TEOLOGIA INKULTURATUA

By , 2017/10/11 07:29

 

Segitzen dut joanden Agorrilaren 10eko HERRIAn (N° 3413) “Herriaren Teologia” hasi sailarekin, Juan Carlos SCANNONE jesuita argentinarrak iragan apirilean argitaratu liburua aztertuz. Liburuaren izenburua da “Herriaren teologia”, eta azpi-izenburua “Frantses aita sainduaren erro teologikoak” (“La théologie du peuple – Racines théologiques du pape François” – Ed. Lessius).

Ikusi dugu liburuaren lehen zatia izan dela hurbilketa historikoa. Bigarren zatian, lau kapitulutan, idazleak aztertzen da herri teologiaren alderdi inkulturatua.

Alabaina, Aita Saindu hunek aintzat hartzen du behartsuen aldeko hautua erranahi (edo maila) teologiko (EG 198) bezala, eta jaiera (edo debozio) herrikoiaren agerpenak gune teologiko (EG 126) bezala ikusten ditu teologia inkulturatu baten prozesuan, fedearen inkulturazioaren zerbitzurako, “inkulturazio bezala ulertutako ebanjelizatzearen garrantzia” (EG 122) azpimarratuz.

Baieztapen horiek balio dute ez soilik Latindar Amerikarentzat, unibertsalki balio dute, “ebanjelizatze berria pentsatzekoan, bereziki, arreta merezi dutenak” (EG 126) dira.

  1. C. Scannone-ren arabera, azken ohar hau Europari bereziki zuzendua da, sekularizazio indartsutik sekularismora pasa den lurraldea delako. Hemen konbertsio bat, bihotz berritze bat beharrezkoa da. Hain zuzen urrikalmenduak eta behartsuen – baztertuen – errefuxiatuen (kristauak izan edo ez) alde gauzatu konbertsio historikoak irakats dezakete erlijiotasuna Europearreri, haueri agertuz bizitzaren eta erlijionearen norabide azkena, baldintza hunekin: beraien bihotza urrikalmenduari idekitzekotan.

Bide hortan, idazleak erakusten du herri zuhurtzia izan daitekela herriaren erlijionearen eta teologia inkulturatuaren arteko bitartekaria. Gauzak argi gelditzeko, beharrezkoa da herri kontzeptuaz ongi jabetzea.

Teologia mota huntan herria ulertu behar da historia eta kultura baten subjektu komunitario bezala. Ez Estadotik edo lurraldetik abiatuz, baizik eta kultura eta historia beraren partalier diren eta ongi amankomun bera helburu duten bizikideen erkidegotik abiatuz.

Herri zuhurtziak bi gauza lotzen ditu: alde batetik Jainkoaren transendentziaren eta hurbiltasunaren zentzu sakona, eta bestetik naturarekiko eta beste bizikideekiko harremana bizitzeko molde berezia. Azkenean, herri baten giza bizimolde osoa da. Eta teologia ikuspegitik, zuhurtzia hunen egiatasuna ez da kultur antropologia edota filosofia irizpideetarik abiatuz neurtu behar, bainan Kristo, Jainkoaren Zuhurtzia, erreferentzitzat hartuz, gisa hortan ideologia guziak gaindituz. Pueblako Agiriak dio “herriaren erlijiotasuna dela, bere muin-muinean, bizitzaren galdera nagusieri kristau zuhurtziaz erantzuten duen balore ondare bat.”

Ondorioz, herri teologiaren arabera, pobreak ez dira soilik Ebanjelio iragarpenaren hartzaile pribilegiatuak, Eliza barnean subjekto kolektibo aktiboak izaitera ere deituak dira, ebanjelizatze-eragile izaitera.

Horiek hola, zer da herri teologiaren ekarpen berezia ?

  1. C. Scannone-k erakaspen baikor hauek ateratzen ditu: zuhurtzia izpiritual hunek
  2. a) zuzenean jotzen du erlijionearen eta fedearen iturrietara, konplexutasun kontzeptualetan sartu edo galdu gabe. Gisa hortan karismatikoagoa, profetikoagoa eta eskatologikoagoa agertzen da.
  3. b) bizitzaren zuhurtziak erakasten duena baloratzen du, hau da fedea eta eguneroko bizitza eta tokiko kulturaren arteko konexio intimoa.
  4. c) teologia akademikoari egiten dio etengabeko kritika hau: herri pobre eta sinesdunak lehen mailara ekartzen du fedeak errealitatearekin duen zerikusia.
  5. d) fedea arrazoinak menderaezina dela baieztatzen du.
  6. e) Pobreen teologiak teologia profesional edota akademikoari hausnartoki berri bat eskaintzen dio Jesusen Jainkoa hobeki ezagutzeko eta ezagutarazteko.
  7. f) teologia zientifikoari eskaintzen dizkio galdeketa eta norabide berriak, bere metodo propioarekin aztert ditzazkeenak herri teologiari bere ekarpen bereziak eginez.
  8. g) azkenik, herri sinesdunari emaiten dio teologia akademikoari leial agertzeko aukera edo parada, hau errezebituz herri teologiaren molde bereziaren bidetik.

Eta hortan bururatzen da liburuaren bigarren partea. Ondoko aldian aipatuko dugu liburuaren hirugarren eta azken zatia, mamitsua ere: Frantzisko aita sainduaren teologiaren eta pastoraltzaren alderdi erabakigarriak.

 

                                                                                                                      Peio Ospital

                                                                                                                      2017-10-09

Mahatsaren orpotik dator mama gozoa

By , 2017/09/21 05:18

Ebiakoitz aratsaldea, mendi mazelako espaloietan (terrazetan), urrietako iguzki goxoak perekatzen ditu mahats aihenak. Bada ele, oihu eta irri. Txik eta txak, klask eta klixk, xedarra-haixturrak dantzan… Mahats-biltzeak!

“Hasi dituk ! Hasi! Ez diat nahi senditu haizturren ausiki hotza.

-Laster kaput gaituk !

Bi mahats molko dira, zukuz hantuak, bat besteari horrela mintzo.

-Nahiago nikek xori baten mokoa senditu.

-Nik azeri baten mihi leuna.

-Ez diat moztua izan nahi! Sobera maite diat iguzkiaren musua !

-Zergaitik behar gitiztek moztu ?

-Egin beharra ongi egin diaguk, fruitu joriak bete betean ekarririk, azkenean gureak egin dik! Gutaz artatu dituk eta orain ordaina behar dieguk eman.

Urrundik entzun da elizako ezkilen oiharzuna. Ilunabarreko bat-bateko ixiltasunean, hotz ikara batek hartu ditu mahats molkoak. Ilunabarrarekin, aire hotx hezea, sedena, sartu da zeiharka. Gatu bat,  ttipi-ttapa, mahats molkoeri hurbiltzen zaie, harri kozkorren artetik.

-Bisitaz heldu natzaizue… Badakit, zorigaitzez, bihar moztuko zaituztetela !

-Bihar ?

-Soto inguruetan bazterrak airean derabiltzate. Dupak eta zubanak hutsak, mahatsaren behar gorrian daude. Beren haixturrekin laster hor dituzue.

-Behauzu hortik !

-Moztu ta gero metatu, lehertu, xehatu eta zangopilatzeko… tinkatu eta orenak hartzitzen utziko zaituztete. Lurretik bildu eta iguzkiak ontu dauzuen zukua bestelakotu arte. Mama gozoa atera arte.

-Mama gozoa ? Zer derasazu ?

-Bai ! Egun mahats eta bihar arno izanen zirezte. Nola mahastizainak hazi eta artatu zaituzten berdin xehatuko zaituzte. Nola egun preziatzen zaituzten, bihar kurutzefikatuko zaituzte eta etzi goretsiko. Hori omen da biziaren deia, biziaren muina. Maitasuna ere deitzen dutena… Ukan duzuen hoberen hori, zuek ere, zuen aldian, osoki, ematen duzuenean.

Mahats ondoak maitasunaren ikara senditu du lur azpiko erro mutturretik aihen puntako hostoraino.

-Ez dakizue dena oraino, segitzen du gatuak. Zuek eman odol zuku gorria, bizpahiru ilabetez, kupeletan preso atxikiko dute. Gero edari berri hori neurrian edanez jendea bizkortuko duzue, haren bihotza kantuz alaituko, gogoan iguzkia piztuko diozue, gorputza haizea bezain arin dantzan emanen. Flakoak azkartuko eta azkarrenak ahulduko.

Hau entzutean bi molkoak mutu daude. Atseginaren atseginez pikorrak ari zaizkie iguzkitan zukuz hantzen. Gatuak aitzina:

-Festarako bozkarioaren edaria zirezte. Ikusiz mahatsetik arnora nolako moldez arrapizten, itxuraldatzen zirezten, badakigu orain maitasunak ere berdin heriotza bestelakotzen duela.

Sakristiako ate artekatik zenbat aldiz ez dut ikusi apeza aldarean arno kopa altxatzen hitz hauekin, ongi oroitzen banaiz: “… Har zazue ta edan guziek huntarik… Hau nere odolaren kalitza baita… hil eta piztearen misterioa”.  Fededunek diote jendea ere, zuek bezala, hiletarik arrapiztuko, itxuraldatuko dela zorionean. 

-Errak to? Bahakien, hik, hola arrapizteko ahala baginiala !

-To! Ni, berantesia niagok haixturrak noiz etorriko!”

 

Johanes Bordazahar

Pastorala eta erlijioa

By , 2017/09/14 09:54

Pastoral guzien ondotik agertzen dira kritikak. Gutiz gehienak bekaizkeriari zor zaizkio, gaitzeko lehia baitago Zuberoako herrien artean. Baina beste zenbait funtsezkoagoak gerta daitezke. Aurtengoa batzuek salatzen dute apezik ez duelako, ez omen aingerurik ere, eta gainera kardinal bat gorrien artean dabilelako. Bizkitartean aingeruak baditu, baina hegalik gabekoak dira, eta publikoa ez dute benedikatzen.

Oroitarazten dut René Cassin pastoralean jadanik, 2013an Sohüta / Sorhoetan, aingeruak hegalik gabe zebiltzala, ez zutela publikoa benedikatzen, eta apez benedikatzailerik ez zela, nahiz istorioan apez pare bat ekintzaile zebilen, lehena guduka baten ondotik hil eta kolpatuen zerbitzuko, bigarrena – Piarres Charritton zena – René Cassinen bisitari Parisen euskal presoneren alde. Idazlea izanki, hautu laiko hori egin nuen René Cassinen errespetuz, judua baitzen eta ez giristino / kiristi / kristaua. Nekork ez zidan deus erran.

Eta Jainkoak baimentzen badit bizia luzatuz, halaber eginen dut 2020 urtean Abd el-Kader pastoralean, heroia musulman izanez. Erlijio horrek ere aingeruak baditu, gureak eta juduenak bezala, baina bistan da ez dutela kurutzearen seinalerik egiten. Apezik ez da ikusiko, istorioak ez baitu horren presentziarik behartzen.

Altzai eta Lakarrikoari egin zaion jorraldira itzuliz, kardinala ez dute gorrien lerroan ezarri antiklerikalismo hutsez, bainan istorioak hola manatzen duelakoz. Eiki Cisneros kardinala, Castilla / Gaztelako lehen ministro bortitza, lazgarri gogorki ari izan zen Nafarroa konkistatu berriaren aurka, jendea hertsatuz, etxe, gaztelu, jauregiak deseginez, hala nola Frantses Xabier saindugaiaren sortetxeari dorreak moztuz. Beraz hartze zuen konpainian agertu da, zapaltzaileen artean, Cauchon apezpiku ongi deituak Jeanne d’Arc pastoralean agertu behar lukeen bezala, neska hori sura kondenatu baitzuen.

Gauza bat segura : jendartea laikotuz doan bezala, pastorala ber bidetik dabila. Erlijioak gero eta leku gutiago du hor. Usaian bizpahiru lekutan agertzen da, funtsean oraiko jende anitzen bizitzan bezala : bataioan – istorioa  sortzetik hasten delarik – , ezkontzan, non ez den laikoa René Cassinen kasuan bezala, eta heriotzan, denek hortik pasatu behar baitugu…René Cassinen erlijioa memento latz horretan agertzen da, Dekalogoa giza eskubideen alde lege unibertsalean oraikotu eta finkatu zuela oroitaraziz. Joanikot pastorala ordea, osoki laikoa da, ordu hartako jendartea ez bezala : hautu horren arrazoia idazleak berak badakike…

Kritika bat egitekotan, hauxe litzateke nirea, baina libreteko hiztegi berezi bati zuzendua : « kiristi » eta « türk » deituren anakronismoaz ari naiz. Garai batekoak dira, otoman inperioak Europa kristaua mehatxatzen zuen denborakoa. Orain Türkiak beste lanik badu, gu aldiz gutiz gehienak paganotuak gara. Beraz « onak » eta « gaiztoak » aipa ? Iruzkin eta komentarioetan paso, baina kategoriatzat sagaratzeko ez ote dira moralistegiak ? Ene ustez bai. Beraz modu neutralago batean « gorriak » eta « urdinak » deitzea hauta nezake, haatik oraiko alderdi politikoen margoekin nahasi gabe.

Holaz Abd el-Kader jalgi daiteke baikorki, ez « kiristien bortatik », bainan « ate urdinetik ». Gu ordea ezkorki « gorrien » aldetik, eskuin muturreko politika baten zerbitzura behartuak izan baiginen. Aljeriako bigarren gerlan, gisa horretan soldadu izana bainaiz beste gazte ohi franko bezala, hor dago zoritxarrez ene lekua. Holakoa da Historia, beraz araberan istorioa, urrikigabea. Esperantza batekin halere, trajeriaren eginbideetan baitago aterabide baikor baten eskaintzea : erlijioen, kulturen, zibilizazioen arteko gerla baztertuko dugula borondate oneko jende guziek elkarrekin, « Celui qui croyait au ciel et celui qui n’y croyait pas » eskuz-esku, Louis Aragon poetak 1940 hamarkadan profetizatu zuen bezala. Haatik ez ahantz zeruan sinesten dugunak ere hor gaudela, eta ez garela isiltzekotan.

Jean-Louis Davant

« Jainkoa, bizia, jendea »  saileko.     

Herriaren teologia 2017-08-07

By , 2017/08/10 12:32

Nere aldi huntako solasa izanen da Juan Carlos SCANNONE jesuita argentinarrak joanden apirilean argitaratu liburuaz berri emaitea. Liburuaren izenburua da “Herriaren teologia”, eta azpi-izenburua “Frantses aita sainduaren erro teologikoak” (“La théologie du peuple – Racines théologiques du pape François” – Ed. Lessius).

Juan Carlos Scannone filosofoa eta teologoa da, hispaniar eta anglosaxoi jendartean guziz ezaguna, Frantses aita sainduaren aspaldiko adiskidea. Gaitzeko obraren idazlea da. Frantsesez argitaratzen den lehen liburua da hau. Itzultzailea eta sar-hitzgilea da Francis Guibal filosofoa.

“Frantses Aita Sainduaren erro (edo sustrai) teologikoak” azaleratzean, ikerketa hunek adierazten du nundik datorren izpiritualki berdin intelektualki aita saindua: bere izan-molde eta lagunartekotasun propioaz bultzatzen duen “topaketaren kultura” aldien ezaugarri gisa irakur daiteke. Presuna orori eta herri guzieri mintzo da aita saindu hau: Izpiritua lanean da kultura desberdinetan, aldi berean unibertsaltasun partekatuaren dinamikan sartzera gomitatuz. Eta hori da hain xuxen zinezko teologia ororen xede azkena. Latindar Amerikako pobreen herri izpiritualtasuna probokatzailea ere izan daiteke modernitatearen “buru argituentzat”, hauek beren segurtamenen aiseriatik ateratzera gomitatuz eta etorkizunari elgarrekin buru egiteko bide berriak asmatzera deituz, beti testuinguru berezi batetik abiatuz eta hunen barnean kokatuz.

Hiru zati nagusi ditu liburuak: lehen zatia da hurbilketa historikoa, bigarren zatian aztertzen da herri teologiaren alderdi inkulturatua, eta hirugarren zatian agerian ezartzen dira aita sainduaren teologiaren eta pastoraltzaren alderdi erabakigarriak.

Aldi huntan lehen zatiaz ariko gira, gainez-gain. Argentinan, herri teologiaren bultzatzaile nagusienak bi dira: Lucio Gera eta Rafael Tello, eragin handia izan dutenak Bergogliok Buenos Aires-eko “txabola auzoetan” (bidonvilles) artzapezpiku zenean bideratu zuen herri pastoraltzan, behartsuen alderako lehentsasunezko maitasuna oinarritzat hartuz. Gera zendu zenean, 2012an, Bergogliok Buenos Aires-eko katedralean ehorztarazi zuen Batikanoko II. Kontzilioaren eta Medellin (1968) eta Pueblako (1979) latindar-amerikar Apezpiku Konferentzien aditu gisa ezagutuz. Eta urte berean Tello-ren dizipulu batek (P. Enrique Bianchi) bere “maisu” edo “erakasleaz” argitaratu liburua Bergogliok berak aurkeztu zuen.

Hasteko, ezinbestekoa da teologo hauen hiztegian hitzek duten erran-nahiaz ongi jabetzea. Hala nola “herria”. Herria bi zentzutara ulertu daiteke: herri-nazioa edo langile klaseak. “Argentinar eskola” lehen erran-nahiaz ari da: herria ulertu behar da ez lurralde edota klase sozial batetik abiatuz, baina bai kultura baten batasun anitzatik abiatuz, historia amankomun batean errotua,  ondasun amankomun partekatu bat bideratzeko xedearekin. Latindar Amerikari aplikatuz, pobreak dira beraien herriaren kultura propioaren zaintzaleak, beraien bizikidetza moldearen eragileak, guzien onerako izango den justizi eta bakezko proiektu historiko bat bultzatzen dute.

Herri pastoraltzaren teologiak ez ditu niholaz ere gutiesten gizarte gatazkak, baina “herria” ulertzerakoan batasuna du lehenesten. Abiapundua herriaren aintzinetikako batasuna da. Ondorioz, instituzio edota egitura injustizia herriari buruzko traizio bihurtzen da,  eta zapaltzailea da anti-herria. Herriaren erlijionea beraz, ebanjelizatze bide izaiteaz gain, giza askapenerako ahalbidea ere bada.

Askapen teologia orok bezala, argentinar joairak “ohartu – hausnartu – obratu” metodoa erabiltzen du, eta giza ala gizarte zientzien ekarpenak baliatzen ditu. Kondutan hartzen du ere jendarte zibilaren jazoera, merkatu ala Estadoaren ez-menekoa. Solidaritate edo elkartasun politikoa antolatzen da. Sareak sortzen eta indartzen dira. Justizia, bizitza, lana, kreazionearen errespetua, impunitate-eza… herri baten balore propioak dira, bainan ere “unibertsalgarriak”. Osagai modernoak gehitzen dira: laikoen erantzunkizun zabalagoa, bitarkekaritza eraginkorren bilaketa, Jainkoaren Hitz idatziaren herri interpretazioa, eliz-agintaritza molde partalierkorragoak… Osagai post-modernoak ere xertatzen dira: emazteen partehartze handiagoa, sare antolakuntza ez-piramidala, bizikizun ala lekukotasun pertsonalaren garrantzia… Eta hau guzia Jainkoaren Hitzaren argiaz argituz.

Gera-k (“herritik abiaturiko teologia” aipatzen du berak) argi esplikatzen du Elizaren pastoraltza ez dela soilik norbanakoeri zuzendua izan behar, baina bai herrieri ere: kulturak dira ebanjelizatu beharrak, berhatsueri (abandonatueneri) lehentasuna emanez. Ebanjelioa haragitu beharra dago, alderdi erlijioso eta kulturala kondutan hartuz, bainan ere soziala, politikoa, ekonomikoa…

Frantses aita sainduarentzat, horrek zinezko pastoral bihozberritzea (konbertsioa) eskatzen du. “Ebanjelizatzea” ez ditaike mugatu lehen iragarpenera. Epez kanpoko egiturekin akabatu behar da. Ebanjelizatzearen eta jende-garapen, justizi eta askapenaren arteko batasun dinamiko bat bideratu beharra dago Jainkoaren Erreinua gauzatzeko oraidanik lur huntan, nahiz eta behin betikoa ez izan oraino.

Irakurketa hunekin segituko dugu ondoko aldietan.

 

                                                                                                                                 Peio Ospital

                                                                                                                                 2017-08-07

 

 

San Fermin eta Her. 17/07/27

By , 2017/08/02 06:58

Ez dakit ikusi duzun, irakurle, Spike Jonz-en Her deitu filma, ederra bezain harrigarria. Depresioan den gizon batekin hasten da; amodio istorio amaitu batetik ezin ateratuz ari da. Proposatzen diote lagun bat. Informatikaz sortu boz baten konpainia. Sendimendu eta humorez betea den emazte batena. Bere “burua” hazten ahal duen programa da, “bizitzen” dituen egoera eta esperientzietan oinarrituz beti ikasten ari dena. Fikzio bat beraz. Etorkizunean errealitate bihurtuko dena?

Berrikitan amaitu San Ferminak bai ta ere Euskaltzaleen biltzarrarekin Iruñeara egin bixita gogoan (Artetik errateko, Cisneros kardinala, Iruñeako dorre eliza lurrera botatzea agindu zuena, bere Jainkoaren manuz ari ote zen, gaur egun bertze batzu ari diren bezala?) huna errealitate birtualaz gogoetatzeko gaia.

San Fermin, giristino festazaleen artean gehien ezagutua den saindu hori ere, garai batean asmatu “programa” bat omen da, ikerketak egin dituztenek diotenez. Ikus zer aurkitzen den sanfermin.com webgunean.

Iruñeko gobernadore erromatarraren semea zen San Fermin. Apez frantses batek, San Saturninok, -goitizenez San Zernin- Iruñeara bixitan etorri zen batean kaskoa berotu zion… Joan zen ba Toulouse aldera master bat egitera apezpikutzan, …etorri zen herrira bueltan eta dida batean apezpikutza lortu… laster aspertu zen Euskal Herri langilea bere siniskerietatik libratzeaz, Frantziara itzuli, produktua milaka kristauri saldu eta Amiens-en laketu zuen. Liskarzalea, gizona: agintariekin muturka ibiltzen zen eta azkenerako fin txarra egin: torturatua eta lepo eginda… Haren gorputza Amiensen dago, baina puska asko dauzka munduan barreiatuak (erlikiak). Iruñean bertan hiru ditugu… Xehetasun bat: erromatar kontu hauek guztiak seguraski kondaira hutsa dira….San Ferminen legenda IX. mende aldera sortu zen Frantziako Amiens herrian… iritsiko zen Iruñera, XII. mendean, hortik aurrera ehundaka iruindarrentzat deboziozko santu bihurtu zela.

… Roldan Jimenok… egin duen tesi batean, 1970. urtean, Nafarroako hiriburuko hainbat historiagilek eta Amienseko arkeologok aparteko ikerketa lanetan atera zituzten ondorioak berretsi ditu: San Ferminen historiak ez duela inolako oinarri historikorik

Amienseko… 1264. urteko “Urrezko legendak” dio …Iruñera itzuli zen ebanjelizatzera. Hemen izan zen 31 urtera arte eta ondoren Galietara joan zen. Hasieran Agen-en izan zen, geroago, Beauvais eskualdean eta azkenik, Amiensera iritsi zen… berrogei egunetan hiru mila lagun baino gehiago kristautu zituen. Badirudi agintari erromatarrei ez zitzaiela gustatu inolaz ere eta, detenitu eta kartzelan sartu ondoren, isilpean lepoa moztu ziotela irailaren 25ean (gaur egun haren martirioa ospatzen den eguna)

Roldan Jimeno historiagileak kontatzen digun bezala, garai hartan “hiria kristautu behar zuen santua hautatzerakoan oso ohikoa izaten zen pertsonaia atzerritara aukeratzea, hiriari halako kutsu exotiko eta garrantzitsua eman nahian. Amiensen Fermin hautatu zuten era berean baskoia eta erromatarra zelako eta nahiko bitxia iruditu zitzaielako. Handik aurrera, belaunaldiz belaunaldi ekarpen berriekin denboran aldatuz joan den istorioa asmatu zuten”.

Legenda XII. mende aldera iritsi zen Iruñera, Iruñeko Pedro de París artzapezpikuak legendaren berri izan eta Iruñeko katedralaren altarean berak ekarritako erlikia jarri zenean. Denboraz Nafarroa osoan hedatu zen harenganako gurtzea. Iruñeko biztanleentzat oso bitxia izan zen…Frantziako historiaren parte bat aldatu zuten, Nafarroako hiriburuaren ebanjelizazioa I. mendera aurreratuz, eta Amienseko legendarekin bat ez datorren datua emanez, zeren hark III. mendean kokatzen baitu…istorioa gero eta apainduagoa zen… bi istorioak liburu batean bateratzea erabaki zuten.

Asmaketa hutsa izanikan ere, hanbat eta hanbat jendeek, mendeetan zehar, otoiztu eta eskertu dute San Fermin, hari esker ardietsi grazi errealengatik.

Hari beretik doaz, Vicu korzikar iriko festibalean entzun ditugun solasak; aurkezleak zion: Toki hauetan (elizetan), gure arbasoek hain ederki eraiki toki hauetan, uhin baikor eta eraginkorrak dauzkatenak, mendeetan zehar bizi emozioz emokatuak diren toki hautetan, elgarrekin partekatzen ditugun musika eta boz eder horiek sortu sendimenduek, hazten eta handitzen gaituzte…

Gure sentsu fisikoek sumatzen duten errealitatetik harat, jendeak asmatua edo ez, baditake beraz zerbeit, denen altxagarri

Mandio

Jesusen irria 2017/08/03

By , 2017/08/02 06:30

 

Bat baino gehiagotan Jesus negarrez eta durduzaturik agertzen da. Dizipuluak biziki hunkiturik naski, Ebanjelioetan faltarik gabe ekarri zuten gertakaria. Hala nola Lazaroren piztea kontatzean Joani ebanjelariak hauxe dion: “Jesusek nigar egin zuen” (Joani 11,35). Halaber Getzemanin arrastatu zuten gau hartan, Matiuk idazten du “…erran zioten (dizipulueri): «Atsegabez hilzorian naiz…»” (Matiu 26,37). Eta nola ez aipa gurutzean, denek utzirik, azkenetan, heriotzeko hersturan oihukatu zituen hitzak: Ene Jainkoa, ene Jainkoa, zergatik utzi nauzu?” (Matiu 27,46). Horrek egiten du Jesus gure izatez hain hurbil eta hersturetan lagungarri. Ageri den bezala, Ebanjelioko Jainkoa ez da izaki indartsu ikaragarri hura, zerutik odei eta ximixten artean xuxen jautsia munduko errege guziak erraz gora botatzera: hots, gutaz arrotz, gutaz beste…

Zer pentsa? Oinaze eta sufrikario bila arizan zela Jesus? “Jesus ez zen izan suizida bat, ez zen ibili martiritzaren bila. Ez zuen sekula sufrimendua opa izan, ez beretzat, ez beste inorentzat”(1) erraiten dauku argi eta garbi Jose Antonio Pagola teologoak.

 

Negarrez eta durduzaturik agertzen bada Jesus Ebanjelioetan, ez da sekula ikusten irriz… Nafarroa Garaiko Xabierko gazteluan, Frantses Xabier Sainduaren sortetxean, kapera antzeko gela ttipi batean bada gurutze handi bat, eta Jesus gurutzean dago, usaiazko aurpegi goibela izateko partez irria begietan (ikus argazkia). Turista multzoak, harresien, margoen, kanoien, dorreen aitzinean nagiki pasatzen badira bisitan, gurutzearen aitzinean metatzen dira balditurik. Badira hor Espainolak eta Frantsesak, beren elizetako gurutzetan Jesus odola dariola ikusten ohituak. Badira hor Jesusez sekula entzun ez dutenak, harri ederren begiestera etorriak eta gizon hori ikustean irriz, gizakiak inoiz asmatu ez duen tortura basatienaren pean, argazki egiten hasten dira, harriturik. Badira ere hor fededunak otoitzean belauniko erortzen direnak, Jesusen aurpegi amultsuak txunditurik.

 

Jesus irriz gurutzean? Ebanjelio apokrifo batean (Elizak onartu ez duena) irakurtzen da: “…Bi gaizkile ekarri zituzten eta bien artean gurutzefikatu zuten Jauna. Eta hura isilik zegoen, sufritzen ez balu bezala…”(2). Aurkitzen dugu hor lehen mendetako heresia baten kutsadura. Heresia horrek aldarrikatzen zuen, Joaniren Ebanjelioa hitzez hitz hartuz, Hitza haragi bihurtu zela, bai, baina ez gizon, eta ez zuela guk bezala sufritzen, konparazione. Baina Jesusek ez zuena dizipulueri aitzinetik bat baino gehiagotan iragarri: “Orduan, irakasten hasi zitzaioten, Gizonaren Semeak ainitz sofritu behar zuela.” (Mark 8,31)?

 

Benoit XVI. Aita Sainduari utz dezagun azken hitza. 2008an Lurdesera etorri zenean, Mariak Bernadetti egin irriak laudatu zituen. Xabier gazteluko Jesusen gain eman ditzagun Aita Sainduak Mariari buruz orduan erranak: “Mariak lehenik irri egin zion (Bernadetti), ate egokiena balitz bezala bere misterioan sartzeko…”.(3)

David Acheriteguy

 

(1) Jesusen Berri Ona (A urtea) – Jose Antonio Pagola (Lazkaoko PAX argitaletxea), 2016, 70. orr.

(2) matavel.wifeo.com/documents/Evangile-de-Pierre.pdf

(3) saintjosephduweb.com/Le-sourire-de-la-Vierge-Marie-a-Lourdes-Benoit-XVI-et-Saint-Jean-Paul-II_a473.html

Hiru maisu handiak 2017/07/20

By , 2017/07/18 15:42

Hiru maisu handiak

Hendaiako Abbadiako Jauna (Antoine d’Abbadie d’Arrast-euskaldunen aita delakoa) adinean han harat joana zelarik, adiskide batek galdatu zion nor izan zuen maisurik handiena.

Erantzun zion maisu ainitz ukan zituela, zerrenda luze baten egitea alferrezkoa zitzaiola. Bainan gehitu zuen :

“Halere  baditut hiru maisu nehoiz ahantzi ez ditutanak.

Lehena xakur bat zen. Bidean, Bidasoa ibai bazterretik oinez nindoan batez, nire aintzinetik xakur bat bazabilan, xakur erratua, alderraia, hain segur konpañia zenbaiten eske… Edan beharrez xakurra urera hurbildu zenean bat batean saingaka, beldurrak harturik, niri buruz tarrapatan itzuli zitzaidan. Etzen deus ibaian. Bere burua ikusi zukeen ur axalean, ustez eta beste xakur bat zen.

Baina hain zen egarri nun, beldurra gaindituz, berriz urera itzulirik,

Salto egin baitzuen, amorru biziz, etsaia garaitzeko. Bistan da ukaldian berean etsaia desagertu zitzaiola. Ulertu nuen xakurrarena. Zenbat aldiz ez ninduen beldurrak gibelerazi ? Irakatsi zautan guhauren beldurrak dauzkigula jendeak eta gauzak diren baino beldurgarriagoak egiten. Hor ikasi nuen bizian beldurraren gainetik menturatu behar nintzela…

Bigarrena basa-ihiztaria zen. Etiopian. Egun batez basamortuko mendietan, galdu nintzen, leher egina eta sukar tzar batek  ahuldua. Ke usain bat segituz, heldu nintzen artzain baten etxolara. Aterbetu ninduen eta bere ohantzea utzi zautan. Goizero bizpahiru orenez, etxola utzirik, ihizira joaten zen, jateko zerbaiten bila. Adar-tuta luze bat uzten zautan, zerbait gerta baledi deitzeko. Eguerdi irian itzultzen zen, eskuak hutsik. “Bihar goizean, Jainkoak nahi badu zerbait hatxemanen dut.”  Biharamunean bezperan bezala itzultzen zen. Hamar-dotzena bat egunez, etsitu gabe, errepika bera entzun nion “… Bihar Jainkoak nahi badu…” Ainitz aldiz artzainaz orroitu naiz, amor emaitekotan nindagolarik orroituz : « Bihar, Jainkoak nahi badu, berriz … »

Mutil koxkor batez oroitzen naiz ere. Ikusten nuen mutikoa goizero elizara joaten. Urruñan izan behar zen, untsa oroitzen banaiz. Elizan sartzean pizten zuen kandela. Familiako norbaitentzat otoitz gisa pizten zukeen. Halako batez hurbildu nintzaion trufa arraillant batekin, gogoa nahasi nahiz  :

  • Hihaurek piztu duk kandela ?
  • Bai, jauna, nihaurek.
  • Beraz erraiten ahal dautak nundik hartu dukan argi hori ?
  • Zer ?
  • Erradak hire argi hori nundik jin zaukan !

Mutikoa irriz hasi zen. Ufako batez sua itzali eta galde egin zautan :

  • Jauna ! Argia joan da! Erraiten ahal dautazu norat eskapatu  den?

Mokoa net hetsiz zautan. Nire lekuan ezarri ninduen! Ni,  jakintsuna, ustez eta hura baino gehiago nintzen.

Egia erraiteko, bizia bera izan zait maisu nagusien. Bizia den bezala. Bere ttipikeri eta handitasun guziekin.  Gertatu zaizkitan guziak,  onak eta txarrak, xantza bat bezala hartu ditut.  Unean unekoari ahal bezain ongi etorri ona eginez.”
Johanes Bordazahar

Eliza katolikoa Afrikan 17/07/13

By , 2017/07/11 12:18

Aita Sainduaren bulegoak plazaratzen duen “Estatistika Urtekaria 2017” dokumentuak elementu guziz interesgarriak erakusten ditu Eliza Katolikoaren osasunaz mundu zabalean. Afrikako kontinentearen zifreei begiratuz ezinbestekoa da aitortzea Eliza goiti ari dela Afrikan. Zifra batek erakusten du argiki gorakada: 2010ean Afrikako giristinoek Eliza Katoliko orotarikoaren %15,6a osatzen zuten. Bost urte berantago kopurua %17,3tara hupatu da, Elizatiarren kopuru orokorra bera emendatu delarik epe horretan.

 

Osasun onaren zenbakiak

2010ean jada biziki zifra ona, 186 milioi afrikar baziren bataiatuak, Afrikako biztanleen %17,8a. Bost urte berantago kristauak 222,2 milioi zenbatuak dira, Afrikarren %19,4a. Hots, tanto bat eta erdiko emendioa bost urtetan. Epe berean Afrikako diozesetan apeztuak 25.434etik 30.538tara hupatu dira, bost mila gehiago bost urtez. Emendio horrek esplika dezake Ipar Euskal Herrirat ere gero ta gehiago apez beltz datorkigula. Hara hasteko, 2010ean 1.400 apez beltz bazirela Frantzian Afrikatik Europa mendebal honetara misionest etorriak. Ekainaren 15eko HERRIAn ikasi dugu Suhuskune, Irisarri, Ortzaize, Arrosa eta Bidarraik erretor beltza dutela: Gracia Dieudonné Ndongala Madiadia. Hauxe ez baldin bada ere euskaraz profeta bezala ari, gai da meza emaiteko euskara ozenki ahozkatuz. Jondoni Jakobe-Ortzaizeko parropiantek ez dute saltzekoa.

 

Emendio horren arrazoinak

Lehenbiziko arrazoina, Afrikako kontinenteak 1.216.130.000 dituela aurten 54 estatutan banatuak (2016ko kondaketa). Adituen arabera jendetza hori 2,5 aldiz biderka daiteke hemendik eta 2050 urtera. Hori geroari begira, baina 2010–2015 aldiari begiratuz, Afrikar kopurua %9,6an emendatu delarik katolikoen kopurua %19,5ean hupatu da. Hots, jendea bera baino bi aldiz gehiago emendatu da kristaua Afrikan. Bistakoa da Afrikar gazteria tirriatzen duela kristautasunak. Philippe Hugon IRIS erakundeko ikerlearen ustez, ez da dudarik katoliko erligioak tirriatzen dituela gazteak apezterat, iduritzen baitzaie estatutu sozial bat hobea ezagutuko diela jendarteak, lehenago Frantzian erreintentzat gertatzen zen bezalatsu. Egia da Afrikan hiru bataiorentzat bat adin heldukoek galdatzen dutela. Munduan beste inon ez da hainbeste helduen bataio galderik.

 

Desberdintasunak guneka

Sahara basamortuaren pekaldean da kristautasuna handizki hedatzen ari. Kristau gune markatuak hauek dira: Burundi, 11 milioi biztanle, katolikoak %61; Angola, 28 milioi biztanle, erdiak katolikoak; Kongoko Errepublika Demokratikoa, 85 milioi biztanle, erdiak pasa katolikoak. Haatik beste estatu gehienetan erligio musulmana da lehen tokian, guziz Saharaz goiko aldeetan. Berdintsu da hizkuntza publikoki erabiliena frantsesa den tokietan. Hala nola Malin %90 musulmanak dira, eta Senegalen %95. Marfil Kostan (Boli Kostan) da parekotasun handia oraino: musulmanak %40, kristauak %34, hauetan erdiak katolikoak.

 

Desberdintasunak kristauen artean

Denak kristauak dira, denek “kredo” edo “sinesten dut” berdina aitortzen dute baina anitz familia desberdinetan emanak dira. Hala nola Ingalaterra aldetik eta hego Amerikatik abiatu kristau mugimendu berriek arrakasta handia dute Afrikan. Pentekotistek eta Ebanjelistek %14a gainditzen dute, katolikoen %17,3a serioski hurbiltzen dute. Bernard Ugeux aita xuriaren ustez iduri luke beharrune ekonomiko latzean bizi direnak hurbiltzen zaizkiela, katolikoei baino aiseago eta fiteago. Haatik ekonomia sanotuz doan heinean hedatzen ari den klase mediako gazteriak ere gogokoago lituzke. Protestante karismatikoek azkarki balioztatzen baitute norbera jendartean hupatzea, ekonomikoki bezala psikologikoki ere.

 

Etiopia eta Eritreako Jainkozaleak

Etiopian, 99 milioi biztanle, eta Eritrean, 5,8 milioi biztanle, egoera arras desberdina bizitzen dute. Azken estatu honetan duela 1700 urte finkatu sinesten dutenaren elementu pare bat ez zuten onartu, eta oraingo jainkozalek bide beretik segitzen dute. Etiopian 1054 urtean Elizatik banatu ziren Ortodoxoen joerak segitzen du.

 

Afrikaren lekua Elizako egituretan

Afrikako kontinenteak 15 kardinal ditu gaur egun, horietan sei Frantses Aita Sainduak izendatuak. Heldu da mundu osoko kardinaletan %6,8, oixtion genioen bezala katolikoak %17,3 direlarik. Beraz eskasia apur bat baina denborarekin arteka ezeztatuko da segur, Elizako buruzagiek Afrikako katolikoen gaztetasunari merezi duen ezagupena aitortuko baitiote.

 

Mattin Larzabal

Genero teoria edo ezkontzaren kontrako gerla mundiala

By , 2017/07/09 07:10

“Genero teoria” edo ezkontzaren kontrako gerla mundiala (lehen partea)

Gure ilobak baditu jadanik zazpi urte eginak. Arrats batez, eskolatik landa, bere jostailuak bazterturik, horra non ez daukun bat-batean arrunt naturalki adierazten:

— Eskolako Peio nexka bihurtu da!

Harritu gira denak… Nondik dituzte ideia horiek? Peio, bere eskolako laguna, nexka bihurtu! “Jesus Maria!” erran du amatxik, “eta Diu biban!” gaineratu aitatxik… Erdiz-erdi gurean hunkiak, Frantses Aita Sainduaren hitzak jin zaizkigu orduan gogora. Entzun dezagun Aita Saindua:

Frantziako aita katoliko batek kontatu dit bere hamar urteko muttikoari galdegin ziola:

Eta zuk, zer izan nahi duzu handitu eta?

Nexka!… erantzun zion haurrak.

Aita konturatu zen eskolako liburuetan “genero teoria” irakatsia zela. Hori naturaren kontra doa. Gauza bat da pertsona bat hortara ekarria izatea eta sexuz aldatzea ere, beste gauza bat da eskoletan mentalitateen aldatzeko irakastea. Hori “kolonizatze ideologikoa” deitzen dut. Kritikatzen dutana da “genero teoriaz” doktrina bat egitea.”(1)

Aita Sainduak hain gogorki salatzen dituen ideia horiek ez dira gaurkoak. Goazen denboran gibelera, gertaera latz baten aipatzera(2). 1965. urtean, Bruce eta Brian Reimer bikiak sortu ziren Manitoban. Brucen zakil-muturraren ebakuntza gaizki pasaturik, haur gizagaixoak zakila galdu zuen zortzi hilabetetan. Aita-amak John Money mediku baten ikustera joan ziren. Zorigaitzez!… Mediku horrek gogor sinesten zuen hezkuntzak baizik egiten duela sexual izaera, sexu biologikoa edozein izanik. Bere ideien frogatzeko, Bruce dohakabeaz baliatu zen. Barrabilak kenarazirik eta hormonaz hanturik, Brenda izena emanik, nexka bezala hezarazi zuen haurra. Lehen urtetan gauzak ezin hobeki iragan ziren baina hamabost urtetan, Brendak berriz mutikotu nahi izan zuen eta David hartu zuen izena. Bere arazo psikologikoak ezin gaindituz, azkenean 2004. urtean bere buruaz beste egin zuen.

Munduan gero eta gehiago hedatzen ari den “genero teoriaren” arabera, gizakiaren nortasun sexuala ez da bere sexu biologikoaz dependitzen, baina bakoitza zertara isuria sentitzen denaz baizik, norberak hauta lezakeena, “generoa” deitzen dena. “Generoa” izaten ahal da heterosexual maskulinoa edo femeninoa, homosexual maskulinoa edo femeninoa, bisexuala, transexuala, neutroa, etab… “Gizon eta emazte kreatu zituen…” (Hasiera 5,2) idatzia da Biblian, baina “genero teoriak” baztertzen du gizakiaren errealitate biologiko hori jendearen sexual izaeran.

Lehengo Grezian, orduko Platon filosofiaren “Oturuntza” liburuan irakurtzen ahal den bezala, “androgino” mitoan sinesten zuten: hastapeneko gizakia gizon-emazte zen dena batean, buru bat baizik zeukan baina bi aurpegi, lau beso, eta lau zango elkarri lotuak, alde batetik arra, bestaldetik emea. Gizaki hori biziki ahaltsua eta kuraiosa baitzen (jainkoeri jazartzen zitzaion), Zeus jainkoak erdibitu zuen, ahultzearren, erdi bat gaurko gizona eta beste erdia gaurko emaztea eginez. Antzeko zerbait litzateke “genero teoriaren” gizakia? Ez… Ideologia horrek alderantziz, gizakia “neutroa” dela dio sortzean, ukatzen du naturak edozein ondorio ukaitea bakoitzaren sexual izaeran. Sexu biologikoak ez du begien edo ileen kolorea baino inportantzia handiagorik. Gizakiak gira, gizon ala emazte izan aitzin. Emeki-emeki “sexu” hitza baztertzen du, “genero” hitza ordain ezarriz, norberak nahi duen bezala hautatzen ahal duena(3).

(segituko du…)

David Acheriteguy

(1) https://www.youtube.com/watch?v=dzrWWTKdeJg

(2) https://fr.wikipedia.org/wiki/David_Reimer

(3) L’idéologie du “gender” – Père Joseph-Marie Verlinde (Le Livre Ouvert – 2012)

Fedeola : gogoa baikor !

By , 2017/07/09 06:57

Eskerrak lehenik euskarari, hots gure arbasoei, hain ongi markaturik gure hitzetan buru muinen ibilera ; Lagaranderie-ren « gestion mentale » metodoa ikasten hasi nintzelarik harriturik gelditu nintzen ikustean  harek aipatu egin moldeak zoin argi eta garbi azaltzen diren euskaran : gogoan eman, gogoan hartu, gogoan atxiki, gogoan ibili, gogoratu, gogoz ikasi, « nun den gogoa han lan egiten », « entzuten du bai,  berea gogoan haatik… ». Kasik dena erraten dute hitz horiek berek, mentala edo gogoa kudeatzez…

Fedeola da aipagai artikulu huntan. Jadanik hemen berean azaldua izana da bere funtsa: bildu modu numerikoan euskal fededunek sortu obra ederrak (kantu, idazki, marrazki eta abar) eta artisten baimenarekin altxor horiek interneten “zintzilikatu”. Badakikezue, eman dezagun, katixima egile batek anitz gauza aurkitzen duela sarean… frantsesez. Euskaraz kasik fitxik . Musikariek, haatik, aurki ditzakete Aupa Jainkoa saileko musika eta partiturak, E.K.E.ren gunean. Eskerrak Jo Maris-i.

Fedeolak hautatu duen lema hauxe da “Gogoa baikor”. Badu zinez gauzak alde onetik hartzeko gogoa eta beharrietarat heldu zaizkion oihartzunek gogo barnea pizten diote.

Aintzinagoko igandean parte hartu dugu Azkaingo Larrun Kantarekin Aldudeko meza nagusian. Loriatu gare hango apezaren entzuten. Euskal gizarteak sortzen dituen gizon nortasun handiko horietarik da. Adin handian izanikan ere, bere hitz sarkor eta zentzuzkoak  ozenki eta kalipurekin entzunarazi zituen. Fede kartsurekin. Elizatik kanpo, zer plaza gizona! Aldi berean, jendeari, bakotxari, hain hurbil delarik. Naturalki heldu zaion hitza euskaraz duela. Bozkarioa sortzen duen monumentu bat.

Gogoa baikor ezartzen duten bertze momentu batzu bizi izan ditugu Alduden. Mikel Erramouspe-rekin hitz egiteko parada izan dugu. “Ea zer zion ba Fedeolaren asmoez, Xalbatekin-eta sortu zituzten kantu ederrak ezartzen ahal ote genituzkeen sarean, denen eskuragarri? Baietz ba, dudarik gabe!” Bertzalde bazkari denboran Graxi Solorzanorekin mintzatu ginen eta hunek ere, eskuzabaleko baietz handi bat eman zuen.

“Segi sortzen artistak, gu, langile xumeak, ariko gare biltzen, ados baldin bazarete.”

Fedea eta kultura taldekoek itxaropen handiz betea dute bihotza (frantsesez?) edo gogoa: bertze euskal girixtino dokumentuen sortzaile eta eragileek ere, begi onez ikusiko dutelakoan fedeola xedean abiatu lan ikaragarria, eta, menturaz, lagunduko ….

Ikus mementoan pentsatuak diren sailak, fedeola.eus helbidean. Jadanik lan frango ibilia dugu, oren parrasta bat iragana ere, bainan, uzta ezerezetik hurbil da oraino… Zerbeit dakienak webmaster lanaz aise ulertuko du. Bertzeek irakur lehen orrialdean ezarri duguna.

 

Alduden bizi izan duguna arraroa geldituko da gure gogo bihotzetan. Guk, zaharrek, gure bidea segituko dugu lasai eta baikor. Plazerrez gainera. Bainan, badugu eginbide bat. Gure lekukotasun sendoak ez baldin badu eragin handirik ere (mementoan), transmisioa segurtatu behar dugu. Bilketa handi bat egin eta ondoko belaunaldi baten eskutan eman dena. Segur da, heldu diren gazteek ezpada, ondokoek bederen baliatuko dutela.

“Eskutan eman” diodalarik, ez da metafora bat: telefono mugikor edo smartfon baten bitartez, non nahi, entzun ikus eta irakurgai bihur litezke, euskal altxor horiek denak.

Bihotz zabaleko lan luze eta handia…

Panorama Theme by Themocracy

Tresna-barrara saltatu