman dutena,

Zuhauren edo herriagatik pairatzen ari duena,

mundu guzian errespetatu dezan gizonak gizona.

4 – Bada hoinbertze sofrikario eta hoinbertze behartsu,

zure eskua izan dadiala denen alderat indartsu ;

mundu huntako behar orduen berri ongi baitakizu,

komeni bada, solegi diten, Jainkoa, zerbait egizu !

Maite Irazoqui

Nork du kreatu Jainkoa?

By , 2016/06/20 05:15

Nork du kreatu Jainkoa?

Euskal gazteriak, belaunaldiz belaunaldi, zer izerdiak ez ditu bota, Jean de La Fontaine frantses olerkariaren “Le lièvre et la tortue” (1) gogoan ezin hartuz… Olerkiak ardura egian oinarritzen baitira, ikerlari trebatu bat zerbait errealki gertatu zenez hasi zen aztertzen. Harritu zen orduko egunkarietan irakurtzean apoarmatu eta erbi baten artean lasterketa bat izan zela egiazki, ez batere La Fontaine-k irudikatu zuen bezala. Zer pariatu zuten ez da sekula jakin, beren artean lekukorik gabe jokatu baitzuten, baina agertu dena da, erbia, ordu arte mutur fina – biziki atsegin zituen arroltze eta xingarra goizetan, oilaskoa saltsan igandetan, gaitzetsi gabe giltzurrunak eta xerri xangoak – belar jaten hasi zela geroztik.

Gure bi animaliek ostatu batean trenkatu zuten afera. Erbiak, animalien artean lasterkari zaluenetarik bat, harriturik entzun zuen apoarmatuaren desafioa: lasterketa Baionatik Mauleraino! Apoarmatu barearen arauak irriz karkailaka onartu zituen:

Hik gelditzen zaikan bidearen erdia eginen duk egunero, nik aldi berean urrats bat beteko dutanean.

Zinezko tetele zozoa!… pentsatu zuen erbiak, kalkuluak tarrapatan eginez bere baitan. Zer, lehen egunean berean Hazparne pasatua ukanen diat eta biharamunean jadanik Donapaleu!… Hortik berehala Mauleko helmuga jauzi batez hunkitzeko menean ukanen diat!… Ergel hau aldiz denbora berean ez duk Baionatik ateraia izanen ere!…

Lehen egunetan hamarnaka egin zituen ba kilometroak gure erbiak, baina joan ahala joan, kilometroak hektometroak bilakatu ziren eta berantago metroak, gero zentimetroak, gero… Beti bide erdia egiteke, helmuga ez zuen sekula hunki ahal izan. Apoarmatuak, bitartean, urte pare baten buruan zapatu zuen.

Helmuga ezin gaindituz arizan bada gure erbia, gizakiak erbiarena egin du mendez-mende, gizarte eta gizaldi guzietan, Jainkoa ezin kausituz. Zenbat idolo, zenbat jainko eta jainkosa ez ditu asmatu eta asmatzen mundu guziko leinu eta herrietan, denak bat bestea baino ikaragarriak, guzi ahaldunak, sakrifizio odoltsu zaleak…. Euskal mitologian ere badugu Amalur jainkosa egun guziez Eguzkiaz eta Ilargiaz erditzen dena, bai eta ere Mari, Ortzi eta gaineratikoak… Biblian berean irakurtzen da “Gerla piztuko dut zuen kontra… izurria igorriko dauzuet… jatekoa kenduko dauzuet… zihauren seme-alaben haragia jan beharko duzue…” (Levitarrena 26). Nola sinets egiazko Jainkoa dela hola mintzo? Lehengo denboretan Jainkoaren izenean jende erretzen arizan dira sorginak zirelakoan, gaur Jainkoaren izenean lepo mozten ari dira berdin. Voltaire frantses idazleak probokazio hutsez zaku berean sartzen ditu gure jainko guziak: “Ez du Jainkoak kreatu gizakia baina gizakiak Jainkoa”…

Biblian irakurtzen dugu ere “Bihozbera da Jauna eta zintzoa, urrikaltzen da gure Jainkoa.” (116. Salmoa). Bai, Jainkoa, Jainkoa baino haratago dena, gizakiaz urrikaldu da. Irudikatzen genuen Jainko ikaragarria, guzi ahalduna, sakrifizio odoltsu zalea, otalako batean gizaki haur sortu da eta musu baten bidez saldua izan. Irudikatzen genuena baino hain bestea, non“munduak ez du ezagutu” (Joani, 1, 10). Munduko gizon ala emazte zintzo bakoitzari, nahi ala ez zabaldua zaio apostoluen lekukotasuna: “Jainkoak hiletarik piztu du; gu gira horren lekuko” (Apostoluen Egintzak 3,15). Piztu bada, helmuga guziak erraustuak dira eta zerua bera urraturik, Jainkoa gureganatua. Ez dugu orduan gehiago Jainkoa ezin kausituz aritze beharrik, baina alderantziz, haren hartzen jardun. François Varillon aita jesuitak erraten dauku nola:

Ez da biderik gizakiarengandik Jainkoarenganaino. Nora joan nahi zenuke? Nora igo korda batetik goiti? Jainkoarengandik gizakiarenganaino bada bidea: Eliza. Eliza, Jesu-Kristoren hartzea da…” (2).

David Acheriteguy

(1) “Erbia eta apoarmatua”

(2) François Varillon – Joie de croire, joie de vivre (Paris, Le Centurion 1981), 115. orr.

Urdazubiko astoarena

By , 2016/06/20 05:00

Urdazubiko astoarena

Egizu nahi duzun bezala, ahal duzun bezala eta Jainkoak lagun zaitzala.

M.X. Arbelbide

Aspalditik ezaguna duzue ixtorio hau. Baina, Urdazubin gertatua denaz geroz, gure-gurea dugulako, balia dakigula!

Udazubiko monasterioa frailez lepo zelarik, asto andana bat hazten zuten, beilarien laguntzeko Otsondon gaindi. Astoa baliosa gertatzen zitzaien inguruko garraio mota guzietarako.

Fraile zahar hau etzen predikaria baina bazituen bere irakasbideak.

Horrela, goiz batez, frailea, frailegai gazte bat eskolatu beharrez, komentuko astoa basta ederrena bizkarrean, hiruak partitu ziren Ezpeletako merkatura. Bistan dena fraile zaharra asto gainean…

Bide nabar, frailea gain hartarik hasi zitzaion :

Beha’zak! Mutil! Fraile biziak hiru zutabe zauzkak.

1. Gure abadeaz e’hadila nehoiz gaizki mintza!

2. Lana egik behar den denboran, neurri egokian! Gaurkoa gero-ko utzi gabe.

3. Badakik jendeari zerk egiten dion minik handiena ? Mihi puntaren pozoinak!

Baina, Lapitzuriko errekan urak handi! Hor bai zalapartak eta ziliportak, erreka ezin zeharkatuz. Ur bazterrean bazaunden bi basa-arrantzale gora-gora mintzo :

  • Fraile zahar horrek bere adinarekin ez bide dik oraino karitatea zer den ikasi. Apezpikuarena eginez hor zabilak asto gainean tente eta mutil koxkor hori urak eraman beldurrez ikaran.

Hori entzutean, jada erreka pasatua zutelarik, zaharrak astotik salto egin eta gaztea gainera iganarazi zuen. Triki-traka, maldan gora, nolazpait Ainhoako karrikara heldu ziren. Bi adineko senar emazte hor zauden sukaldeko leihotik so :

  • Fraile gizagaizo honek nehondik ez dik gogoa zuzen. Erdi kraskatua-ta oinez zabilak, eta mutil oilar txar hori asto gainean. Gazte lotsagabeak !
  • Hik erran ! Holako asto hardita, basta ederrarekin! Zergaitik ez ditun biak goxoan ixtaklok emaiten ?

Karrikatik atera orduko, entzunaren arabera, biak asto gainera igan ziren. Hiruak batera, lasai bezain alai, bazoatzin, tostan trost. Baina Pinodietara heltzeko? Hor bai txintxamariak !Urratsa apal, beharriak malet, eldarra zariola, astoa ezinean! Bide bazterretik, lekuko bat sumindua :

  • Ez ahal duzue burutik! Asto hoi lehertuko duzue ?

Entzun bezain laster, biak pruntki jautsi ziren astotik eta maldan behera, bideari jarraiki, airos eta xotil.

Plazako itzulia eginik, erostekoak erosirik, horra frailea zaku bat gatz bizkarrean, putikoa gasna oso bat moldegaizki eskuetan, berriz bidean, eta trikutin trak, astoa arraiki hutsik. Jendea bazterretik irriz :

  • Hire ustez, zoin duk hiru horietan astoena ?

Bide bazterrean, itzalean, nehor gabe suertatu zirenean, fraileak :

  • So ! Astoa so!

Zakua eta gasna astoaren kakoletan emanik, frailea deskantsuan gazteari serio hasi zitzaion:

  • Ikusi’uka ? Errana nauian. Mihiak ez dik hezurrik baina hausten dik bizkarrik.
  • Ikasi’uka ?
  • Zer ikasi behar zen ?

Astoarekin molde guziak erabili ditiagu, entzunaren arabera. Ondorioz ? Gaitzetsiak, trufatuak eta eskarniatuak izan gaituk. Jendeak errana eginez astoarena eginen duk eta asto geldituko haiz. Egik hire buruak manatzen daukan bezala. Jainkoak hihauren baitan egin deiari leial egon hakio eta kitto! !

  • Arri astoa! Jo eta jo, astoa ez kantitzen ! Mutikoak sahetsetik :
  • Honek ere kaskoan daukana egiten du ! Beraz gure hau ez da hain asto !
  • To! Hik ere makila sendituko duk! Izan ere, makilaren mina laster sendatuko zaik, mihiarena nekez!

Johanes Bordazahar

Lekorneko lamina

By , 2016/06/20 03:45

Lekorneko lamina

Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten… J.A. Artze

Jazko ondarearen egunean, ‘Ba-Sarea’ elkarteak antolatu zuen Heletako, Lekorneko, Hazparneko eta Bastidako latsagietan barna bisita artistikoa. Ustegabeko altxorra!

Lekorneko Latsagabeherean, bisitariak, hor ginauden aska zolari begira, adineko andere batek kondatu zautan bere haur denborako oroitzapena.

« Ttikia nintzelarik eskolatik landa, bidetik gorago, latsagian, teilatu pean, entzuten ginituen andereen kalakak, irriak eta « plaust » mihise zuri pisuak urera botazen. Gero « plasta », « plasta », « plasta » paloteekin mihiseeri joka. Lau xuriketari ziren jiten, asteko egun jakin batez. Beste orduz horat ez ginen haizu. Aska horietan itotzen ahal ginelako.

Zenbait denbora barne, ni gotortuago eta, latsagian ez ginuen emazte xahar bat baizik ikusten. Eskorga karga handi baten kurrinkari esker, baginakien noiz etortzen zen. Halako batez polliki polliki hurbildu nintzaion. Bat batean itzuli zitzautan :

  • Zer zaude hor, haura, eni begira? Urera eroriko zira!

Orduan brauki bota nion mihi puntan naukan galdera.

  • Non dituzu beste lagunak ?

Eskuak gerrian pausatuz, beso xuri korropilatsuak agerian, bota zautan :

  • Mari-kurios-pint-erdi ! Dena nahi zinuke jakin. Ez da beti on dena jakitea…

Hainbeste aldiz etorri dira xuriketen egitera… Urean sartu diren batez laminak erraman ditu. Hara! Asea zitaikeen emazteen kalaka eta arrabotsarekin.

  • Lamina ? Zer da ?

  • Lamina ! Amak ez dautzu kondatu ? Lamina uretan bizi da. Goizetan iguzkia gabe ikusten da batzutan, aska bazterrean orraztatzen, urrezko orrazi batekin. Denbora ainitz pasatzen du toaleta egiten. Eta berekin eramaiten ditu neskatxa sobera kuriosak.

  • Lamina ? Gauaz ateratzen da ?

  • Batzutan, ilunabarrean, turrustako ura ttipitzen da, oren batez. Erran nahi du lamina laster aterako dela. Orduan hobe duzu hemendik urruntzea ! Beste batzuetan urak dena gainditzen du, erran nahi du lamina haserre dela.

  • Eta zergaitik eraman ditu beste andereak eta zu ez ?

  • Behar bada haien salboinak ez zuen aski haun egiten. Lamina ur axaleko burbuilekin jostatzen da. Edo… ele gaixtoak erabili zituztelako. Laminak dena entzuten du, iguzkia joan orduko. Laster jinen baita, xuriketak behar ditut egin. Aski orain!

  • Eta zergaitik ez zaitu zu eraman laminak?

  • Ixil une baten ondoren begiratu ninduen hasperen batekin :

  • Zer axola ! Ene bila ere etorriko da egun batez. Ni ere ur barnetik hartu ta eramanen nau, hantxeko ur-aza eta ihietan barna. Anartean, haren uraz baliatzen naiz xuriketen egiteko

  • Zergai… ?

Oihu handi batekin moztu zautan hitza…

  • Kasuman, neska ! Hire gibelean! Esku handi bat ikusi dinat uretik ateratzen.

Habil hortik !

Lasterka urrundu nintzen… Gibeletik nauzkan karkarak, norena ez dakit ? …

Ez ginuen anderea gehiago ikusi. Hura ere laminak eraman?…”

Lekorneko lau emazte xaharren aurpegien portreta handiak zituzten zolan kolatuak. Guri begira zauden. Haien irriñoen gainetik bazabilan ur biziaren dirdira, uhainen dantza, ur-xirriparen xuxurla, hitzen jarioa. Hots! Biziaren kanta. Andere xuriketarien arima hor oraino, bai eta laminarena ere. Ematen zuen ur-petik mintzo zitzaizkigula, gure arbasoak lurpetik balitzaizkigu bezala.

` “Ados, zuen mendean behar duzue bizi. Guk landu ta maitatu bazterrak sasi, zikintegi, betoin, erreka edo lur pozoinatu ari zaizkitzue bilakatzen. Gune bakoitzak izena bazaukan. Izena ? Beraz izana, bere kolore eta usainarekin. Ez matrikula bat bakarrik. Lehenago hortik ateratzen ginuen “janaria”, “hazkurria” Orain ez baduzue “etekinik” ateratzen, ez “elikadurarik” lurrak ez du deus balio.

Galtzez doa ‘Arima’ hitzarekin ulertzen ginuen gure etxearen, lurraren, elearen eta jendearen arteko hari gorria; lehengoak, oraikoak eta gerokoak lotzen gaituen haria. Hots, euskal izaitearen muina…”

Aipatzen dudana ez da debaldetako ameskeria. Horra hemen lekuko, Lekornen, sasipean baztertua zena berpizten, desberdin, baina betiko herriaren errainetarik bizi berritzen. … Milesker Uxue eta Ba-Sarea.

Bi bular-anaiak

By , 2016/06/20 03:18

Bi bular-anaiak

Handiek denak berez, ttikiek batere ez.

atsotitza

Baigorrin, aspalditik, ura beti bere bidetik, zubi konkorraren azpitik eta Etxauzeko jauregia, han, pendoitz hegian, oparo, ospetsu, puxant.

Bizkondeak jauregi inguruetan zauzkan etxatierren artean bazuen Martin, Jaun Bizkondeari ihiziak ekartzen zizkion oihanzaina. Mundu guzian bezala, ordion ere, haurrak beti haur. Bizkonde edo apez, oihanzain edo laborrari izan aintzin, jendea lehenik haur zen.

Gertatu zen jauregiko semea, ñiñitan, oihanzainaren emazteak, Mariak, bularretik hazi izan behar zuela, Ganix beren semearekin batera. Bi mutikoak elgarrekin haunditu ziren, esne beretik haziak, su berean berotuak, bazter berak kurrituak, ihizi berak lasterkatuak, sekretu berak partekatuak. Ezin berexiak ziren.

Baina kokots puntan bizpahiru bizar agertu zitzaizkionetik, jauregiko semeak bere noble mailako eskolak hartu behar izan zituen. Aita bizkondeak ez zuen begi onez ikusten semea laborari mutilekin nahas zadin. Etziren nehondik ere mundu berekoak. Halere noizean behin bi gazteak kurutzatzen ziren, burrasoen ixilik.

  • Ganix, atzo arratsean ikusi haut, haritz handietan, kafira miatzen ?
  • Bai! Etxauzeko seme Jauna, begiztatua dut xoxo kafira.

Ganixek begi zorrotza zuen, zango trebea, sudur fina.

  • Zenbat kume ?

Ganixek eskuko behatzak erakutsi zizkion.

  • Noiz sortuko dituk ?
  • Egun hamabots berantenaz, Jauna.
  • Nun ditek kafira ?
  • Oihanbideko sasietan, Gerezteiko bide kurutzetik beheiti.

Baina zazpi egun barne, Ganixek ikusi zuen jauregiko semea, Gerezteiko bide kurutzean, xorikumeak ponet baten barnean zeramazkila.

Haserrea golkoan piztu zitzaion…! Baina zer balio zuen bakarrik oldartzea ? Jauregiko pareta mutuari ukalbilka jokatzea ?…

Urrengo egun batez Etxauzeko semea eta Martinena elgarrekin gertatu ziren berriz :

  • Iep ! Ganix, ikusten haut, goiz-goizik, bazterrak kurritzen. Zeren gibeletik habila ?
  • Bai ! Jauna! erbi baten ibilbidea ongi zaintzen dut. Badakit nun duen etzangia. Hemendik aste pare batetara harrapatu beharko dut, Bazko zaharrez, etxean bestetako bazkaria badugu-ta…
  • Nun dik etzangia ?
  • Sagasteiko sasietan, Jauna.

Baina sei egun barne, Ganixek ikusi zuen bere adiskidea, Gerezteiko bide kurutzetik pasatzen, erbi gotor bat beharrietarik dilindan.

Biziak bideak zuzen-zuzenak ez baititu, bospasei urtez, noizean behin, elgarrekin gertatu ziren oraindik.

  • Ganix! Atzo ilun nabarrean ikusi haut, Gerezteiko bide kurutzean, neska gazte batekin. Neska lagun bat hatxeman bide duk ?
  • Bai, badugu elgarrekilakoa, ezkontzeko xedea ere, Jauna. Neska ederra, atsegina eta xintxoa da.
  • Noiz berriz elgar ikusi behar zirezte ?
  • Egun zortzi.
  • Jakiten ahal diat nor den ?

Ganixek aurpegia eskuarekin hiru aldiz torratu zuen:

  • Bentabordako Janamari, Jauna.

Ondoko hitzorduan, Gerezteiko bide kurutzean, Ganixi ez zitzaion Janamaririk agertu.

Mila urte igaro-ta, zubi konkorraren azpitik, ura beti bere bidetik. Lehen bezala gaur ere jendea handi eta ttipi. Handiak aldatu, ez desagertu. Ttipiak beti berak. Politikan, laboratzan, ainitz alorretan bezala handiek beti atsegin izan dituzte ttipiak, nola otsoek ardiak. Garaia da Euskal Herri mugatu honetan elkargo bakar batek gure indarrak bil ditzan; gu, ardi ttipiak ez gaitezen beti bildots geldi, harraparien aztaparretan.

Johanes Bordazahar

Oparia

By , 2016/06/19 20:52

Oparia

Nafarroako errege batek, ez dakit zeinek, nahi zuen lehenbailehen erretiratu, Iratiko ur bizietara joateko arrantzara. Baina alaba bakarra, segida hartu beharrean oraindik, ez ezkontzen! Eta, futxo, ezkondu gabe ezin goberna!

Printzesa, bere ederrenean, jadanik hogoigarren primaderan loratua. Burrasoak atxikiak zaizkio begiko niniari bezainbat. Beren biziko perla miresten dute, dabilalarik ileak burrustan bizkarrean behera, izarren distira begietan, goiz argiaren loria aurpegian.

Dotzenaka ezkongaien artean aitak hiru dizkio bereizi. Hiruen artean zein hauta ez jakin.

Goiz batez, hiruak deitzen ditu eskaera honekin :

  • Zoazte nahi duzuen eskualdera. Hiru ilabete barne, printzesari ekar iezaiozue gustukoa izanen zaion gauzarik baliosena, preziatuena.

Lehena, Kastillako errege baten semea, joaten da Andaluziako eremu zabal lehorretan barna. Populu ezezagunekin ibilirik, printzesari ekartzen dio zaldi zuri lerden paregabea.

  • Igan zaitez, zure duzu. Ez duzu montüra eleganteagorik, biziagorik, eztiagorik aurkituko. Honekin galopan ikasiko duzu zer den askatasunaren zorabioa. Sendituko duzu izarren kilika. Gozatuko duzu lagun leialaren atxikimendua.
  • Eskerrak eta goresmenak !

Bigarrena, Ramiro, Aragoiko aitorren seme delako batek zeharkatu ditu zazpi mendiak, zazpi oihanak, zazpi ibaiak eta itzuli da “flasko” ezin baliosago batekin.

  • Torizu ! Munduko populu noble ahantzi baten ganik eskuratu dut edari paregabe hau. Honetarik hurrupaldi bat edo bi eta zure bizi luzean ez zaizkizu ez edertasuna ez gaztetasuna den mendrenik itzaliko. Zinez arraroak zaituztet, zu eta edabea.
  • Zuri esker on eta zorion !

Hirugarrena ez da etxetik mugitu. Alabaina palazioko baratzezain gaztea da. Ezin da urrundu. Kasik egunero, printzesak leihotik ikus dezake. “Zer mirakulu aurkituko daut honek?” Begiratzen du baratzean artoski larrosa loreen jorratzen, tratatzen, mila maneraz mintzatzen, kantatzen. Ematen du kar gehiagorekin ari dela printzesak begiratzen dionean. Hiru ilabeteak bururatzean printzesari hurbiltzen zaio :

  • Hona nire oparia zuretzat. Irekazu!

Papera urratu eta… Mirail bat!

  • Oh! Hau baizik ez? Neskaren desilusioa!
  • Itzul ezazu eta begira iezaiozu ongi. Zure begien aurrean, zure eskuen artean, ikus dezakezu zuretzat munduan daukazun, daukadan, gauzarik baliotsuena…!

Printzesa bere buruari so :

  • Nihaur?
  • Dena ulertu duzu!…

Maitatu dira, ezkondu dira. Nafarroa gobernatu dute. Nola? Ez baitezpada beste erregeek baino hobeki, ez gaizkiago ere.

Alafede! Noiz eta non zira ederrena, gazteena, ez bada maite zaituenaren begietan?

Non kilika ditzazkezu izarrak, non gozatuko duzu askatasunik handiena, ez bada maite zaituenaren besoetan?

Johanes Bordazahar

David

By , 2016/06/19 06:13

Hemen David Aexeritegiren testuak

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu